MIKEL Ayllonentzat garrantzitsua da an-tzerkiaren testigantza uztea, lekukotza. Horregatik, Hau ez da gerra bat liburuan gerrari buruzko hiru obra (Bunker, Hau ez da gerra bat eta Hau gerra bat da) bildu ditu, hirurak independenteak, baina obra bakarra izango balitz bezala irakur daitekeena. Hasi zen momentuan, jendeak ez zuen gerrari buruz irakurri nahi, eta horregatik prozesu bat hasi zuen non publikoari gerraren kontakizuna hurbiltzea helburu bihurtu zen. Susa argitaletxeak eta EHAZE elkarteak antzerki-testuak argitaratzeko elkarrekin sortutako Ganbila bildumaren barruan plazaratu dute Hau ez da gerra bat liburua.

Triptikoa, liburua, bilduma… Ze izen emango zenioke ‘Hau ez da gerra bat’ lanari?

Egia esan, bada triptiko bat. Hiru antzezlan jasotzen ditu eta hirurek badute komunean gerraren gaia. Bakoitzak heltzen dio gerrari ikuspuntu ezberdin batetik baina hiruretan ardatz nagusia hori da: gerra. Azkenean, hiru lanak lotuta daude hari horrengatik, orduan triptiko bat izan daiteke. Hiru obra independente dira, baina gaiaren bitartez lotuta daude, baita errepikatzen diren pasarte batengatik ere. 

Eta zergatik gerraz?

Gerrari buruz hitz egiteko kezka sortu zitzaidan ikusita egoera zein zen eta zer zetorkigun… Gero eta hurbilago ditugu gerrak, eta ikuspuntu artistikotik ere hitz egin beharreko gai bat izan behar zenaren bulkada neukan barruan. Hor sortu zen lehenengo ideia, Hau gerra bat da lana sortzeko grina. Piszifaktoriaren Laborategian ibili ginen lanean eta hori aurrera eraman ahal izateko dirulaguntzak eskatu genituen. Prozesu horrekin hasi ginenean inori ez zitzaion interesatzen gerra, ez zuten beharrezkoa ikusten horri buruz hitz egitea. Oso lan gordina izan zen, gerrari buruz argi eta garbi hitz egiten zen, gerran bizi diren uneei buruz hitz egiten genuen. 

Horrela jaio zen, orduan, ‘Hau ez da gerra bat’?

Ikusita ez zuela aurrera egiten, erabaki genuen gerrari heltzea beste ikuspuntu batetik: Hau ez da gerra bat. Horretan, gerrari buruz hitz egiten dugu baina heldulekua beste bat da. Bikote haustura bat daukagu eta hor bat-batean agertzen da gerratik datorren soldadu bat. Paralelismo bat egiten da bikote baten eta gerra baten artean. Helburua gerra hurbiltzea zen, horregatik gerrari heldu genion denok bizi izan dugun egoera batetik, haustura batetik. Komunikatzeko ezintasun bat dago, besteari entzuteko gogo falta bat, bestea ulertzeko gogo falta… 

Eta, ‘Bunker’ nondik sortu zen?

Ideia berezi batetik sortu zen. Hau ez da gerra bat estreinatu baino lehen, hiru pertsonaia horien iragana kontatzeko nahia geneukan. Bikote haustura baino lehen, momentu horretara iritsi arteko tartea konta-tzen dugu. Soldaduarekin gauza bera egiten dugu, gerran zer gertatu zitzaion kontatu genuen. Jatorria bilatzen sortu genuen Bunker.

Prozesuaren bidez esan dezakegu lortu duzuela gerrari buruz “argi eta garbi” hitz egitea?

Bai, nik uste dut baietz. Batez ere, asko ikasi dugu. Prozesu luzea izan da, antzerkian beti dira luzeak… Jendearen parte hartzea, dirua lortzea… luzea da. Egia esan, azkenean gerrari leku ezberdinetatik begiratu diogu, eta liburuak hori jasotzen du, ikuspegi ezberdin horiek. Lan borobila izan da, askotan uste dugu gerraren gaia handi gelditzen zaigun zerbait dela, baina gerraren atzean pertsonak gaude eta gure sentimenduak daude hor, gure nahiak, gure ezinak, gure minak… Eta, azkenean, hori egin nahi genuen, gerra kontatu, pertsonen bitartez.

Ze ezaugarri dituzte hiru lan hauek elkarrekin aurkezteko?

Gaiaz aparte, forma dago. Gu beti saiatzen gara horri kasu egiten, zer kontatu nahi dugun eta nola kontatu nahi dugun. Hiru lan hauek ez dira antzezlan klasikoak. Klasikoena, agian, Hau ez da gerra bat da, eta, hala ere, baditu berezitasun batzuk, lengoaia artistikoa, adibidez: musika, ikus-entzunezkoak… Bunker behin bakarrik egin genuen, eta bunker batean egiteko pentsatuta dagoen obra bat da. Publikoa eta artistak bunker batean daude, denak nahasita. Bunker horren barruan gauza bereziak gertatzen dira, orduan disposizioa, artista eta publikoaren arteko harremana aldatzen da. Hau gerra bat da obran, publikoak erabakiak hartu behar ditu, eta erabakien arabera, obra aldatzen da. Adibidez, gurutze batean aukeratu behar du ze bide hartzen duen… Badira 3-4 momentu non irakurleak, kasu honetan, erabaki beharko duen ze bide hartu. 

Hiru lanak jada antzeztuak izan dira Euskal Herriko leku ezberdinetan. Zein da liburu formatuan aurkeztearen helburua edota ekarpena?

Batetik, egia da ez dagoela ohitura handirik antzerkia irakurtzeko, baina antzerkia irakurtzea plazer handia da. Beraz, lehenengo helburua hori da, irakurleak gozaraztea eta antzerki testuetara hurbiltzea. Bestetik, antzerkia oso fenomeno efimeroa da, esan duzun bezala, gertatzen da momentu batean, eta gero desagertzen da. Garrantzitsua iruditzen zait lan horiek idatziz uztea. Azkenik, interesgarria iruditzen zait testu hauek material bezala erabili ahal izatea. Eskoletan lantzeko, edo haiek obra muntatzeko… Antzerki testu asko daude hizkuntza askotan, eta euskaraz ere garrantzitsua da horiek izatea.