“Irmoki, tente eta segurtasunez egoteko eta bizitzeko grina erakusten du diskoak”
Aria musika taldeak ‘Aurrera Begira’ bigarren lan luzea aurkeztu berri du, 2023an ‘Urdin’ diskoarekin abiatutako bideari jarraipena emanez eta proiektua egonkortuz
Musika sortzeak airean hegan egiteko eta kezkak alde batera uzteko aukera eskaintzen omen du, barnea askatzekoa. Eta hala da Aria taldearentzat. Abesti asko bizipen pertsonaletatik abiatzen dituzte: barne gatazketatik, maitasun istorioetatik, filosofiatzetik… baina salaketa politiko eta aldarrikapen sozialek ere lekua dute beraien lanean. Eta, ideia guzti horiek, pop doinu klasikoak eta freskoak uztartuta aurkeztu dituzte beraien bigarren lanean: Aurrera Begira. Marina Landa kantautoreak, Iñaki Ortegok (teklatuak), Iñaki Olaskoagak (gitarrak) eta Ion Larrañagak (bateria) musikariek osatzen dute taldea.
Aria taldeak ‘Aurrera begira’ bigarren lan luzea aurkeztu du. Zer topatuko du entzuleak?
Gustatzen zait proiektu hau aurrekoarekin (Urdin) alderatzea, hori oraingoa baino intimistagoa zelako, pop alterntibora gehiago hurbiltzen zelako. Lan honekin uste dut taldearen izaerak edo taldearen esentziak salto bat eman duelako eta hori musikan nabaritzen da: soinu osatuago bat dago, energikoagoa. Entzuleak sei abesti aurkituko ditu, eta abesti bakoitzak bere esanahi eta muina ditu, baina amankomunean daukate parean daukagun horri, etorkizunari, edo kezkatzen gaituen horri irmoki begiratzeko grina edo prestutasuna. Kantak desberdinak izan arren, irmoki, tente eta segurtasunez egoteko eta bizitzeko grina erakusten du diskoak, energia eta segurtasuna transmititu nahi izan dugulako, eta hori transmititzen duten kantak sortu ditugulako.
"Aldarrikapenak beti egon dira presente nire musikan, gauza asko bizipen pertsonaletatik abiatzen direlako”
Taldea sendotu den seinale izan daiteke hori...
Bai, ze taldea eta lehenengo diskoa paraleloki sortu ziren. Lehen diskoan ez zuten parte hartu orain taldea osatzen duten taldekide guztiek; ondorioz, disko honetan buru gehiago egon dira pentsatzen eta sortzen, norbere ezagutzarekin eta instrumentuarekin ekarpenak egiten. Gainera, oraingoan Uriol Flores izan da ekoizlea, eta taldekideen zein Uriolen ezagutzak, gustuek eta erreferentziek bat egin dute lanean.
Kanta bakoitzak aurrera begiratzeko arrazoi desberdinez hitz egiten du. Baina, sentimenduak ez ezik, aldarrikapenak ere badaude horietan.
Aldarrikapenak beti egon dira presente nire musikan, gauza asko bizipen pertsonaletatik abiatzen direlako. Kasu askotan lotuta daude norbere bizipenak norbere musikarekin, baina, askotan, horiei buruz hitz egitean jabetzen gara gai horiek kolektiboak ere badirela. Dantzaren iraultza kantarekin hori gertatu zitzaidan. Nik txikitan balleta egiten nuen, eta irakasle zorro-tza —zorrotza esatea labur geratzea da— neukan, eta balleta ez zela niretzako espazioa sentiarazten zidan, nire gorputzak ez omen zuelako balio dantzatzeko. Urteak pasata jabetu nintzen hori ez zitzaidala soilik niri gertatzen, emakume askok genukala sentsazio hori. Kanta hau nire bizipenetatik sortu zen, baina baita arazo sozial horretatik ere. Horregatik, Dantzaren iraultza kantuak aldarrikatzen du munduko txoko guztietan, edozein musika eta dantza estilotan, eta ezagutza “teknikoak” izanda edo izan gabe, emakume guztiok daukagula aske eta beldurrik edo lotsarik gabe dantzatzeko eskubidea.
‘Dantzaren iraultza’ ez ezik, ‘Uhara’ abestia ere bada disko berri honen singlea. Itsasontziek ur azalean uzten duten arrasto zuri horri egiten diozue erreferentzia, baina zer transmititu nahi izan duzue?
Duela urte batzuk, gizarte mugimendu batean nengoela, itsasoari lotutako proiektu bat egiteko kontzeptuen bilaketa abiatu genuen, eta uhara hitza ezagutu nuen. Asko gustatu zitzaidan, baina proposamenak ez zuen inolako arrakastarik izan, eta hitz horrekin zerbait sortzea erabaki nuen. Momentu horretan maila pertsonalean bizitzen ari nintzen egoeratik abiatuta sortu nuen Uhara. Abestiak erreferentzia egiten die dagoeneko gure bizitzan ez dauden, baina arrastoa utzi duten pertsonei. Baina, aurrera begira-tze horretan, abestiak dio horiek gabe bizitzen ikasi behar dugula.
"Argi dago emakumeei eszenan tokia eman zaienetik kantek bestelako istorioak kontatzen dituztela, perspektibak aldatzen dira.”
Diskoko beste abestietako bat ez da oraingoa, aspaldikoa da.
Hotza nerabe nintzenean sortu nuen abestia da, duela bizitza erdi egindakoa, baina erreskatatu nahi izan dugu. Marina nerabeak sortutako kanta da, Marina nerabea bere horretan erakusten duena. Ez dago helburu jakin batekin sortuta. Aipatutako beste biak argi daukat ze bizipen edo ze mezu transmititzeko sortu diren, baina Ho-tza nerabe baten gorabeheretatik dago sortua, bere frustrazio eta ezjakintasunetik. Horregatik, kantak hotzaz hitz egiten digu, ausardiaz, beldurrez, zer nahi duzun ez jakiteaz… niri asko gustatzen zait kanta bakoitzari entzuleek interpretazio propioa eskaintzea, librea izatea sentitzen dutena. Gustuko dut kantek gogoeta puntu bat izatea, bai pertsonala, bai politikoa, bai soziala, eta pertsona bakoitzak kanta bere egitea.
Gaztetatik konposatu duzu, beraz. Baina, nola erabaki zenuen taldea sortzea?
Nerabe nintzela zenbait kontzertu eman nituen, baina gero alde batera utzi nuen musika. Duela sei urte, doktoretza tesia musikari buruz egitea erabaki nuen, eta horrek berriz konektatu ninduen nire alde musikalarekin. Orduan hasi nin-tzen abesti berriak konposatzen, bideoak sareetara igotzen, eta bakarlari modura kontzertu txikiak ematen. Gero, Siziliara joan nintzen hilabete batzuetarako, eta bueltan beste kontzertu bat atera zitzaidan, ofizialagoa. Iñaki Ortego ezagutu nuen eta elkarrekin pare bat kontzertu eskaini ostean, beste batzuekin batera proiektu bat sortzea erabaki genuen. Taldea sortu bitartean, baina, ni Sizilian nengoen, eta aldi berean, diskoa grabatzera etortzen nintzen. Horregatik dago alde dezente lehen lanaren eta honen artean.
Tesia egiterakoan konposatzeko gogoa berpiztu zitzaizula diozu. Izan ere, euskal musika popularraren komunikazioan jarri zenuen arreta lanean. Zergatik?
Komunikazioa ikasi nuen, eta ondoren kultur kudeaketa. Eta, tesia egiterakoaan argi neukan bi gaiak uztartu nahi nituela: kultura eta sormena komunikazioarekin batu nahi nituela. Niri lan artistikoen mezuak aztertzea beti gustatu izan zait, eta adierazpen kulturalen artean, musika izan da gertuen izan dudana. Horregatik erabaki nuen tesia Euskal Herriko musika popari buruz egitea, hori zelako gehien motibatzen ninduena. Gainera, uste nuen hor bazegoela aztertu gabeko gai bat, eta ekarpen bat egin niezaiokeela euskal kulturari zein euskal kulturaren ikerketari.
1990etik 2019ra arteko abestien letrak aztertu zenituen, hiru adarretan banatuta: generoa, lurraldetasuna eta hizkuntza.
Euskal musika edo euskal kultura zer denari buruzko erabateko adostasunik ez dago. Nik ez nion horri erantzun bat eman nahi, baina bai gogoeta bat egin. Eta, horretarako, urte bakoi-tzeko hamar abesti popular hartu nituen: guztira 300 kantaren letrak aztertu nituen, hizkun-tzaren, abeslariaren generoaren eta lurraldearen arabera banatuta. Ikusi nahi nuen ze ezberdintasun egon zitezkeen lurraldeen artean, baina baita kantak zer nolako ikuspegia transmititzen zuen generoari eta hizkuntzari dagokionez. Izan ere, kanta horiek musika herrikoia dira, eta horiek gure munduarekiko begirada eraikitzen dute.
Genero ikuspegiaren aldetik, asko aldatu da mezua tesiaren lehen urteetatik azkenetara arte?
Bai, aldatu da, baina aldatu da orain emakumezkoak gehiago direlako. Argi dago emakumeei eszenan tokia eman zaienetik aurrera kantek bestelako istorioak kontatzen dituztela, perspektibak aldatzen direla, eta, hortaz, genero ikuspegia ere aldatzen dela. Hori gakoa da, ze, bestela, gizartea edo gizartearen begirada gizonezkoek musikaren bidez transmititzen dituzten istorioekin eraikitzen da, eta, ezinbesteko da emakumeen ahotsak, letrak, bizipenak eta ideiak jasotzea; horiek espazioa izatea gizartea eraldatzeko.
300 abesti baino gehiago aztertu ondoren, konposatzeko grina suspertu zitzaizun?
Bai. Hainbeste aztertuta ulertu nuen modu asko daudela kantuak idazteko. Lagundu zidan ba-tzuetan metaforekin jolasteko, eta beste batzuetan mezu esplizituekin aritzeko. Kanta batzuek hitz-jokoak erabiltzera edota horietan oinarritutako abestiak idaztera bultzatu zidaten. Baina tesiak hainbeste aldiz entzundako kantuen mezuak lagunei hainbeste aldiz azaltzera ere eroan zidan.
Jendearen nola hartu du bigarren diskoa?
Jende askok idatzi digu, zoriontzen. Harrera positiboa izan du diskoak, eta asko pozten nau, nik maitasun handiz sortutako kantak direlako, nahiz eta batzuk idazten gogorrak izan. Politena da bakoitzak kantu kuttun propio bat daukala.
Sortzaile modura, zein da zure kanturik bereziena?
Motibazio gehien transmititzen didana da Dan-tzaren iraultza, oso dantzagarria delako eta mezua ere asko gustatzen zaidalako. Baina badago oso gogorra den kantu bat ere: Banoa. Tratu txarrak sufritzen dituen emakume baten istorioa kontatzen du, eta hori sortzea, eta batzuetan abestea, gogorra da. Baina, nire ustez hori gizartean daukagun lakra bat da, eta gure esparru txiki honetatik hori ere salatu nahi dugu, eta gu oraindik hasten ari garen talde bat garen arren, gure musika entzuten duten edo zuzenekoetara etortzen diren pertsonek gogoeta txiki hori egin dezaten. Guretzat hori asko da. Abestien bitartez asko transmititu, komunikatu eta salatu ahal da. Hortaz, ahal dugun heinean, bide horri ekingo diogu.