1987ko uztailaren 23an hil zuen Guardia Zibilak Luzia Urigoitia ETAko kidea, Pasaiako (Gipuzkoa) Trintxerpe auzoko etxebizitza batean. Bide judizial gorabeheratsua izan du kasuak, eta hori arakatu dute Lutxi eta zuhaitza dokumentalean. Lander Garro (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) aritu da zuzendari, eta memoria politikoaz gogoetatzea izan du asmoetako bat. Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian aurkeztu dute lana, eta udazkenean iritsiko da zinema aretoetara.
Otxandioko (Bizkaia) Aurrea Begira taldeak egin zizun lan honen proposamena, hangoa baitzen Urigoitia; nola jaso zenuen?
Trintxerpekoa da nire familia, amaren aldetik, eta Lutxi-ren izena gure familiaren imajinarioan zegoen, tarteka ateratzen zen. Deia jasotzean, hala ere, ohartu nintzen, etxearen parte zen izen bat izan arren, ez nekiela ezer emakume honi buruz, kasuari buruz. Intriga puntu batekin, berehala hasi nintzen dokumentatzen; baita lanean ere.
Lutxiren kasuak izandako bide judiziala arakatu duzu, ezta?
Horrelako dokumental bat egitean bilatu behar da zein den arrazoi edo motibo nagusia, nondik heldu. Nik nekien gauza bakarra zen Luzia hilik gertatu zela atxiloketaren unean, eta kasua arakatzen hasi orduko ohartu nintzen oso konplexua eta gorabeheratsua izan zela. Dokumentalak horretan sakondu behar zuela konturatu nin-tzen, zer gorabehera, zer kontraesan, zer gezur eduki zituen kasuak. Dokumentazio asko zegoen, batez ere garaiko prentsan, baina nire informazio iturri nagusiena Iñigo Iruin abokatua izan da.
Dokumentaleko ahots nagusienetako bat da, baina ez bakarra: hor da, esaterako, Paco Etxeberria forentsea ere.
Iñigo Iruin da urte hauetan guztietan kasuaren ezagutza handiena izan duena, informazio guztia nolabait batu duena; Paco Etxeberria, aldiz, askoz ere elementu teknikoagoa da, une jakin batean harreman oso estua izan zuena kasuarekin, bera izan baitzen Lutxi lurrean hilik ikusi zuen lehendabizikoa; berari tokatu zitzaion azterketa forentsea egitea ere.
Izan dira beste elkarrizketatu batzuk ere; Alicia Pereira, adibidez.
Bai, eta bakoitzak bere pisua eduki du. Alicia Pereiraren testigantza, adibidez, oso inportantea izan da, Lutxi bizirik ikusi zuen azkeneko pertsona izan baitzen, bere etxean atxilotu zutelako. Eta hortik, kasuaren zentrotik, pixka bat periferiara aldentzen gara; hala, beste testigantzek kasuaren testuingurua kokatzen dute, hala nola nor zen Lutxi eta nola iritsi zen puntu horretara.
Fikzioa ere erabili duzu...
Horrelako dokumentalak egitean beti izaten da buruhauste bat nola egin iragana kamera aurrera ekartzeko. Batetik, beti dago artxiboa, eta lanketa polita izaten da; eta bestetik, era honetako kasuak kontatzeko, nahiko konplexuak izan daitezkeenak koreografiari dagokionez, gertakariak nola gertatu ziren azaltzeko, koreografia bat behar izaten da; horretarako, zinemaren kasuan, berregitea izan daiteke baliabideetako bat.
Olaia Aguayo aktoreak gorpuztu du Lutxi.
Jone, batzuetan pelikularen teaserrarengatik ezagutu nuen; oraindik estreinatu gabe zegoela deitu nion. Plazera izan da elkarrekin lan egitea, baina ez soilik berarekin, oso-oso inportanteak izan diren beste aktore pila bat egon baitira, lan oso ondo egiten dutenak.
Era horretan, hamabi ataletan banatu duzu ikus-entzunezkoa, zuhaitzen eraztuntzat irudikatuta; zer dela eta?
Pelikulak darabilen motibo narratiboetako bat da dendrokronologia; zuhaitzen uztaiak aztertuz haien historia azaltzen duen zientzia, alegia. Batik bat zuhaitzaren testuingurua nolakoa izan den jakiteko erabiltzen da, bizi izan den bitartean; eta ohartu nintzen sistema interesantea dela, historia era objektiboan jasotzen baitu, ezin bortxatuzko leku batean gelditzen baita fisikoki gordea. Ideia hori gustatu zitzaidan, gizakion memoria oso diferentea baita: narratiba bat dago, horren gainean hainbat interpretazio egiten dira, eta horiek gatazkak sortzen dituzte. Gatazkatsua da gizakion memoria, eta baketsua, aldiz, zuhaitzena; hor dagoen tartea nuen intereseko, batik bat Lutxiren kasua gatazkarekin oso lotua egon delako, gorabehera handiak izan dituelako memoriari dagokionez; dokumentalaren azken zatia, horrenbestez, memoria politikoari buruzkoa da.
Memoria politikoaren inguruko gogoeta egiteko bide ere izan nahi al du lanak?
Bai; Lutxirena, gainera, kasu berezia eta partikularra izan da; ez dut jakingo esaten zergatik izan den bere memoria hain jazarria. Euskal gatazkan oso maiz gertatzen da hori, hildakoren baten memoria berreskuratzeko ahaleginak kalapitak eta polemikak sortzen dituelako. Hor indar alderdikoiek talka egiten dute elkarren artean, eta gailendu egiten dira memoriaren ideia eskuzabal, intimo eta errespetuzko baten gainetik. Bada, dokumentalak salaketa hori egiten du: partidismoak memoria den ideia ederrean zer nolako parte-hartze tamalgarria duen sarritan.