endea elkarganatzeko tenorea da. Izurriak eragotzitako ekitaldiak, harremanak, bilkurak, ospakizunak eta bertze berriro abiatzeko garaia. Itzuli da, konparazio batera, Nafarroa Oinez asteburu honetan, Lizarran; bertze molde batez itzuli ere. Iazko ekitaldia utzi behar izan zen bertan behera, baina irudi luke aunitzez ere lehenago ospatu zela azken Oinez eguna. Sareak, ordea, ederki oroitarazten dizu noiz eta non egin zen azkena: duela bi urte, Tuteran. Oroimenerako ere halako etenaldi handia eragin baitu pandemiak. Usu darabiltzagu “pandemia aitzinetik”, “pandemia baino lehen” eta gisako esaldiak, aspaldi-aspaldiko kontuak balira bezala. Orain, egoerak hobera egin badu ere, oraindik ez gara ausartzen erratera pandemiaren ondoko egoeran gaudenik. Hala ere, plazara atera eta agudo hasi gara elkarteak, peñak, tabernak betetzen, barran zutik edaten, eta betiko aurpegiak ikusten dituzu gau giroan, halako taberna mitikoan, duela urte eta erdi zeuden toki berberean, esku artean betiko edaria darabiltela, darabilgula. Garagardoa zurrupatzearekin batera baztertzen dituzu pentsamendura erasoan datozen kezkak, ez ote den seigarren olaturik etorriko, eta etxerako bidean, ohartzen zara bertzelako gau kideak daudela karrikan, geldirik eta etzanik. Tira, garai batean ere bazeuden; hori bai, toki baztertuetako zoko-moko ezkutuetan zeutzan lo edo kutxazainetan. Orain, ordea, Udaletxe plaza inguruan daude, agerian, hala nola Burguen plazan, Turismo Bulegoko arkupeetan, edota Unzu saltoki handi itxietako ateen ondoan, kale gorrian, kartoi, lozaku zahar eta oihal urratuen artean estalita. Ez dira gutxi gero. Pandemiaren erdian iritsi ziren, izurriak berak eragindako gau isil eta lasaiak lagun. Eguzkia ateratzen denerako, ordea, ez da bat bera ere gelditzen, hiriak irentsi izan balitu bezala.