ruñerriko ekialdea ikusi nahi duena doala seminarioaren gibelaldera eta hantxe agertuko zaizkio gure eskualdea alde hartatik zedarritzen duten mendiak: Malkaitz, Tangorri, Irulegi, Itzaga, Elomendi eta gainerako guztiak. Aipatuagoak ditugu zutik dirauten harresietatik agertzen zaizkigun ikuspegiak, baina hego-ekialdekoak ere ederrak dira zinez urte sasoi honetan. Gailur eta mendi-lepoek ondutako marrazkiek aldatu gabe diraute denboraren joanean, antenak eta haize-errotak gorabehera. Hurbil-hurbileko ikuspegia, ordea, arras aldatua da azken hamabortz urte honetan. Lezkairu berriko bazterrak etxez bete baitira Mutiloako mugaraino, garai bateko galsoroen gainean. Lezkairu zaharrean, berriz, baratzeak eta etxe txipiak ziren nagusi, belardiekin batera. Aspaldian, Donibane eta Iturrama ere horrelakoak ziren, hau da, baratze sailak, etxetxoak, lursailak eta gisakoak: joan orain eta bila ea non ote diren haiek oro. Lezkairun ere, Mendillorriko mendixka-magalari itsatsirik, hamarren bat eraikin zahar ezagutu ditugu, hots, ia ehun etxebizitza, duela 60 bat urte material eskasez eraikiak, orain goitik behera zaharberrituak, delako inguratzaile termikoari esker. Lehenago, hainbat errepide mehar jaisten ziren Bigarren Zabalgunetik Lezkairu aldera, alde banatako zuhaitz handi hostotsuen artean, eta bertzelako bidexkak ere baziren paseoan gustura ibiltzeko. Mendea hasi arte, bazen etxerik gabeko tarte zabala hiriburuaren eta Mutiloaren artean. Orain, ordea, gero eta tarte txikiagoa, ia auzoak baitira Lezkairuko azken etxea eta Mutiloagoitiko lehenbizikoa. Egun, gainera, Mutiloa bakarra baita, ez Goiti, ez Beiti, bat eginik baitaude ofizialki, bertako jendeak aski ongi bereizten baditu ere. Horra hor Lezkairu, Erripagaña, Sarriguren... urte sail laburrean gertaturiko aldaketa gaitzaren lekuko.