Azken orduko aldaketarik ezean, lehengo lepotik izanen du Iruñeko Udalak burua heldu den larunbatetik aitzina. Bai eta Eguesibarkoak eta Barañaingoak ere. Ez, ordea, Burlatakoak. Horrek erran nahi du hiriburuaren udal kudeaketa azken lau urte honetakoa bezain negargarria izanen dela hasi hurran dagoen legealdian. Edo are negargarriagoa, Mayaren oinordekoaren manerak ikusirik. Zalditik astora, sinesgaitz badirudi ere, eskuindarrek gibelera egin badute ere. Oposizioko taldeek elkarrekin jokatu beharko dute udal gobernu taldearen amarrukeriei aurre egiten saiatzeko, azken bi urte honetan aritu diren bezala, salbu euskararen arloan, nola ez; horretan eskutik helduta ekin baitiote eskuindarrek eta sozialistek. Oposiziotik aritzeak, ordea, muga handiak ditu, eta alkate-makila duenak nahi bezala jokatzen du, maiz jaramon zipitzik egin gabe oposizioak gehiengoz hartutako erabakiei. Kudeaketa penagarriko gaien artean Haur Eskolak daude. Hori dela eta, gurasoek hamaika erreklamazio egin dituzte postuen banaketaren inguruan. Horixe zabaldu da azken egunotan. Hedabideetan, dena den, ez da hizkuntzaren aldagaia atera. Ez da atera, adibidez, zer gertatu den Lezkairuko Haur Eskolan, nola erantzun zaion urte bateko haurren gurasoek egindako eskaerari. Hots, 122 familiek euskarazko eskaintza hautatu dute urte bateko seme-alabatxoendako. Bada, bederatzi onartu dituzte eta 113 itxaron zerrendan daude. Udalak zentzuz konpondu beharko luke afera hori, familien borondatea aintzat harturik. Bi urteren buruan, gainera, haur horiek Lezkairuko Ikastetxe Publikotik kanpo geldituko dira, baldin eta kentzen ez badira Jimenok D eredua auzo horretan zabaltzeari paratutako trabak. Horrenbestez, ez legoke gaizki Gobernu berrian pertsona irekiago bat izatea hezkuntza kontseilari eta, pertsona irekiago bat ere, hiriburuko alkate.