Azkenean, hogei urte iraganik. Azkenean, inoiz ez baikenuen gainditua. Bata ala bertzea izan, bazen tenorea bai, eta 2024a mugarria izan da. Mugarri ttipia nahi bada, baina mugarria, inork ez baitzuen halakorik espero, azken urteotako bilakaera herrena, motela, ikusirik.

Duela hogei urte ez bezalako gizartea dugu, nabarmen aldatu baita eta are gehiago aldatuko aitzinera begira; batetik, biztanleria mugimenduak eraginik, eta bertzetik, demografiak bultzaturik. Baina, aurten, auskalo zergatik, D ereduak ehuneko 30eko langa gainditu du. Bi puntu igo baita. Igoera ttipia, baina adierazgarria. Pentsa, nola ibiliko ginen, kontrakoa gertatu izatera, hau da, bi puntu galdu izatera. Zerk eraginik izan ote den, hori bertze kupel bateko sagardoa da. Denetarik entzun da. Bada Korrika jendetsuak aurre-aurreko astean gure karriketan izaniko arrakastari egotzi dionik edo harat-honat egindako kanpainekin lotu duenik. Azken horri dagokionez, Iruñerriko ikastolek egindakoa nabarmendu behar da, aspaldixkoan hasirik, iazko datu kezkagarriek ernaturik, bulkaturik, beharrak eraginik. Jaso, konparaziora, kinkan zegoen eta haren ataka bolo-bolo zebilen plazan. Eta hala ere, gauza izan da egoera horretatik ateratzeko, gauza ere ezkortasunari aurre egiteko eta iaz baino aunitzez ere haur gehiago biltzeko, demografiak beheiti egin duen auzo eta inguruan.

Jasoz gain, Nafarroa osoko ikastolek izaniko datuak dira nabarmentzekoak, % 30eko goratu baitute iazko kopurua. Eta D eredu publikoak ere goiti. Lezkairuko datua ere arrunt pozgarria, behar adina familia baitaude auzo berriko ikastetxe publikoan euskarazko eredua zabaltzeko, bertako giroa eta Hezkuntza Departamentua kontra izan badute ere. Departamentuak lehenbailehen hartu beharko luke aintzat gurasoen eskaera. Horra, beraz, datu onak. Segida izan dezatela.