Florencio de Ansoleaga kalean, euskara arnastu egiten den karrikan, Zaldiko Maldiko elkartea dago. 40 urtez, Iruña eta haren inguruko zonalde euskaldunen topagunea izan dena, baita Nafarroako jai ospetsuenetan, San Ferminetan hain zuzen ere. Uztailaren 6tik 14 bitarte, Arturo Campion Euskaltegiak Zaldiko Maldiko elkartea bereganatu eta tabernan bilakatzen du, egun zoro eta alai horietan lortzen diren etekinekin euskara sustatzeko.

Tabernako txandak, normalean, euskaltegiko ikasle eta irakasleek egiten dituzten arren, urteren batean “Zaldiko Maldikoko bazkideok lagundu izan diegu, gero eta gutxiago direlako euskaltegian”, aipatu du Izaskun Uriartek, elkarteko bazkideak. Goiz goizetik, ostatuak lehenengo euskaldunei bermuta eskeintzen die eguna gogotsu hasteko, eta gaua bitarte irekita egoten da San Fermin zaleen egarria ase nahian.

Asteburu eta txupinazo egunean aldiz, Zaldiko Maldikoko tabernak festazale amorratuen gaua alaitzen du euskal musikarekin. “Nahiz eta San Ferminetan elkartearekin dagoen lotura bestelakoa izan, geldigune finkoa da guztiontzat Zaldiko Maldiko”, aitortu du Uriartek. Hala ere, aipatu beharra dago, uztailaren 11n, gutxi gorabehera 120 bazkide elkartzen direla Florencio de Ansoleaga kalean bazkaltzeko.

Jaiak errespetuz eta giro onean pasatu baino lehen, ekaina bukaeran, auzolan bat antolatzen dute bazkideek. Apaingarriak gordetzea, lekua txukuntzea edota garbitzea dira egin beharreko lanak. Hormak babesteaz edota taberna paratzeaz, aldiz, Arturo Campion Euskaltegiko ikasle eta irakasleak arduratzen dira. San Ferminak amaitzean, bestondoa pasatzeko, bazkideek berriro bat egiten dute Zaldiko Maldikon, elkarteak hasierako itxura hartzeko asmoarekin. “Abuztu arte, elkarteak ez du bere betiko erritmoa hartzen baina bazkideoi ez digu asko eragiten, udan gure egunerokotasuna apurtzen baita eta”, onartu du Uriatek.

URTE OSOAN ZEHAR

Zaldiko Maldiko 155 bazkidek osatzen dute, azkeneko urteetan gazte asko erakarri dituztelako. “Bazkideen adinari begira, elkartea zaharkitzen ari zela ohartu ginen eta egoerari aurre egiteko, kanpaina berezi bat eraikitzea erabaki genuen. Arrakastatsua izan da”, baieztatu du.

Elkarte kultura denez, jatorduak egiteaz gain, hainbat ekitaldi ospatzen dira urtean zehar. Hori bai, denak euskaraz. Ekitaldi finkoen artean irakurle taldea, kantu tailerra, MOLA -ardo dastaketa-, Alde Zaharreko bertso eskolako saioak, Santa Ageda eta Santo Tomas daude. Hauez gain, oso ohikoa da liburu aurkezpenak, mahai inguruak eta kontzertuak ospatzea. “Doan diren jarduera guzti hauei esker, Zaldiko Maldiko arnas gune txiki bat bilakatu da”, ondorioztatu du.