Hilabete batzuk dira ‘Hasiera bat’ kaleratu zela. Nola bizitzen ari zara prozesua? 

–Orain zuzenekoetaz disfrutatzen ari naiz. Egia esan zalantza asko egoten dira batez ere sortze prozesuan. Batzuetan iruditzen zaizu esku artean duzuna sekulakoa dela eta hurrengo egunean erdi purdiko zerbait. Diskoa kaleratu arte, jendeak hartzen duen arte, ez dakizu. Oso pozik eta eskertuta nago jendeak egin dion harrerarekin. Orain, eszenatokietatik kanpo lau urte egon eta gero, une honetaz gozatzen ari naiz. Ez dakit topikoa izanen den, baina gauza oso bereziak gertatzen ari da kontzertuetan. Bost musikari goaz zuzenekoan eta denok gaude pixkat hunkituta, elkarri begiratzen diogu, esanez bezala: “Zer gertatzen ari da?”.

Iritzi oso onak jaso dituen lan bat izan da. Disko handi bat, txikia aldi berean, nola eraman duzu hori oholtza gainera? 

–Normalean ez naiz obsesionatzen aldaketa horrekin. Grabaketa, diskoa, gauza bat da, kantuei halako batean egiten diozun Polaroid argazki moduko bat. Baina kantuak bizirik jarraitzen du eta zuzenekoa beste zerbait da. Baina egia da kasu honetan, disko honen ekoizpenak edo soinukera berezi horrek berebiziko garrantzia duela. Jordi Matas ekoizleak, zeina taldean ere badagoen, esaten zuen garrantzitsua zela ahal zen heinean diskoak daukan aldarte hori zuzenekora eramatera. Saiatu gara, arregloetan eta, diskoa imitzatzen, eta uste dut lortu dugula. Baina kantuak bizirik daude. Batzuetan ematen du kantua grabatu eta jendarteratzean, hor bukatzen direla. Baina nire ustez hor hasten da kantua, entzuleak bukatzen ditu. Zuzenean dena biderkatzen da, diskoak daukan soiltasun hori hor dago baina era berean kantuek daukaten emozioa biderkatu egiten da, hanpatu, hazi egiten da. Bisualki ere, bi bateriekin goaz… Uste dut ikusteko eta sentitzeko kontzertu bat dela. 

Diskoaren aurkezpen birak Latinoameriketara eraman zaitu. Zer moduz hango esperientzia?

–Dagoeneko itzultzeko gogoz nago, egia esaten badizut. Bakarkako proiektu honekin egindako lehenengo nazioarteko bira izan da. Bogotan egon ginen eta gero, batez ere Mexikoko kontzertuak izugarriak izan ziren. Elkarrizketa piloa egin ditut eta denetan aipatu zidaten diskoak duen zera berezi hori, jende askok nabarmendu duena. Lasaitu egiten duela, baduela baltsamikotik zerbait, barne sosegu moduko bat eragiten duela. Hain presaka eta estu gabiltzan garaiotan jendeak eskertu du desazelerazio hori. Mexikon eta Kolonbian talde osoarekin ibili ginen eta gero, arazo logistikoak tarteko, Santiagon (Txile) eta Buenos Airesen (Argentina) bakarka ibili nintzen, lehenbiziko aldiz. Errespetu handia ematen zidan akustiko bat bakarrik egitea baina oso ondo atera zen. Disko honetako kantuak malguak ere badira, hain dira soilak, bakarka ere jo daitezkeela, arimak hor jarraitzen duela. Pozik bueltatu nintzen, erronka bat bazelako bakarka jotzea eta atzerrian, eta oso kontzertu politak izan ziren. 

Taldea eratu duzu bira honetarako eta dagoeneko hainbat agertokitak egon zarete. Puzzle moduko bat bada talde bat, pieza guztiek enkajatu behar dute. Alde horretatik, nola zabiltzate? 

– Gero eta hobeto. Badakizu, hasieran jotzearen poderioz lortzen da talde solido bat izan dadila. Musikariak kristorenak dira. Zorte handia izan dut, Jordi (Matas) eta Joan (Pons), diskoaren ekoizleak izan direnak, taldean dauzkadalako, hasieratik esan zidaten prest zaudetela nirekin ateratzeko. Horrekin, lan erdia eginda neukan. Pribilegio handia da. Gero, beste gitarra jole bat behar nuen eta aspalditik bi bateriekin jotzeko aukera hori ere buruan neukan. Askok ez dute ulertzen, baina ispilu joko horrek sorgindu egiten nau, nolabait. Estereo natural horrek, bikoizte horrek, badu zerbait oso berezia. Eta disko honetan, hain erritmo soilak izanik, posible zen hori egitea. Mariana Mott bateria-jotzailearekin harremanetan jarri nintzen eta gitarra-jotzaile bezala Amaia Miranda dabil. Oso musikari handiak dira eta berehala konektatu dugu denok. Hala sentitzen dut, ez dakit noiz arte iraungo duen taldeak baina uste dut momentu honetan oso kontzertu bereziak ematen ari garela. 

Gaurkoa izanen da hurrengoa, hemen, Iruñean. Berri Txarrakekin hainbatetan ibili zara sanferminetan, baina hau desberdina izango da, ezta? 

–Banituen nire zalantzak disko honekin, beharbada areto txiki edo itxietarako aproposagoa dela dirudielako, a priori. Baina joan zen asteburuan dagoeneko egin genituen lehenengo kontzertuak jaialdietan, Resurrection Festen, Mugaku Festen, EHZ-tan… Zalantza baneukan jendearen erantzuna zein izango zen, kontzertu honek behar duelako jendearen arreta eta badakizu jaialdi askotan musika aitzakia izaten dela jendearentzat. Beldur horiek baneuzkan baina dagoeneko uxatu ditut. Resurrection Fest, adibidez, Europan dagoen metal, punk eta hardcore jaialdirik handienetako bat da eta hasiera batean estilo aldetik nahiko kanpo ikusten banuen ere, kristoren giroa egon zen eta jendeak errespetuz ikusi zuen. Beraz, Resurrection Festen onartu badute, edozein tokitan jotzeko prest nago. Orain arte oso eroso egon gara aretoetan egindako aurkezpen bira honekin, baina kalean jotzen ere hasi gara eta hasieran neuzkan beldur horiek uxatu ditut. 

Kaleko eszenatokietako froga, beraz, gainditua.

–Bai. Sanferminetan ere jende askok esan du estiloak ez duela ezer ikustekorik jai giroarekin. Eta egia da ez dela jai girorako kontzertu bat, baina nik uste jendeak ere gozatu dezakeela, sanferminak izanda, kontzertu honetaz. Guk behintzat dena emango dugu. 

Melenas taldearekin osatuko duzu gaurko egitaraua, inoiz egon zarete elkarrekin oholtza berean? 

–Elkarri jarraitzen diogu sareetan eta abar, baina ez dugu kointziditu. Baina gogotsu nago, beraiek furgonetan sartu eta kilometroak egitekoak direla ikusten dut, han eta hemen jotzeko eta horrek lotzen gaitu.