Euskararen Adiskideak 1920ko hamarkadan euskararen alde lan egiteko sortu zen elkarte oso askotarikoa izan zen, eta garai hartako gizartearen alderdi ideologiko zabaleko lagunek osatua. Elkarte hori “gakoa” izan zen euskararentzat, Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, argitara emandako “Euskara aleka” podcastaren kapitulu honetan adierazten den bezala.

Elkarte hori XIX. mendeko Nafarroako Euskara Elkargoaren oinordekoa izan zen, eta Iruñean sortu zen 1925ean, ehun kide baino gehiago elkarturik. Helburua argia zen: “Elkartearen helburua euskara irakastea, mantentzea, sustatzea eta zabaltzea da, baita ohitura, dibertsio eta kirol tradizionalak berpiztea ere”. Euskararen aldeko hainbat ekitaldi antolatu zituen, hala nola lehiaketak, euskal jaiak edo bestelako jaialdiak. Iruñean, adibidez, 1930ean lehenengo Euskararen Eguna ospatu zen. Euskal jaiak Nafarroako leku askotara iritsi ziren: Baztanera, Aezkoara, Ultzamara, Auritzera, Orotz-Betelura edo Zaraitzura.

Iruñeko lehen euskal eskola ere sortu zuen 1931n. Ikastetxea Karlos III kalean zabaldu zuen eta lehenengo ikasturtean 30 haur bildu. Hasieratik hiru maistrak hartu zuten parte ekimenean: Catalina Alastueyk, Julia Zabaletak eta Maria Viscarret Navazek. Lehen espazio hori txiki geratu zen laster, eta ikastetxea Eskolapioen eraikinera mugitu zuten. Bertan, 150 ikasle baino gehiago biltzera iritsi zen.

Behin Espainiako Gerra Zibila lehertuz gero, Euskararen Adiskideak elkartearen lan oro errotik moztuta geratu zen, eta Francoren agintaldian behin betiko lurperatuta. Nafarroako lehen euskal eskola horren ateak ere itxiarazi zituzten eta 1960ko hamarkada arte ez zen hurrengo ikastola ireki, Iruñeko Pozo Blanco kalekoa hain zuzen.

26 kapitulutan, Nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.

“Euskara aleka” Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose María Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador, Mikel Belasko, Fernando Maiora eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaile eta idazleak egin du.

Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:

Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.