Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:
- Podcastak euskaraz
- Podcastak gaztelaniaz
Euskarabidearen “Euskara aleka” podcastaren zazpigarren atalak XIX. mende hasierara eramaten du entzulea, hain zuzen Napoleonen soldaduek Iruña hartu zuten garaira. 1808tik aurrera Napoleonek gobernadore militarrak ezarri zituen Nafarroako hiriburuan Frantsestea deituriko prozesu hartan, horietako bat Reille gobernadorea.
Garai hartan Iruñerriko eta inguruko ibarretako jendeak euskaraz zekien, baita hiriburuan ere. Horren erakusle, Reille gobernadoreak bi bando eman zituen euskaraz. 1811rako, gerrillariek gero eta indar handiagoa zuten eta gero eta ekintza ausartagoak egiten zituzten frantsesen aurka. Hala, Reillek gerrillarien buruak harrapatu eta hiltzeko dirua eskaini zuen. Bidelapurrak Espoz Mina eta haren agindupeko gerrillari buruak ziren. Haien artean, Felix Sarasa Txolin, Berriogoitikoa eta Artikako alkate izana. Espoz Minaren hitzetan, Sarasa Nafarroan bizi izandako euskaldunik itxiena izan zen, hau da, gazteleraz nekez zekiena.
Napoleonen tropek atzera egin zutenean, hiriko frantses guarnizioak hilabete batzuk eutsi zion setiaturik 1813an, hiria ingeles armadak inguratzen zuen bitartean. Gendarme euskaldun batek, aldiz, ingelesen setioa haustea eta frantses gotortuei albisteak eramatea lortu zuen, “nafar gisa jantzirik eta euskaraz mintzatuz”, podcastaren kapitulu honek aditzera ematen duen bezala.
26 kapitulutan, Nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.
“Euskara aleka” Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose Maria Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador, Mikel Belasko, Fernando Maiora eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaile eta idazleak egin du.
Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:
Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.