Bestela uste bada ere, Nafarroan helduak euskalduntzeko lehen euskaltegiak duela 100 urte baino lehenagokoak dira. Hau da, ez dira duela lau hamarkada inguru hasi. Halaxe azpimarratzen du Euskarabideak sortu duen “Euskara aleka” podcastaren bosgarren kapituluak. Izan ere, XX. mende hasieran “Euskal katedra” edo “Euskal akademia” esaten zitzaien euskara ikasteko akademiei, hots, “Cátedra Vasca” edo “Academia de la lengua vasca”.

Aurretik ere euskara irakasteko ekimen txikiak edota han eta hemen eskaintzen ziren klase partikularrak bazeuden ere, 1910ean jarri zen abian lehenengo akademia formala, Zapateria kaleko Euskal Etxean. Diputazioak ekimen honen berri izan zuenean bere gain hartu zuen, eta Diputazioko Jauregiko areto bat atondu zuen euskarazko gelak emateko. Jose Agerre kazetari iruindarra izan zen bertako irakasleetako bat.

1922tik aurrera, Diputazioak euskarazko bi katedra ezarri zituen: bat Seminarioan eta bestea irakasletza ikasteko Eskola Normala deiturikoan, katedralaren alboan. Bertan, Jesús Aranzadi euskaltzale ezaguna izan zen irakasleetako bat.

Gerra Zibila piztearekin batera, helduen euskalduntzera bideratutako ekimen guztiak eten eta etxe partikularretan aterpetu ziren. 1950era arte, Nafarroako Diputazioak gerraondoko Euskal Herriko lehen euskaltegi publikoa izan zena sortu zuen Iruñean: Euskararen Akademia. 33 ikaslerekin hasi ziren gelak, eta Francisko Tirapu eratsundarra izan zen bertako lehenengo irakaslea. Urtebetez Kontuen Ganberan egon ondoren, akademia katedralaren ondoko Komertzio Eskolara aldatu zen, 1970era arte. 300 ikasle izatera iritsi zen.

26 kapitulutan, Nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.

“Euskara aleka Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose Maria Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador, Mikel Belasko, Fernando Maiora eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaile eta idazleak egin du.

Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:


Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.