Aurreko asteetan Nafarroako Ikastoletako ikasle eta gurasoak bookcrossing delakoa egiten aritu dira. Bookcrossing liburuak partekatzeko modu bat da. Liburu bat aukeratu eta kaleko txoko batean uztean datza, norbaitek aurki dezan. Liburuak askatzea, libre uztea, beste irakurleren bati liburu horretaz gozatzeko aukera ematea da ekimen honen helburua. Guztira 1300 liburu inguru askatu dira ekimen hau dela medio.
Zer gertatu da askatutako liburu horiekin? Non amaituko dute? Oso zaila da jakitea baina Vianako Erentzun ikastolako 5. mailako neska-mutilek, sobera duten sormenaren laguntzarekin, bookcrossing egin eta gero liburu ba-tzuen bizitza nola aldatu zen kontatuko digute.
Daniel Puente, Joseba García eta Lucia Bernetxea
'Rita Robinson' ez da irla batean galdu
Kaixo, ipuin bat naiz, eta Rita Robinson dut izena. Victor izeneko mutil baten apalategian nengoen, asperturik. Ez daukat ez azalik, ez kontrazalik, akats bat izan bai-tzen. Hala ere, irakurtzen naute. Beno, oso aspertuta nengoen, ez baininduen inork irakurtzen. Victorri bookcrossing-i buruz hitz egin zioten, eta hau esan zuen:
- Liburu hau ez dut gehiago irakurriko. Beste pertsona batzuk egin dezaten!
Hala egin zuen eta teilatu batetik koloka utzi ninduen. A ze beldurra! Bat batean, haize bolada batek zerutik eraman ninduen. Laku batean erori nintzen, baina zorionez, plastikoko poltsa batean sartuta nengoen eta ez nintzen busti. Amancio deitzen zen arrantzale batek aurkitu ninduen eta lo gelditu zen zuhaitz baten itzalean ni irakurtzen ari zen bitartean.
Ondoren, hortik zihoan otso batek ahoarekin heldu ninduen. Ehiztari batek otsoa hil zuen, eta harriturik ni hartu ninduen. Bere alabari irakurri zion nik dudan istorioa eta hori eta gero, Thailandiara zihoan lagun bati utzi ninduen. Orain Bangkoken nago, dirudienez Frank de la Junglak Groenlandiara eramango nau. Pozik nago, mundu erdia ikusi dudalako.
Aitor Arazuri, Almike Vizan eta Mikel Garcia
'Urtegi misteriotsua' liburuaren munstroa, aske!
Xabik liburu bat askatu nahi zuen eta Urtegi misteriotsua liburua kale zulo ilun batean utzi zuen. Egun horretako gauean arratoi batek hartu zuen eta gizon txiro bati eman zion. Txiroak ez zekien irakurtzen eta liburuko marraz-kiak begiratzen hasi zen. Halako batean, orrialde bat ikusten ari zela, liburutik munstro bat atera zen (hiru dimentsioko pelikuletan bezala baina errealitatean).
Munstroak liburua hartu eta Brasilgo Amazonetara eraman zuen. Oihana esploratzen ibili zen baina konturatu zenerako liburua galduta zuen. Mutiko batek Argentinako Buenos Aires hirira eramana zuen.
Mutikoak Xabi izena zuen eta liburua hondartza batean lurperatuta utzi zuen munstro eta mamuen beldur zegoelako.
Munstro gizagaixoa mundu osoan zehar dabil liburua bilatzen bere jatorrizko mundura itzultzeko.
Olaia Quintana, Uxue Ugarte eta Ruben Chasco
'Matilda' eleberria Australian
Liburu honen izenburua Matilda da. Bere jabea Erik deitzen zen. Bere ikastolan bookcrossing egiten ari zirenez, Erikek Matilda libre utzi nahi zuela erabaki zuen. Hala, berak sortutako egurrezko itsasontzi txiki batean ipini zuen, Ebroko uretan, noski.
Matilda oso kezkatuta zegoen, itsarora ailegatu eta marrazo batek irentsi zuelako.
Aste bat pasa eta gero, Italian, gizon batek marrazoa arrantzatu zuen. Gizon horrek Matildaren liburua aurkitu zuen sabelean sartuta.
Matilda oso pozik zegoen gizon horrek pizzak banatzen zituelako, baina nahi gabe pizza horietako batetara jausi zion halako batean. Pizza hori Somaliako mutiko txiro batek jan behar zuen.
Umeak, harriturik, liburua hartu zuen, baina arazo bat zegoen, umeak ez zekien irakurtzen, baina marrazkiak ikusiz zerbait ulertu zuen.
Australian bizi zen bere lehengusinari eman zion liburua eta honek, bertan bizi den irakasle bati, Itziarri. Azkenean liburua esku batetik bestera pasa eta Itziarren etxean geratu zen.
Matilda oso pozik jarri zen eta Itziarrek asko zaindu zuen bai Matilda baita liburua ere.
Lucia Lopez, Ander Duque eta Leyre Mendaza
'Kika' liburuaren magia Afrikan
Egun batean, 30 urteko neska bat Done Jakue Bidea egiten ari zen. Egun horretan, bookcrossing eguna zen herrian eta liburu bat bide erdian utzi zuten. Neskak liburua ikusi eta hartu zuen.
Egun horretan Italiara itzuli behar zuen, liburua begiratu eta esan zuen:
- Hau Italiako lagunei eramango diet.
Gau horretan bertan Italiara joan zen liburuarekin batera.
Hurrengo egunerako Italian zegoen, bere lagunei erakutsi zien eta esan zuten:
- Oso polita da, utzi irakurtzen mesedez!
Eta neskak erantzun zien:
- Ez, ez eta ez! Datorren astean Afrikara noa eta Afrikara eramango dut, Afrikarrek Kika ezagutzeko.
Afrikarrek liburua begiratu eta esan zuten:
- Zerr darrr horri??
- Liburu bat - neskak erantzun.
Tribuko buruzagiari utzi zion eta esan zion ez apurtzeko eta jende guztiari uzteko irakurtzen ikasteko eta ongi pasatzeko.
Kontatzen dute tribu horretan denek euskara ikasi zutela liburu polit hori irakurri ahal izateko.
Eta zuek utzitako liburuak... non egongo dira orain?
GORA LIBURUAK ASKATZEA!