ORREAGA. Urtero legez, Nafarroa eta Euskal Herri osotik heldutako herritarrak elkartu dira Ibañetan, gure historiarekin zuten hitzorduan. Goizaren lehen zatian, omenaldia egin diete garai hartako baskoiei, Orreagako oroitarrian, eta bigarrenean, berriz, ekitaldi nagusia egin dute Ibañetako lepoan. Antzezpenean, 778, 812 eta 824 urteak irudikatu dituzte, eta ondoren Gaizka Arangurenek irakurri du aurtengo pregoia.
Aurizberriko plazan hasi dira Orreaga Fundazioak, Etxabarrengoa Kultur Elkarteak eta Ibañeta 778 lantaldeak antolatu dituzten ekitaldiak. Goizeko 9:00etan elkartu, eta Orreagara egin dute ibilaldia hogeina lagunek. Ondoren, oroitarrian egin dute eguneko lehen ekitaldia: txalapartaz, bertsoez, aurreskuez eta irrintziek giroturik, lore eskaintza egin diete atzoko baskoiei. Lehen hitzordua atzoko eta gaurko gudarien aldeko minutu bateko isiltasunarekin amaitu da.
Eguerdian izan da ekitaldi nagusia, Ibañetako lepoan. Bigarren urtez jarraian, 778, 812 eta 824ko gertakariak antzeztu dituzte zonaldeko gazteek eta Nafarroako beste herri batzuetatik etorritako herritarrek. Gidoia Idoia Zabaltzak eta Beñi Agirre historialariak idatzi dute, eta ekitaldian Donapaleuko, Baionako, Hendaiako, Zumaiko, Larragako y Gasteizko joaldunek hartu dute parte. Azkenik, Gaizka Arangurenek irakurri du pregoia, gertakari horiek gaurkotasun politikoan kokatuz. Goiza Benito Lertxundiren Orreaga abestia kantatuz amaitu dute.Arratsaldean, herri bazkaria izan dute Garraldan eta 85 lagun elkartu dira.
HISTORIA EZAGUTUZ
778an, Orreagako gudua izan zen. Karlhandiren gizonek, Zaragozatik bueltan, Iruñea erre zuten, eta Frantziarako bidean, Nafarroako Pirinioak zeharkatzen ari zirenean, herritarrek eraso egin zioten atzera guardiari; garai hartan Europako armadarik garrantzitsuenari planto egin zioten. Gertakari horietan Errolan hil zen, Karlhandiren iloba. 812an, Karlhanandiren semea euskal lurretan zen, eta Frantziarako bidean Ibañeta zeharkatu behar zuenez, zonaldeko emakumeak eta haurrak bahitu zituen erasorik ez izateko; hau da, aitari gertatu zitzaiona saihesteko. 824an, hainbat gertakariren ostean, Eneko Aritza izendatu zuen baskoien errege, eta Iruñeko Erresuma sortu zuen, gerora Nafarroako Estatua izan zena.
Ekitaldia Orreaga Fundazioak eta Etxabarrengoa Kultur Elkarteak antolatu dute, iaz sortu zen Ibañeta 778 lantaldearekin batera.