IRUÑA. Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Bristoleko eta Sussexeko (Britainia Handia) unibertsitateetako ikertzaile talde batek, Ultrahaptics enpresarekin lankidetzan, eraiki du munduko soinu-trakzioko lehen izpia, soinu-uhinen bidez objektuak altxatzeko eta mugitzeko gai dena. “Nature Communications” aldizkarian gaur argitaratu den lan honen egile nagusia Asier Marzo Pérez informatika ingeniaria da, Doktoretzako ikaslea nafar instituzioan.
Trakzio izpiak sorta misteriotsuak dira, objektuak distantzia batetik, kontaktu fisikorik gabe, heltzeko eta altxatzeko gaitasuna daukatena. Kontzeptu hau erabilia izan da zientzia fikzioko idazleen artean eta zenbait filmetan, esaterako, “Star Trek” edo “Star Wars” serieetan, eta betidanik liluratu ditu zientzialariak eta ingeniariak. Orain ikertzaileek trakzio izpi funtzional bat eraiki dute, intentsitate handiko soinu-uhinak erabiltzen dituena, objektu txikiak heltzeko eta mugitzeko gaitasuna daukan holograma akustiko bat sortzeko.
Teknika honek mota askotako aplikazioak izan ditzake. Adibidez, produkzio industrialeko lerro batean objektu hauskorrak garraiatu eta muntatzekoa; hori guztia kontaktu fisikorik gabe. Gainera, miniaturazko bertsio batek bidea emango luke heldu eta manipulatzeko medikamentuak dauzkaten kapsulak, tresna mikrokirurgikoak edo odolbatuak giza gorputzeko ehun bizietan zehar.
“Esperientzia sinestezina izan zen trakzio izpiaren barnean objektuak lebitatzen ikusi genituen estreinako aldia ?dio Asier Marzok, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Informatikako Ingeniaritzan tituladunak. Unibertsitate berean egin zuen Informatikako Teknologietako Masterra, eta bera da proiektuaren egile nagusia?. Gogor egindako lanak bere emaitzak eman ditu. Orain aurrera jarraitu behar dugu gizartearentzat benetan erabilgarriak izan daitezkeen aplikazioak garatzen".
Bestalde, Bruce Drinkwater, Bristolgo unibertsitateko Ingeniaritza Mekanikoko sailean zientzia Ultrasonikoko irakasleak dio: "Guztiok dakigu soinu-uhinek efektu fisikoak sorraraz ditzaketela, baina hemen lortu dugu soinua kontrolatzea aurrekaririk gabeko zehaztasun maila batekin".
Sriram Subramanian, Sussexeko unibertsitateko Informatika irakasle eta Ultrahaptics enpresako kide sortzaileetako batek, gehitu du: "Gure gailuarekin, objektuak manipulatzen ditugu airean, itxura batean, grabitateari erronka eginez. Hori lortzeko, banan-banaka kontrolatzen ditugu soluzio optimoa duten bozgoragailu multzo handi bat, eta horrek holograma akustiko bat sortzen du, denbora errealean, kontakturik gabe, zenbait objektu manipulatzeko gai dena".
Goi-maiztasuneko uhinak miniaturazko bozgoragailuekin
Ikertzaileek 64 miniaturazko bozgoragailu erabili zituzten goi-maiztasuneko eta intentsitate handiko uhinak sortzeko. Trakzio-izpiak objektua intentsitate handiko soinuarekin inguratuz lan egiten du. Horrek indar eremu bat sortzen du, objektua leku horretan mantentzen duena. Bozgoragailuetako irteera kontu handiz kontrolatuz, posible da objektua mugitu eta biraraztea.
Ekipoak frogatu du hiru forma optimo daudela indar eremu akustikoetarako. Lehen eremua bi atz edo matxarda batzuen antzekoa da. Bigarrena zurrunbilo akustiko bat da (objektuak erdian harrapatuta gelditzen dira abiadura handian biraka ari diren artean) eta, hirugarrena, objektuak norabide guztietatik inguratzen dituen eta beren lekuan mantentzen dituen intentsitate handiko kaiola bat da.
Aurreko lanetan, objektua bozgoragailuekin inguratu beharra zegoen, eta horrek mugatu egiten ditu mugimenduaren hedapena eta aplikazio asko.