oizeko lauak aldera garbigailua jartzera esnatzeak pentsatzeko parada ematen dizu. Edo pentsaraztekoa sikiera. Pentsarazteko agian argi indarraren prezioaren igoeraren aurrean konponbidea ez dela makinak gauez martxan jartzea. Baina eztabaida gehiago sortzen du Arraldeko ez festetako kale edanak etengabeko lapurretek baino. Zer egingo diogu, eskandaluak ematen digu bazka.

Udan zehar herrietako festak izaten dira maiz. Izaten ziren, barka. Festak non, biharamuna han, baina azkenaldian istiluek eta kutsatzeek ere festa gaitegiko ranking-ean gora egin dute. Gazteak dira eta, zer egingo dute bada? Tabernak isterakoan etxera joan? Ez gaitezen gehiegi haserretu haiekin, agian Inditex-eko eskaparate pare bat apurtuko dituzte eta zapatila zuriak lapurtzen bukatu, kapitalismo basatiaren aurkako protesta gisan. Zahartzen ari naiz ziur, baina gure protestek mundu hobe bat zuten amesten, ez merke mozkortzeko eskubidea aldarrikatzen. Eskubideez aritzean beste zerbait amesten genuen, baina demanda errotik aldatu da.

Kasu, ez irakurri aurreko lerroetan gazteria kriminalizatzeko inongo gogorik. Jakin baitakigu, vodka botilatik zuzenean edaten dutenen artean bezainbeste babu daudela gintonica kopa handi xamar batean hartzen dutenen artean. Adina zenbaki hutsa dela esaten dute zenbait betigaztek, kasu honetan arrazoia eman beharko diegu. Adinak eta motibazio politikoak lotura gutxi xamar dute afera honetan. Independentzia ez da zintzurra pakean, parkean, merke antzera bustitzeko askatasuna.

Argiaren prezioagatik ez, baina argi gutxigatik edo politikariren batek gure gazteek, aipatutako horiek berak, pairatzen duten eskoletako antiespañolismoa ere kritikatu du. Irakasle eta adoktrinatzaile, dena bat. Egunerokoan gazteekin kontaktuan dagoena aspaldi konturatua izango da gure nerabeen arkatzen zorrotxoetan askatasuna eta amnistia bezalako kontzeptuak desagertzen joan direla. Messi eta CR7 maizago topatuko ditugu, eta ikaskideen instagram kontuen izenak barra-barra. Euskararen erabilerak ez du gora egin, eta inongo daturik gabe esango nuke abertzaletasunak ere ez duela bere momenturik loriatsuena bizi.

Globalizazio famatuaren eragina izango da ziur aski edo ekidin ezineko eboluzio bat, baina bertako identitate txikiei garrantzia kendu die input anglofono masiboak. Gure heroiak ez ziren Uztapide eta Xalbador izango, ez baikinen hain puristak ere, baina gure artista gustokoenak ez ziren agertzen neska gaztez inguratuak itsasontzi batean. Dordoka maisuaren ametsetan, akaso. Emakumea gizakia da abestietatik kalera pasa da denborarekin, jarreran behintzat, baina kontrakoa ere gertatu dela dirudi. Jarrera onartezinak abestien letretara pasa dira, modan egotera. Itxura soilik dela argudiatuko dute batzuek, pose hutsa, baina azpitik doan mezua ez zait batere gustatzen. Dirua bildu, lan gutxirekin ahal bada eta guztiaren jabe izan nahi dudana egin ahal izateko nahi dudanarekin, Eta bide horretatik ea zeinek esaten dien ezin dudala kalean edan. Zuk zenbat jarraitzaile dituzu niri horrela hitz egiteko?