itzekin ezin azal daiteke Korrikak gure herrian sortzen duena. Zazpi probintziek bat egiten dute euskararen alde, euskalduntzearen alde. Herri sentimena loratzen du ezerk gutxik bezala. Ibilbideak Euskal Herriko hamaika txoko biltzen, eta batez ere, elkartzen ditu. Miresmena sortzen digu Nafarroako erriberan, Pirinioetako elurretan edo Lapurdiko kostaldean zenbait zoro zoragarri korrika ikustean. Irrika bizia pizten digu gure herrira furgonetaren argiak gerturatzean, jende taldean sartu eta kilometro batzuetan zehar garrasi eta lasterka egiteak. Korrika da, bai, baina ez du kirolarekin harreman estuegirik. Korrika da, bai, baina ez dauka helmugara iristeko presarik.

Txikitan ikastolarekin joaten ginen Korrika pasatzen zenean. Egun oso berezia izaten zen, eta aitzakiarekin saio batzuk galduko genituen bertan parte hartzen. Beste zenbait saio petoak margotzen, abestia ikasten. Saioak galdu esan dut, baina ez, irabazi egiten genituen, gure alde egin baitzuen horrek guztiak. Korrika gauez pasaz gero korrika txikiagatik ordezkatzen genuen, baina transmisioa hor zegoen, eta gure emozioa, furgonetako bozgorailuen bolumenaren pare.

Ahotsa aldatzen hasita ginen sekula egin genuen korrika saio luzeena egin eta ikastolara behar baina beranduago bueltatu ginenean. Ultramaratoi bat ez genuen egin, baina belarritik tira zigun baten batek gehiegi luzatu ginelako. Ez Korrika jarraitu genuelako minutu luzez, bueltako bideak luzeegi hartu zigulako baizik. Emozioaren aje gazi-gozoa, harrokeriaren bidesaria.

Harrokeria hori bera da, zentzu onean ulertuta, zenbaiten debekuen gainetik, Madril, Paris edota Berlinen Korrika ospatzea. Finean dozena erdi euskaldun elkartzen diren munduko edozein txokotan ikus ditzakegu Korrikaren ahaide xumeagoak. Erroetara batzen gaituen zera hori ere baita Korrika, haririk gabeko konexioa. Emozioen lekukoa.

Gauez, egunez, ordu txikitan, aldapan gora eta behera, eguraldiaren iragarpenari kasurik egin gabe irribarre batekin pertsonak martxan jartzeko ahalmena duen festa da Korrika. Gazte, heldu eta bigarren gaztaroak elkartzen dituena lelo beraren argipean. Euskalkiak elkartzen dituena, erdarak txikitu eta mingainak mugiarazi, hatsa berreskuratzeko bada ere. Neketik indarrak atera, izerdietatik kemena eta distantziatik gertutasuna. Bide luzea motz egitea lortzen du, pauso motzak luze eta aldapak zelai. Galtza bakero, kirol arropa, zapatila eta takoiekin egin daitekeena.

Pailazo zapatekin ere egin daiteke Korrika, eta irribarre mordoa atera euskaraz. Gure hizkuntzan sentitu, pentsatu eta ekin. Sudur gorria jantzita barre eginaraztea lan erraza ez bada, horrekin batera txiki-txikitatik balore batzuk barneratzen laguntzea hare konplikatuagoa. Bejondeizuela Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Korrikaren edizio bateko omenduak izateko lan itzela egin behar baita. Jarrai dezazuela poza zabaltzen eta jarrai dezala Korrikak urte pila, pila, pila, patata tortilla.