enbat buru, hainbat aburu dioen esaldia zuzena da, zuzenegia. Eta hezkuntza mundua ez da salbuespena. Denok dakigu gainera pedagogiaz, edo hori uste dugu behintzat. Baina hezkuntzaz hausnartzen dudan bakoitzean funtsezko zenbait kontzepturekin egiten dut topo eta are gehiago, ia ehuneko ehunean ziur nago aspektu hauetako batzuetan hezkuntza komunitate ia osoa bat etorriko dela. Horratx ordagoa.

Irakurri nuen duela gutxi oraingoa dela aurrekoa baina tontoagoa den lehenengo belaunalda. Gajoak, aurreko guztiak gure gurasoak baina altuagoak, bizkorragoak atera ginen. Hauek, aldiz, grafikan joera beheranzkorra ezarri dute. Ez dut uste eboluzioak edo genetikak hemen zerikusi handirik duenik. Ziur aski orain arteko belaunaldiek aurrekoek baino aukera gehiago izan ditugu gure ikasketa eta ezagutzak zabaltzeko, eta horrek emango zigun abantaila. Baina bizkortasuna eta ezagutza bi gauza oso ezberdin dira.

Egungo ikaslegoa infantilizatuta dago, derrigor. Kontuan hartu duela hamarkada batzuk, asko hamalau urteren bueltan lanean hasten zirela. Gaur egun aldiz, hamasei urterekin oraindik irakasleak argitaratu behar dizkie eguneroko etxerako lanak online, bestela mutikoek eta neskatoek (edo gurasoek) ez baitaukate informazio hori eskuratzeko modurik. Ezinezkoa zaie entzundakoa momentuan apuntatzea.

Irakasleak gainditu eta ez gaindituak, eta adi azken kontzeptu orwelliano honi, justifikatu behar ditu. Ia azterketa, kontrol edo jarduera ebaluagarri bat egiten duen bakoitzean. Ikasleren bat kexatuko zaio, normala denez, ez baitakite frustrazioa kudeatzen oraindik. Baina gurasoren bat, edo bi ere, etorriko zaizkio azalpen eske, edo azterketaren kopia eskatzera, ikuskaritzara jotzen ez badute. Irakaslea izaki maltzurra baita, min emateko diseinatua. Etorkizunak zapuzteko sortua eta traumen pizgarri. Eta noski, nola esango dio bada gaizkiaren ordezkari horrek ikasle bati berandu etortzeagatik, piper egiteagatik edota beste bati iseka egiteagatik neurri zuzentzaileren bat pairatu beharko duela, aitatxo edo amatxo etorriko bada edozein erabaki batailatzera. Zumosoleko lehengusuaren teknika, edo eskubideen erabilera berekoia.

Baina badut konponbide magiko bat honen-tzat guztiarentzat. Hezkuntza eraldatuko duena. Panazea. Ratioa.

Ondo da ordenagailu, tablet, pantaila digital eta burura etortzen zaizkigun baliabide denak eskoletaratzea, egungo jendartera moldatu behar baikara, noski. Baina benetan iraultza ekarriko lukeena ratioa txikitzea da. Ondo apuntatu. Hor jarri behar dira aurrekontuetako dirutzak, horra hobekuntza pedagogikoa. Ez egin zalantzarik gela bakoi-tzean, hogeita hamar ikasle izan beharrean hamabost edo hogei izanda kalitateak gora egiten duela, arreta pertsonalizatuagoa izango dela eta aniztasunari hobe erantzungo zaiola. Suspenso eta errepikapenek behera egingo lukete, baina logika hutsagatik. Ez hezkuntza lege berri bat datorren bakoitzean ikasturtea igarotzeko ikasleen betebeharrak gero eta merkeago daudelako. l