utoz etxera itzultzen ari nintzen egun hartan. Inflazioari buruz ari ziren irratian, zenbat igo zen dagoeneko, eta zenbat igoko zen etorkizunean. Etorkizunologia ekonomikoaz alegia. Euskal Irrati publikoan ari ziren, bigarren katean, gaztelaniaz egiten duten horretan. EUSKADI2 izena jarria dio autoko irratiak. Arratsaldeko hirurak jo berri izango ziren. Edo goizekoak, artean bazkaltzeko bainengoen. Bat batean etorri zen barruko alarmak piztu zituen bonba. En España la inflación subirá menos porque somos... nola? somos?

Etxeko kazetari batek bota zuen, albiste bat barruan erdi kamuflaturik, orduak punttuan jotzen duenean sartzen duten buletin horietako batean. Ez zen edozein politikariren hitz jarioa. Belarrian eztanda egin zidan. Ez galdetu nola edo norantz gidatu nuen hurrengo bost minutuetan, burua zurrunbilo batean sartu baitzitzaidan. Sumina, itolarria, ideia zaparrada lasaitzeko beharra. Aingerutxo zuriak eskubiko sorbaldatik esaten zidan kazetari hark eskubidea zuela nahi zuen gisan adierazteko, eta bere burua espainoltzat badu, ez zegoela errorerik mezuan. Baina ezker sorbaldako aingerutxo gorriak ezetz, irrati publiko batek zaindu behar dituela horrelakoak, ni bezalakoak mintzeko arriskua baitago. Somos horrek ez ninduen ordezkatzen, eta ez zen iritzi moduan formulatua izan.

Batenbatek pentsatuko du ergela naizela, gehiegizko erreakzioa izan nuela. Gaur egun munduko hiritarrak garela eta ahazteko aurreko mendeko pentsamolde horiek. Baina ez. Asterix eta Obelix-ekin hazi eta hezi ginen belaunaldietakook badugu erresistentziarako tendentzia, eta erromatarrei, metro erdi ere ez.

Naziotasun eremuan pausoka-pausoka lurra galtzen ari gara. Lehen lotsagarritzat genituen hainbat gauza onargarri dira orain. Onarbehargarri, bestela aintzinera ainguratuta bizi den ultraortodoxotzat hartuko zaituztete. Ultra, azken finean. Eta etiketa hori ez zaio inori gustatzen. Tolerantziaren izenean berdin zait ondokoak zer egiten duen joera askoz onargarriagoa da. Baina berdin zait horretan metroak joaten zaizkigu ordea. Ondokoaren zelaia zapaldu nahi ez, inor ez mintzeagatik, eta ondokoak gurea lokazti bihurtu.

Hilabete batzuk izango dira, irrati berdinean baina euskarazko katean, nire autoak EUSKADI1 bezala identifikatzen duen horretan, iragarki batek eman zidan atentzioa. Oker ez banago Citroën-en iragarkia zen, auto berriren bat edo. Autoaren ezaugarri eta alde onak errezitatzen zituzten bitartean atzekaldean musika lehun bat zeukan, pianoz jotako melodia bat. Nahiko doinu gozoa, makala, baina ezaguna. Marseillesa zen. Euskal irrati publikoan Frantziako ereserkia. Harrapazan. Ideia zurrunbiloa eta sumendia berriz nere barruan. Benetan ni izan al nintzen lehenengoa horretaz konturatzen? Belarri finagoren batek antza emango zion bada lehenago. Tolerantziaren izenean, berriz, inorrek ez zuen ahotsik altxako. Metroak ez, kilometroak galtzen ari gara galtzeko ezer gutxi zegoen tokian. l