- Xipri Arbelbide, Mikel Bujanda eta Julen Zelaieta komunikatzaileak Iruñako Zaldiko Maldiko Kultur Etxean elkartu ziren ekainaren 8-an Euskal Irratiak: 40 urte ekitaldian euskarazko irratiak azken lau hamarkadetan Nafarroan eta Iparralden izan duen ibilbideari buruz hausnartzeko, irratiak euskal gizartean betetzen duen betebeharraz gain.

Gure Irratiko langile ohia den Xipri Arbelbideren ustez “irratiak Ipar Euskal Herrian ofizialtasuna eman dio euskarari”. “Lehen, euskara artzainen eta frantsesez ez zekitenen hizkeratzat hartzen zen; aldiz, orain egun osoan entzun daiteke irratia euskaraz, eta horren ondorioz munduak beste begi batzuekin ikusten du hizkuntza”, argudiatu zuen. Beraz, “irratiak prestigioa erantsi dio euskarari, eta ikastolen eta euskararen ikasketa lana erraztu du ere”, zion Arbelbidek.

Aldiz, Euskal Herriko sortzailea izandako Mikel Bujandak euskarak Iruñerriko bizi duen egoera aztertu zuen. Gogorarazi zuen bezala, “Euskalerria irratia martxan jarri zenean euskara hizkuntza txikia eta ahula zen, eta gaur egun hori ez da asko aldatu”. Bere ikusbidetik, “irratiak euskararen alde jarduteko balio izan du, funtzio bat betetzen du eta bere eragina izan du, zalantzarik gabe, baina ez dira inolaz ere komunikabide horretan jarri izan diren amets eta itxaropen guztiak lortu”. Beste alde batetik, “duela berrogei urte, euskal irratia hasi zenean, komunikatzeko aukera gutxiago zeuden; eta gaur egun komunikabide mota gehiago eta eskuragarriagoak daudezez, irratiak, orokorrean, proportzionalki gero eta eragin gutxiago dauka, entzuleak gero eta disgregatuagoak daude eta”.

Bestalde, Xorroxin irratian lan egiten duen Julen Zelaietak teknologia berrietan bideratu izan zuen bere hausnarketa: “Iraganean, irratia bakarrik zuzenean entzun ahal zen, eta ez bazenuen momentu horretan harrapatzen, ez zegoen eduki hori berreskuratzeko edo berriz entzuteko modurik”. Gaur egun, berriz, “elkarrizketak grabatu ondoren hedabide digitalean, irratiaren webgunean, ipintzen dira, eta era horretan entzuleak eduki hori edonon (kotxean, sukaldean dabilen bitartean...) eta nahi duen garaian kontsumitu dezake”. Horrek “aukera asko ematen dizkio irratiaren industriari”. “Beraz, aldaketa teknologikoak gure alde daude eta onura ematen digu”, ondorioztatu zuen.