Haur Hezkuntzako Paz de Ziganda Ikastolako HIZAN izeneko marko pedagogikoaren baitan, ekintzan oinarritutako ikaskuntzari garrantzi handia ematen diogu. Haurrak berezko gaitasunak ditu, berezkoa du ere esperimentatzeko grina, eta testuinguru aberatsa eta ziurra eskaini ez gero bera bihurtuko da bere garapenaren protagonista. Ekintza bitartez haurra bere buruarenganako konfiantza garatzen doa, bere gaitasun eta mugekin jolasten du, gero eta autonomoagoa da, lagunekin erlazionatu eta ingurua aztertzen hasten da. Hau da, munduan bere tokia aurki-tzen dihoa, ingurunera modu malguan eta orekatuan egokituz.

Formakuntza adituekin

Paz de Ziganda ikastolan psikomotrizitateak trataera sakona izan du betidanik. Hala ere, ikasturte honetan berrikuntzekin ekin diogu eremu honi beti baitago hobetzeko aukera. Iraila eta urrian zehar Arantza Irastorza eta Camino Mateo adituen eskutik, Haur Hezkuntzako irakasle guztiok formakuntza ikastaro bat burutu berri dugu. Prebentzioa, detekzioa eta eskuhartzea gure ikuspegiaren ardatz nagusiak dira eta psikomotrizitate gelak lan honetan sakontzeko aukera paregabea ematen du. Duela urte batzuk sentsibilizazio ikastaro bat egin genuen, baina arlo honetan sakondu nahi genuen. Izan ditugun formazioen bitartez, psikomotrizitate erlazionalaren oinarrietan sakontzen joan gara. Egile desberdinen artikulu eta liburuak irakurri ditugu. Bideoz grabatutako hainbat egoera ikusi eta aztertu ditugu. Taldeko kide bakoitzaren iritzia entzun eta hauek kontuan hartuz, bakoitza bere iritzi propioa osatzen joan da.

Haurraren gogo, plazer, interes eta beharrizanetatik abiatuta, proposa daitezkeen jarduera eta ekintzak ani-tzak dira: oihaltxo batek etxea eta ikastolaren arteko trantsizio lana bete dezake, salto egiteak hanken bitartez deskarga egiten laguntzen du, pilota bat eskutik eskura pasatzeak begirada ziurtatzen du… “Hor zaude, ikusten zaitut”. Baina, zalantzarik gabe, ez dago psikomotrizista batek presente egoteko eta harreman kontzientea ziurtatzeko duen gaitasuna bezalakorik. Eta gaitasun horiek formazioa eta praktikaren bitartez lortzen dira. Hemen eta orain egoteko denbora eta espazio bat eskaintzen du psikomotrizitate saioak.

Ikasturte hasieran izan ditugun saio teorikoen ostean, bideo grabaketaren bitartez, hainbat saioren garapena behatu eta aztertuko ditugu. Era horretan, irakasleok, adituen aholkularitzapean, gure praktikaren gaineko hausnarketari esker, gure lana hobe-tzeko aukera izanen dugu. Etengabeko formakuntza eta eguneraketa gure proiektu pedagogikoaren ezaugarrietako bat izan da ikastolaren sorreratik. Gure ezagutza zabaltzen doan heinean, gure praktika pedagogikoa aberasten da.

Haurraren beharrei erantzunez

Haur Hezkuntzan behaketa dugu ebaluazio tresnarik garrantzitsuena eta psikomotrizitate gela toki ezin hobea dugu behaketa lanean sakon-tzeko. Haur bakoitzaren momentua ezagutuz, modu egokiagoan erantzunen diegu bere beharrei. Saioan haur bakoitzaren gatazkak, desioak eta beharrak azalaratzen dira eta haurraren mundu afektiboa loratzen da. Psikomotrizitate erlazionalak doikuntza afektibo-emozionalerako prozesuak indartzeko aukera ematen du. “Haurrari bere gorputzaren bidez hitz egiten utzi behar zaio” (Ajuriaguerra).

Irakasle guztiok formazioa jaso dugu bakoitza bere taldearekin psikomotrizitate gelan lanean aritu ahal izateko, baina 3 urteko geletan beste antolaketa bati ekin diogu aurten. Talde erdiak, hamabiren bat haur, ordu eta erdiko psikomotrizitate saioa burutzen duen bitartean, beste erdia adierazpen tailerrean aritzen da. Saio horiek psikomotrizitate erlazionalean adituak diren Amane elkarteko kideek burutzen dituzte. Maider eta Iker izanen dira aurten psikomotrizista moduan arituko diren profesionalak eta talde bakoitzaren tutorearekin elkarlanean arituko dira. Izan ere, haurraren prozesuak ez dira psikomotrizitate gelara edota ikasgelara mugatzen. Prozesu sakonak dira, luze iraun dezaketenak eta erabakiorrak haurraren garapenean.

Formazioan eta elkarlanaren oinarritutako bide berri bati ekin diogu ikasturte honetan, betiere, haurra erdigunean kokatuz.