“Ikusi makusi, zer ikusi? ikusten, ikusten, ikusten… Gauza bat hasten dena, hasten dena…”. Jolasa da hasten dena, baita euskaraz hasi ere. Gurasoek seme-alabekin jolasteko edo haurrek elkarren artean jostatzeko formula ezagunenetariko bat dugu hau, baina ez da bakarra. Euskaraz jolastu ahal izateko hamaika modu dauden arren, gurasoek zailtasunak izan ditzakete hauek topatzerakoan, ezezagutzagatik edo, besterik gabe, euskaraz ez dakitelako. Egoera horri irtenbidea ematen dio era.eus plataformak, Jolasak eta solasak ekimenaren laugarren edizioarekin. Aurrekoetan bezala, aurten ere sei bideo berri ekoiztu eta sareratu dituzte,etxean, kalean zein kotxean haurrekin euskaraz jolasteko moduak erakutsiz, baliabideak eskainiz.

Bideo laburrak dira, didaktikoak eta ulerterrazak, non helduak eta haurrak elkarrekin jolasean agertzen diren, egoera eta leku desberdinetan. Bideoak www.era.eus plataformako baliabideen atalean aurkitu daitezke, arloka sailkatuta: eskuekin jolasteko, sokasaltoan aritzeko, zotz egiteko, niniekin jolasteko, lokartzeko, denbora pasatzeko, goma jolasean aritzeko… Une, jolas-mota eta adin guztietarako adibideak aurkitu daitezke bertan. Bestalde, ez dira jolasak bakarrik, izan ere, solasak ere aurkitu daitezke, egoera zehatzetarako euskarazko baliabideak. Hala, haurrak elkarrekin haserretzen direnean elkarren behatzak elkartu eta “bakettit” esan dezakete; edo haur batek min hartzen duenean Joan da mine, putz urrine, joan da belauneko mine, joan da Xabaten mine abestu diezaiokegu.

Asmoa eta helburua, azken batean, gurasoei bidea errazteko baliabideak eskaintzea da, Zizur Nagusiko euskara teknikari Alfredo Dufurren arabera. “Urtero, azken lau urteotan, sei bideo berri igo ditugu plataformara. Asmoa da gurasoei laguntzea edo irakastea seme-alabekin euskaraz jolasten, ez bakarrik etxean, baita kalean, jolastokian, kotxean doazen bitartean… Gurasoek har dezatela erreferentzialtasun hori. Hau da, Piedra, papel o tijera-n jolastu ahal gara, edo Harri, orri, ar-en. Jolastu ahal gara soka-saltoan euskarazko formula batekin, edo beste formula batzuekin”.

Euskaraz ikasten duten haurren gurasoentzat dira bideoak. Baina ez bakarrik guraso euskaldunentzat, baita euskaraz ez dakitenentzat ere. Hala, materiala didaktikoa da, azpitituluekin ikusi daiteke eta irudien bitartez ulertzeko modukoak dira. Bidenabar, bideo labur bakoitzean agertzen den jolaseko testua PDF formatuan ere aurkitu daiteke plataforman bertan.

Katubik ekoiztu du ikus-entzunezko materiala. Dufurrek argitu moduan, Nafarroako toki desberdinetan grabatu izan dira Jolasak eta solasak-en edizioak: “Saiatzen gara edizio bakoitza ingurune desberdinetan grabatzen. Lehenengo bi edizioak mendialdean egin genituen, Bortzirietan eta Leitzan; eta hurrengo edizioa Iruñerrian egin genuen, Burlatan. Azken edizio hau Zizurren grabatu dugu”.

J&S Zizurren grabaketa Cedida

Baliabide anitzak plataforma bakarrean 

Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuek elkarlanean sortutako plataforma bat da era.eus webgunea, euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko eta seme-alaben ikas-prozesua osatzeko helburuak dituena. Egileek argitu bezala, “haurrek ikastetxeetan dagokien adinerako ezagutzak eta gaitasunak jasotzen eta garatzen dituzte, baina euskarak gizartean duen presentzia desorekatua kontuan hartuta, ezagutza eta gaitasun horiek eskolaz kanpo ere indartzea egokia da, esaterako, etxean, kultur jardueretan edo eskolaz kanpoko jardueretan”. “Gurasoei euskararen transmisioan eta sozializazioan laguntzea da asmoa, tresna hau eskuragarri jarrita”, azpimarratu du Dufurrek berak.

Jolasak eta solasak, izan ere, ez dira plataformak eskaintzen dituen baliabide bakarra. Astero gai desberdinak jorratzen dituen albiste edo artikulu bat igotzen da, webguneak dauzkan hiru atal nagusiak elikatzen dituena: Etxean, Eskolan eta Eskolaz kanpo. Izan ere, ERAk baliabide sorta zabala eskaintzen du, eta baliabide horiek eremu guztietara zabaltzea da helburua, haurrak gero eta toki gehiagotan ari daitezen euskaraz, ez bakarrik eskola eremuan. Hala, eduki hauek modu desberdinetan antolatzen dira sekzio bakoitzaren barruan: euskara dakiten edo ez dakiten gurasoentzako baliabideak, haurren adinaren arabera sailkatutako edukiak edo eskolaz kanpoko jardueraren araberakoak.

Zizur Nagusiko euskara teknikariak azaldu moduan, alta, jatorrizko edukiak sortzea ez da gurasoak laguntzeko eskaintzen den bide bakarra. Erak, izan ere, internet den sare zabalean aurkitu daitezken bestelako baliabideak ere biltzen ditu, gurasoei lana errazte aldera. Eskolaz kanpoko orduetan nola uztartu euskara? Bertan aurkitu daitekeen dekalogoa jarrai dezakezu. Ez dakigula euskarazko sehaska kantarik? Baliabideen atalean txoko berezi bat aurkitu daiteke, adin desberdinetako haur kantak biltzen dituena. Ostiral gaua, eta ez dakigula etxeko txikiari zein film jarri euskaraz? Bertan aurkitu daitezke interneten dauden euskarazko filmak. Euskarazko app-ak, marrazki bizidunak, liburu eta ipuinak, hezkuntza baliabideak, gurasoentzako aholkuak… Anitza eta amaigabea da aurkitu daitekeen edukien zerrenda.

Etengabe berritzen eta gaurkotzen den atala bada Agenda, halaber. Bertan, hurrengo egun eta asteetan Nafarroa osoan aurreikusten den euskarazko eskaintza kulturala biltzen du Erak, zalantzarik gabe gurasoentzat baliagarriena suertatu daitekeen ataletako bat. Tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak, antzerkia, ipuin-kontalariak… Tokian-tokiko agenda kulturala leku bakar batean aurkitzeko aukera eskaintzen du webguneak.

Plataformaren arduradunek argitu moduan, Eraren edukiak mugagabeak izan daitezke. Izan ere, argi daukate: “Familiek helarazten dizkiguten behar eta eskaerek aberasten dute webgunea eta, denon artean, belaunaldi berriak euskaraz hazteko bidea”.