GUGAN 2030 eraldaketa prozesua orain dela bost aurte abiatu genuen San Fermin Ikastolan eta aurten gelaratu dugu. DBHko lehenengo mailako ikasleek ezagutu dute lehenik eta, datozen ikasturteetan, gainontzeko mailetara hedatzen joango da.

Aurreneko hilabeteotan, Lina Andueza Bigarren Hezkuntzako Zuzendari Pedagokioaren arabera, batez ere ikasleriaren artean elkar-ekintza gehiago sortzen dela sumatu dute dagoeneko. “Dinamikak berak atentzio geihago eskatzen du. Orain denbora pila bat dugu elkarrekin lan egiteko eta ikasteko, bai ikasleek, baita irakasleek ere”. Izan ere, eraldaketa honekin batera, orain gutxienez bi edo hiru irakasle batera sartzen dira gelara ordu berean. Horretarako, ohiko bi gela elkartu dituzte espazio berean eta, honen antolaketan ere, bada alderik, taldeka eseritzen baitira beti.

Honek guztiak, gainera, irakaslearen rol aldaketa ekarri du,dagoeneko ez direlako saioaren protagonista nagusiak edukiak plazaratzen. Ikasleek erabakiak hartu behar dituzte, ardurak dituzte eta lan egiteko moldea zentzu honetan asko aldatu da. Berritasuna da, bidenabar, astearen hasieran eta bukaeran egiten dituzten Iturria eta Otarrea jarduerak; astea hasteko eta bukatzeko tarte eta modu desberdin bat proposatzen zaie ikasleei, besteak beste, haien lana zein den, nola planifikatu behar duten aztertuz eta horren guztiaren gaineko kontzientzia har dezaten.

PERTSONA EREDUAREN LANKETA

Beste berrikuntzetako bat Hegoak eta Errotak saioak dira. Barnekotasuna lantzeko tartea da hau eta astean behin egiten dituzte tutoreekin batera. “Ikasi ahal izateko, barneko mundua konpondu beharra dago” dio Anduezak eta, sortzen zaizkien arazo zehatzei konpobideak bilatzeaz gainera, bereziki Pertsona Ereduaren lanketa bideratzen saiatzen dira tarte horietan. Baina Pertsona Ereduaren lanketa ikasgai guztietan txertatzen da, auto-erregulaziorako aukerak emanez eta ebaluatzeko maila anitzetako proposamenak eginez. Aurten, esaterako, ikasle gehienek maila altuena aukeratzeko joera izan dute eta aukera polita suertatzen ari da, asko loratzen ari direlako.

Berrikuntza horiez gain, hizkuntzen zutabea ere aipagarria da. Arlo hori lantzeko ekoitzi den material didaktiko berriari esker, euskara, gaztelania eta inglesaren arteko hizkuntzen transferentziak egiten direlako. Eta gainontzeko ikasgaiei dagokionez, esanguratsua da Gizarte eta Natur Zientzien artean egiten ari den uztarketa. Horretarako, “Errota”k lantzen dituzte, gai baten inguruan diziplinarteko lanketak proposatuz. Bi ezagutza arlo hauek batera lantzerakoan, jakintza estanko horien ikuspegiarekin hausten da eta inguratzen gaituen errealitatea hobeki ulertzen laguntzen die.

LEHENENGO ERROTA: LURRARI ZOR

Natur Zientziekin lotura duten gaiei dagokionez, harriak, mineralak eta abar lantzen ari dira, baina Gizarteko ikasgaiaren ikuspegiarekin uztartuz: neolitikoko tresnak, baliabide horiek garaiko gizarte antolaketan izan zuten eragina… Julen Fagoaga irakaslearen aburuz, edukiak aitzakia bilakatzen dira eta fokoa Errota honen bukaeran egingo duten Azokan jarri dute. Bertan erakutsiko baitiete gainontzeko ikasle eta familiei ikasi dutena. Pizgarri moduan, Kongoko mehategien ustiaketaren adibidea hurbildu zaie, besteak beste, Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundearen eskutik ikasturte hasieran antolatu genuen Ivan Benitezen argazki erakusketaren bitartez.

Fagoagak azaldu digunez, ikasketa prozesua bidea bilakatzen ari da: “gustora ikasten dute eta egiten duten lanketa horrek ondoren benetako zerbaitetan bilakatuko dela ikusten dute; gurasoei eta beste ikaskideei zer ikasi duten kontatu behar diete eta beraz ongi ikasteko eta lantzeko zentzu bat ikusten diote gaiari”.

Koirakaskuntzan aritzea ere berritasun handia izan da irakasleentzat. “Gure figura asko aldatu da” dio Fagoagak, “saio teoriko batzuk egon badaude, ikasleen beharren araberakoak, eta zerbaitetan azalpena behar badute, eskatzen dute, baina orain irakaslea bidelaguna da gehiago, dinamizatzailea eta behatzailea”. Talde kooperatiboetan aritzeak ere behaketa horren lanketan lagungarri zaiela adierazi digu DBHko irakasleak, “taldeka daudenean, ikasleen identitatea askoz gehiago nabaritzen da, agerikoagoa da, eta hori tutoreen behaketan oso lagungarria da”.

Behaketa hori, gainera, orain aktiboagoa dela uste du, lehen bi begi zeuden tokian orain lau daudelako gutxienez saio bakoitzean. “Ikasleak akademikoki zein pertsonalki hobeto ezagutzeko aukera ematen digu, ordu gehiago gaudelako haiekin”.

Abian da beraz GUGAN 2030 hezkuntza eraldaketa eta aurten errealitate bihurtzen hasi da DBHko 1. mailan egin den gelaratzearekin. Datozen ikasturteetan, beste mailetara zabaltzen joango gara eta horretarako, dagoeneko, prestakuntza eta ekoizpen lanetan arituko dira aurtengo ikasturtean ere hainbat irakasle.