Euskaraz bizitzeak hizkuntza gure bizitzako arlo guztietara eraman ahal izatea dakar, baita aisialdiaren eremura ere. Izan ere, euskara eskolaz kanpo erabiltzeak berebiziko garrantzia dauka hizkuntza gaitasunaren garapenean. Era.eus plataformaren arduradunek argi daukate hori eta, seme-alaba euskaldunak hezten ari diren gurasoak laguntzen jarraitzeko asmoz, 2024ko udarako, dagoeneko antolatu diren euskarazko udalekuen zerrenda luzea osatu dute.

Nafarroako 28 toki entitatetako Euskara Zerbitzuak dira plataformaren arduradunak, eta elkarlanean garatu dute udalekuen bilduma, “gure inguruan dagoen eskaintza zabalaren” artean gurasoek aukeratu ahal izan dezaten. Hala, Era.eus plataformako Baliabideak atalaren baitan aurkitu daitekeen Eskolaz kanpokoak azpi-atalean dago honen inguruko informazio guztia.

“Haurra koskortu ahala, aisialdiak gero eta toki eta garrantzia handiagoa hartuko du bere bizitzan”, argitu du Araitz-Betelu-Larraun eta Lekunberriko Udaletako euskara teknikari Ainhoa Berazak. “Aisialdiak bere bizitza aberastuko du, baita euskara ikasteko eta erabiltzeko prozesua ere. Izan ere, hizkuntza ez da bakarrik eskolan ikasten, bizitzan ere ikasten da. Eta gurasoek badute horretan zer esana, umearen aisialdiari dagozkion erabakiak hartzeko unean hizkuntzaren faktorea kontuan hartzeko giltzarri baitira”.

Asmoa eta helburua, azken batean, gurasoei bidea errazteko baliabideak eskaintzea da. Baina ez bakarrik guraso euskaldunei, baita euskaraz ez dakitenei ere, plataforman bertan eskaintzen zaien informazioari esker erreferentzialtasun eremu bat eskainiz. Gainera, “zinez beharrezkoa” da gurasoek aisialdiari duen garrantzia ematea. “Denbora horretan haurrak ongi pasatzeaz gainera, bere sozializazio eremuak zabalduko ditu eta bere nortasuna eraikitzen lagunduko dioten bizipen berriak bereganatuko ditu. Aisialdiak bere bizitza aberastuko du, baita euskara ikasteko eta erabiltzeko prozesua ere”.

Eskola funtsezkoa da euskararen ezagutza eta erabileran, baina umeak bertan urteko esna orduen %15 baizik ez du ematen, eta beharrezkoa da gainontzeko %85 horretan ere arreta jartzea. “Gurasoek erabakitzen dute eskolaz kanpoko denbora tarte zabal horretan haurrak eginen duen ibilbidea. Hortaz, erabakiak hartzeko unean hizkuntzaren faktorea kontuan har dezaten, baliabide desberdinak eskaintzen dizkiegu”.

Udalekuak euskaldunei ez ezik, euskaraz ez dakitenei ere zuzenduta daude

Baliabide anitzak plataforma bakarrean

Nafarroako toki-entitateetako 28 Euskara Zerbitzuek elkarlanean sortutako plataforma bat da era.eus webgunea, euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko eta seme-alaben ikas-prozesua osatzeko helburuak dituena. Egileek argitu bezala, “haurrek ikastetxeetan dagokien adinerako ezagutzak eta gaitasunak jasotzen eta garatzen dituzte, baina euskarak gizartean duen presentzia desorekatua kontuan hartuta, ezagutza eta gaitasun horiek eskolaz kanpo ere indartzea egokia da, esaterako, etxean, kultur jardueretan edo eskolaz kanpoko jardueretan”. “Gurasoei euskararen transmisioan eta sozializazioan laguntzea da asmoa, tresna hau eskuragarri jarrita”, azpimarratu du Zizur Nagusiko euskara teknikari Alfredo Dufurrek.

Astero gai desberdinak jorratzen dituen albiste edo artikulu bat igotzen da, webguneak dauzkan hiru atal nagusiak elikatzen dituena: Etxean, Eskolan eta Eskolaz kanpo. Izan ere, ERAk baliabide sorta zabala eskaintzen du, eta baliabide horiek eremu guztietara zabaltzea da helburua, haurrak gero eta toki gehiagotan ari daitezen euskaraz, ez bakarrik eskola eremuan. Hala, eduki hauek modu desberdinetan antolatzen dira sekzio bakoitzaren barruan: euskara dakiten edo ez dakiten gurasoentzako baliabideak, haurren adinaren arabera sailkatutako edukiak edo eskolaz kanpoko jardueraren araberakoak.

Zizur Nagusiko euskara teknikariak azaldu moduan, alta, jatorrizko edukiak sortzea ez da gurasoak laguntzeko eskaintzen den bide bakarra. Erak, izan ere, internet den sare zabalean aurkitu daitezken bestelako baliabideak ere biltzen ditu, gurasoei lana errazte aldera. Eskolaz kanpoko orduetan nola uztartu euskara? Bertan aurkitu daitekeen dekalogoa jarrai dezakezu. Ez dakigula euskarazko sehaska kantarik? Baliabideen atalean txoko berezi bat aurkitu daiteke, adin desberdinetako haur kantak biltzen dituena. Ostiral gaua, eta ez dakigula etxeko txikiari zein film jarri euskaraz? Bertan aurkitu daitezke interneten dauden euskarazko filmak. Euskarazko app-ak, marrazki bizidunak, liburu eta ipuinak, hezkuntza baliabideak, gurasoentzako aholkuak… Anitza eta amaigabea da aurkitu daitekeen edukien zerrenda.

Etengabe berritzen eta gaurkotzen den atala bada Agenda, halaber. Bertan, hurrengo egun eta asteetan Nafarroa osoan aurreikusten den euskarazko eskaintza kulturala biltzen du Erak, zalantzarik gabe gurasoentzat baliagarriena suertatu daitekeen ataletako bat. Tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak, antzerkia, ipuin-kontalariak… Tokian-tokiko agenda kulturala leku bakar batean aurkitzeko aukera eskaintzen du webguneak.

Plataformaren arduradunek argitu moduan, Eraren edukiak mugagabeak izan daitezke. Izan ere, argi daukate: “Familiek helarazten dizkiguten behar eta eskaerek aberasten dute webgunea eta, denon artean, belaunaldi berriak euskaraz hazteko bidea”.