Patxi Larrainzar ikastetxean, gure ikasleak berdintasunean hezitzeko helburua duen Skolae programa aurrera eramaten dugu azken urteotan. Programa horren barruan Identitate Hezkidetzailea Garatzeko Plana sortu dugu ikastetxean, bertan ildo ezberdinak garatzen dira, lan taldeen bidez. Ildo horietariko batek emakume erreferenteak eskolara hurbiltzeko helburua du. Hori horrela izanik, urtero eskolak familiei banatzen dien egutegia egiten duenez, aipatutako bi helburuak uztartu ditugu, Auzoko Emakumeen Egutegia sortuz.

Aurreko ikasturtean auzoko emakume erreferente ezberdinekin harremanetan jarri ginen, eta ikasturteko lehenengo hiruhilabete honetan guregana hurbiltzen ari dira. Ikasgeletara etorri dira beraien lana eta jarduna ezagutaraztera, ikasleekin harremanetan jarriz eta jarduera ezberdinak beraiekin aurrera eramanez.

Haur Hezkuntzan, Bakarne Atxukarro Estomba idazleak “Euskal Mitologia haurrei kontatua” liburua aurkeztu digu. Izaskun Marturet Lorenterekin yoga saio bat egin dute gure ikasleek eta Taupadak Hip-Hop taldeko Anne González Plazasekin, taldearen ibilbidea ezagutu eta hip-hopa dantzatu dute.

Lehen Hezkuntzan, Maite Valero Eliak, futbolari bezala egin duen ibilbidearen berri eman digu eta bere bizipenak gurekin partekatu ditu. Bittori Elizalde Soto bertsolariarekin koplak abestu ditugu eta eskola gaia hartuta, berriak sortu ditugu. Naroa Iturain Arrastuk, pilotaria, pilota teknikaria eta epailea, pilotaren historiaren berri eman digu, baita jolasteko moduak, frontoiak eta material ezberdinak erakutsi ere.

Arantxa Villanueva Salinas dantzaria eta koreografoarekin, Piztu abestiarekin koreagrafia sortu eta dantzatu dugu. Oihana Iñigo Olondrizek, auzoko biztanle ezberdinen pasadizoak biltzen dituen bere liburua aurkeztu digu.

Lide Arrieta Álvarez eta Begoña Garaikoetxea Diaz Arrotxapeko Talde Feministan egiten duten jardunaren berri eman digute. Haien lanaren nondik norakoak azaldu dizkigute, taldean parte hartzeko grina nondik sortu zitzaien kontatu digute. Azkenik emakumeek familia giroan, kirol munduan eta eskolan duten paperaz hausnartzera eraman gaituzte.

Guraso Elkartearekin biltzera Goxoki auzoko dendako dendaria etorri da. Irakasleak auzo mugimenduan murgilduta eta urte askotan auzoko dendaria izan den Kontxesi San Juan Elizalderekin elkartu gara.

Azkenik, eskolako garbiketako langileak, jantokiko eta atezaintzako langileak ere omendu nahi izan ditugu. Gehienak emakumeak dira eta auzoko eskolan ezinbesteko lana egiten dutelako haien lekua aldarrikatu nahi dugu.