Adimen artifiziala ez da zientzia-fikziozko kontua bakarrik. Hemen dago, gure bulegoetan, gure lantegietan eta egunero erabiltzen ditugun ia aplikazio guztietan. Eurobarometroaren inkesta baten arabera, Europako herritar gehienek uste dute teknologia digitalek, adimen artifiziala barne, eragin positiboa dutela bere eguneroko zereginetan, ekonomian, gizartean eta bizi-kalitatean.
Edozein kasutan ere, onarpen horrek baditu zenbait galdera ikur. Inkestak erakusten duenez, herritarrok berrikuntzaren aldekoak gara, baina ez gaude prest uko egiteko ez lan-babesari, ez haien eskubide indibidualei, ez sozialei. Gehiengoa lanean roboten eta erabakiak hartzeko AAren erabileraren aldekoa bada ere, % 84k dio horrelako teknologiak kontu handiz kudeatu behar direla.
Europako langileen bi herenen (% 66) ustez, teknologia digitalek (AA barne) egun duten lanean inpaktu positiboa dute. Pertzepzio positibo hori bizitzako beste alderdi batzuetara ere zabaltzen da: ekonomia, bizi-kalitatea eta Gizarte Segurantzaren prestazioak. Gainera, erdiak baino gehiagok (% 56) uste du gizartean duten inpaktua ere positiboa dela.
Estatuko langileak Europakoak baino baikorragoak dira gai horren inguruan. % 73k uste du teknologia hauen inpaktua egun duten enpleguan positiboa dela. Ehuneko hori Europa maila erregistratutakoa baino zazpi puntu altuagoa da. Estatuko langileen % 65ek ekonomiarako onurak ere hautematen ditu, % 67k bizi-kalitaterako, % 68k Gizarte Segurantzaren prestazioetarako eta % 61ek gizarterako.
Hala ere, Estatuko langileak eszeptikoagoak dira robotak eta adimen artifiziala lantokian sartzeari buruz. Zehazki, % 56k positibotzat jotzen ditu teknologia horiek, baina heren batek baino gehiagok (% 37), berriz, ikuspegi negatibo bat du gai horren inguruan. Teknologia horiek enpleguan izango duten inpaktuaren inguruan ere kezka handia dago. Europarren bi heren (% 66) beldur dira robotek eta AAk sortzen dituztenak baino enplegu gehiago suntsituko ote dituzten. Kezka hori handiagoa da Espainian, eta % 74ra iristen da. Hala ere, Europar Batasuneko biztanleriaren ehuneko handi batek automatizazioaren onura praktikoak onartzen ditu. % 73k onartzen du robotek eta AAk lan-erritmoa azkartzen dutela, % 66k AA ezinbestekotzat jotzen du errepikakorrak eta aspergarriak diren atazak egiteko eta, % 53k uste du lagungarriak izan daitezkeela erabaki zehatzak hartzeko. Txanponaren beste aldean, % 61ek uste dut lankideen arteko komunikazioan eragin negatiboa izan dezaketela.
Gaitasun digitalak
Europarren % 70ek eta espainiarren % 73k uste dute gai direla beren eguneroko bizitzan teknologia digital berrienak erabiltzeko. Enplegatuen artean, europarren %75ek, eta estatuko % 82k, uste dute egun egiten duten lanerako beharrezkoak diren gaitasunak dituztela. Datu horiek errealitate gordinago batekin egiten dute talka: europarren ia % 45ek ez dute oinarrizko gaitasun digitalik.
Danimarka, Finlandia eta Suedia dira gaitasun digitaletan konfiantza gehien dituzten herrialdeak. Grezia, Hungaria, Italia, Portugal eta Errumania, berriz konfiantza-maila baxuenak dituzten herrialdeak dira. Banaketa geografiko hori bat dator, neurri handi batean, lan-ingurunean AAren alde dauden eta ez dauden herrialdeekin.
Gazteenak, hezkuntza-maila altuena duten herritarrak, baliabide ekonomiko gehiago dituzten horiek eta egun lanean daudenak dira AArekiko jarrera positiboena dutenak. 15 eta 24 urte bitarteko gazteen % 71ek positibotzat jotzen du teknologia berriek lan-esparruan izan dezaketen inpaktua. 55 urtetik gorakoen artean, adibidez, kopuru hori hamar puntu baxuagoa da. Gai honetan genero-arrakala dagoela ikus daiteke. Izan ere, gizonen % 73k uste du adimen artifiziala erabiltzeko gai dela bere eguneroko bizitzan; emakumeen kasuan, berriz, kopuru hori sei puntu baxuagoa da.
Algoritmoa eta lan-kudeaketa
Algoritmoak planifikazioa, antolaketa, zuzendaritza, koordinazioa eta lanaren kontrola bezalako kudeaketa-funtziotarako erabil daitezke. Europako langileen % 62k eta Estatuko % 71k badaki bere enpresak teknologia digitalak erabiltzen dituela lan-jarduerak kudeatzeko. Gehien erabiltzen diren aplikazioak honako hauek dira: segurtasuna (% 30), ordutegien kudeaketa (% 29) eta jardueren gainbegiratzea (% 24). Ohiko beste erabilera batzuk dira: atazen esleipena (% 22), errendimenduaren ebaluazioa (% 21) eta langileen kontratazioa (% 18).
Inkestak agerian uzten duenez, enpresak ez dira oso gardenak horrelako aplikazioen erabileran. Europako langileen % 49k soilik adierazi du enplegatzaileak teknologia horien erabileraren berri eman ziela. Espainian, % 52k dio bere enpresak ez ziola informaziorik eman lan-jarduerak kudeatzeko teknologia digitalen erabilerari buruz. Komunikazio falta horrek ez du bat egiten enplegatzaileek esaten dutenarekin: % 53k dio bere enplegatuak informatu dituela.
Espainiako langileen % 78k uste du bere enpresak teknologia digitalekin lan egiteko beharrezko tresnak ematen dizkiela, Europako batez bestekoa ( % 68) baino hamar puntu gehiago.
Erregulazio handiagoa
Europarrek garbi dute zein alderdik behar dute erregulazio handiagoa. Adibidez, % 82k uste du beharrezkoa dela langileen pribatutasuna babestea. Ildo berean, % 77k langileak eta haien ordezkariak teknologia berrien diseinuan inplikatzea eskatzen du, % 75ek gardentasun handiagoa eskatzen du giza baliabideei buruzko erabakietan, eta % 74 erabat automatizatutako erabakiak hartzeko prozesuak debekatzearen aldekoa da.
Europarrek uko egin diote AA erabiltzeari kaleratze automatikoetarako (% 78 aurka), gehiegizko gainbegiratzerako (% 63) eta errendimenduaren ebaluazio automatizaturako (% 57). Baina adimen artifizialaren erabilera babesten dute laneko segurtasuna hobetzeko (% 67 alde, % 72 Espainian), eta nolabaiteko onarpena adierazten dute atazak esleitzeko (% 49 alde eta % 44 aurka).
Eurobarometroaren inkestak egungo digitalizazio prozesu azkarraren jakitun den gizarte europarra aurkezten du. Langileek berrikuntza teknologikoa eta egunerokoan ekar ditzakeen hobekuntzak onartzen dituzte, baina ez edozein preziotan. Ez diete uko egin nahi, logikoa denez, ez lan-babesari, ez eskubide sozialei, ez lan-erabakietako giza faktoreari.