Urtero bezala, Nafarroa Oinezeko egitarauan ezin falta den hitzordua izan da Erronka. Lehiaketa honek kirolaren eta elkarbizitzaren bidez gazte euskaldunak elkartzea du helburu, eta, aldi berean, euskararen erabilera kalean eta eguneroko bizitzan sustatzea. Izan ere, gaur egun hizkuntzaren erronka nagusietako bat da hori: eskolatik kanpo ere euskara erabiltzea, lagunen artean eta aisialdian. Eta horretan laguntzen dute Erronka bezalako ekimenek, euskaraz bizitzeko eta gozatzeko espazioak sortuz.

Aurtengo edizioak berrikuntza berezi bat ekarri du: “Erronkaren gaua”. Larunbat gauean, Nafarroako hamaika ikastoletatik etorritako 150 ikaslek gau osoa eman zuten Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolan, Nafarroa Oinez ospakizunaren bezperan. Gau horretan zehar, jolasen, abilezia-proben eta talde-dinamikaren bidez, elkar hobeto ezagutzeko eta euskaraz aritzeko aukera izan zuten partaideek. Giro paregabean, hizkuntza modu naturalean eta dibertigarrian erabiltzea izan zen helburu nagusia.

Erronka 2014an jaio zen, Zangozako ikastolak antolatutako Nafarroa Oinezen, eta ordutik, hazten eta sendotzen joan den ekimena da. Urtez urte, ikastolen arteko topagune bihurtu da, non 14 eta 16 urte bitarteko gazteek kirol, trebezia eta talde-laneko probak egiten duten. Dinamika horien bidez, euskarak horma akademikoak gainditu eta gazteen aisialdira jauzi egiten du, bizitzeko eta gozatzeko ezinbesteko tresna bihurtuta.

El equipo de Paz de Ziganda, que jugaba en casa, ¡¡ganador del primer premio de la Erronka!! Leire Fariñas

Etxekoak garaile

Aurten, parte-hartzaileak hiru taldetan banatu ditu antolakuntzak. Lehenengoan, Tafallako Garces de los Fayos, Altsasuko Iñigo Aritza, Jaso eta Zangozako ikastola aritu dira; bigarrenean, Labiaga-Tantirumairu (Bera-Lesaka), Paz de Ziganda 1, Tuterako Argia ikastola eta Etxarri Aranazko Andra Mari; eta hirugarren taldean, San Fermin ikastola, Lizarra, Baztan eta Paz de Ziganda 2. Lehiakortasuna presente egon zen, baina lagunarteko giroa izan zen nagusi. Ikasle guztiek euskara izan zuten komunikazio-hizkuntza, eta helburua argi zegoen: gazte euskaldunen arteko sareak sendotzea eta euskaraz bizitzeko ohitura indartzea.

Finalean, Paz de Ziganda 2 taldeak irabazi du lehen saria markagailua guztiz iraulita. Lizarra ikastola bigarren postuan sailkatu da, eta Tafallako Garcés de los Fayos hirugarren izan da. Baina Erronkaren balioa ez dago soilik podiumean: parte-hartzaile guztiek bizi izan zuten esperientzia honek erakutsi du euskarak baduela indarra, belaunaldi berrien artean bizirik eta kalean entzun Adadin.