"Gehien gogoratzen dudana da euskara ez dugula galdu behar"
Ibaialde Ikastolako ikasle ohi eta Sartagudako herritar Arrate Macuarekin hizketan aritu gara herrietako memoria bizirik mantentzearen garrantziaz.
Nafarroako Erriberan euskal kulturak bere arrastoa utzi du eskualde honetako eguneroko bizitzan. Hizkuntzaren, musikaren, dantzaren, mitologiaren eta memoria historikoaren bidez, euskal nortasuna, herrietako bizitzan txertatuta dago.
Ibaialde Ikastolako hezkuntza proiektua, ezin da ulertu modu holistiko batean ez bada, beti ere inguruko kultura kontutan izanda. Gure ikastolan, herri ezberdinetako ikasleak ditugu. Herri horietako bat, Sartaguda da. Bertan, euskal kulturak bizirik irauten du iragana eta tradizioak belaunaldiz belaunaldi igarotzen diren bitartean. Herri hontako memoriaren adibide argia dugu, hain zuzen ere, Sartagudako Alargunak.
1936ko estatu kolpearen ondoko errepresio frankistak, herriko 80 gizon baino gehiago fusilatu zituen epaiketarik gabe eta emakume asko alargun utzi zituen. Haien oroimena bizirik dirau Sartagudako Memoriaren Parkean eta hainbat ekitaldi kulturaletan.
Ekitaldi horietako bat, Mertxika gazte elkarteak, Ibaialde Ikastolarekin batera, hainbat erakunderen laguntzaz, antolatu zuten kontzertu bat izan zen. Abuztuan, herriko jaien testuinguruan, Zetak musika-taldeak kontzertu berezi eta doakoa eskaini zuen Sartagudan. Urtero bezala, ikastolak bere txosna jarri zuen eta bertan bildutako diruari esker, irakurketarako liburu berriak erosi dira, baita guraso eta haurrei zuzendutako hitzaldi eta tailer aberasgarriak antolatu ere.
Ekitaldi honek, euskararen presentzia indartzeaz gain, belaunaldi desberdinen arteko loturak sendotu zituen, eta iraganeko memoria kolektiboa, bereziki Sartagudako alargunen figura eta haien ekarpen kulturala, plazara ekarri zuen.
Ondoren, Donostiako zinemaldian beste ekitaldi bat egin zen, Zetak musika taldearen eskutik. Han Sartagudako alargunak izan ziren. Ekitaldian, herrian gertatutakoa ikustarazi eta emakume haien indarra eta oroimena omentzeko aukera izan zen.
Alargun hauen memoria ez da historia pasiboa, gaur egungo gazteengan eragina duen ondare bizia baizik. Ibaialde Ikastolaren komunitatearen indarra, ikastola osatu duten pertsona guztietan dago. Talde horietako bat, ikasle ohiak dira. Horregatik, kultura ondare hau mantentzeak eta ospatzeak duen garrantziaz hausnartu dugu 13 urteko ikasle ohi batekin. Alargunek komunitatean izan duten eta oraindik duten rola aztertu dugu ere bai.
Zure burua aurkeztu eta Sartagudarekin duzun harremanaz hitz egin dezakezu?
Arrate naiz, 13 urte ditut eta txikitatik han bizi izan naiz, nire herria da.
Zer figura edo euskal kulturako tradizio ezagutzen dituzu, oraindik Sartagudan presente daudenak?
Gaur egun, herri inauteriak direla esango nuke. Duela urte batzuk hasi ziren berriro antolatzen eta ekimen honek garrantzi handia du. Hori dela eta, euskarari balioa ematen hasi zitzaion berriro Sartagudan.
Alargunekin edo euskal kulturarekin lotutako anekdota edo esperientzia pertsonal bat partekatu nahiko zenuke?
Bai. Herri inauterietan Sartagudan garrantzi gehien duen figura, alargunak dira. Bertan Torrijos (Frankoren garaian Sartagudan bizi izan zen agintari bat) erretzen dugu. Herritar guztiok elkartzen gara eta mozorrotuta, elkarrekin dantzatzen dugu.
Zer egingo zenuke zure komunitatean euskal kultura bizirik mantentzeko?
Euskaraz hitz egingo nuke eta tailer bat proposatuko nuke. Herrian adineko pertsona asko dago euskaraz ikasi nahi duena, baina bertan oso aukera gutxi dute. Tailer honi esker, euskara herrian bertan ikasteko aukera izango lukete.
Zergatik da garrantzitsua ikastolak antolatzen dituen hitzaldi eta tailerretan parte hartzea?
Uste dut euskarak balio handia duela, eta garrantzitsua dela ikastolara jende gehiago erakartzea, hizkuntza zabaltzen eta sendotzen jarraitzeko.
Ibaialde Ikastolan ikasitako tradizioei eta euskal kulturaren inguruan, zer gogoratzen duzu?
Oso pozik egon nintzen eta asko ikasi nuen. Kulturari dagokionez, gehien gogoratzen dudana da euskara ez dugula galdu behar. Gaur egun gero eta jende gutxiagok hitz egiten du euskaraz eta egoera hori aldatzea ezinbestekoa da.
Badakigu Donostiako ekitaldira joan zinela, zer iruditu zitzaizun? Zer izan zen aipagarriena zure ustez?
40 pertsona joan ginen, eta oso ongi pasatu nuen. Abeslariak 10 neska hautatu zituen kamerinora sartzeko eta ni haien artean nengoen. Han, Peiorekin hitz egiteko eta hura hobeto ezagutzeko aukera izan genuen.
Temas
Más en Sociedad
-
Un juez dictamina que se puede usar el permiso por ingreso de un familiar para cuidarlo en casa
-
Marian Nuin, directora del Instituto de Salud Pública: “En otras temporadas en las que este tipo de gripe ha predominado, la efectividad de la vacuna ha sido moderada”
-
Los sindicatos médicos convocan nuevas movilizaciones tras abandonar la negociación con Sanidad
-
Navarra se acerca en Barcelona a la "Educación 360" antes de impulsarla