Salman Rushdie-k bi labainkada jaso zituen ostiralean. Hitzaldi bat ematen ari zela, hitzaldi aretoan bertan. Jendez mukuru zegoela. Lekukoz beteta. Zuzenean. Eta idazleaz gain, moderatzaileari ere beste labainkada bat eman zion erasotzaileak. 24 urteko gizonezko gazteak.

Salman Rushdie-k duela 33 urte idatzi zuen heriotza mehatxupean bizitzera kondenatu zuen Bertso satanikoak liburua. Harrez geroztik ere ez da polemikatik libro izan baina islamiarren jomuga ordudanik izan da. Bizkarzainekin bizi behar izateraino. Bere buruak prezioa jarrita izan du, filme batetaz arituko bagina bezala. PEN klubak behin eta berriz erakutsi dio babesa, baina ez nahikoa, gorroto zutenen burmuinetan adierazpen eta sormen askatasunaren gaineko ideiarik oinarrizkoena ere ez baita egundaino lekutu.

Kontua da, hiltzailea jaio baino bederatzi urte lehenago idatzi zuela Rushdiek ditxosozko liburua. Rushdie ez zela erasotzailearen (nola esaten da?) garaikoa? Erasotzailea ez zela Rushdiek ustezko gorrotoa hedarazi zueneko belaunaldikoa. Eta 33 urte ondoren, norbaitek, gazte batek, Rushdie hiltzen saiatzea erabakitzen duela. Zuzenean. Lekukoz gainezka zegoen hitzaldi areto batean. Zer zekien erahiltzaileak Rushdie-ri buruz? Irakurrita ote zuen bere obra? Batez ere, duela 33 urte idatzitako Bertso satanikoak? Kontua da, madarikatutako liburua idatzi eta 9 urtera jaio zen mutiko batek, 24 urte ondoren (liburua idatzi ondotik 33 urtera), Salmanek hiltzea merezi zuela erabaki duela.

Ezbairik gabe, gorrotoa transmititzen jakin da honakoan. Ez du etenik izan. Idazlearen aurkako gorrotoak bizirik iraun du. Edo hil behar zuelako ideiak. Bere buruari prezioa jarri zitzaionetik, labainkada eman zaion arte. Zuzenean. Aretoa lekukoz mukuru zela.

Eta sentimendu ziniko batek harrapatu nau. Nola batzuk diren errege gorrotoaren transmisioan, gainontzeko herrialde zibilizatuok badaukagula transmisioa nola bermatzen den ikasterik. Beste erabilera batzuetarako. Edo etorkizuneko gorroto gerrarako (edo bake esan beharko nuke?) ikasita egoteko, adibidez.