Negukoak
Negu itsusi honek ez gaitu abandonatu nahi, eta tai gabe afrontuak ekartzen ditu gure geografiara, txoko guztiak euriz, haizez eta ekaitzez betearaziz. Baina Euskal Herriko bazter batean udaberriari deika hasi dira, eta hala, Zubietatik Iturenerainoko ibilbidea egin dute joaldunek zarataka, Aurtitz auzotik pasatuta, eta hurrengo egunean alderantzizko ibilbidea egin dute denek. Horrek guztiak inauterien hasieran gaudela adierazi nahi du, laster udaberria etorriko den seinale.
Egun ederrak izaten dira sasoi honetako lehenak, gero Euskal Herriko makina bat herritara zabalduko den giroarekin, jaietan eta neguko ospakizunetan hasiko direnak.
Jaiak aparte kenduta dena da negu honetan desatseginagoa. Klimatologiaren efektuak nabariak dira pertsona ororengan. Eguneroko laino grisak betiluntzen du gizakia, eta euria beti ongi etorria dena arren, aspergarria suerta daiteke masa-gizarte global eta masifikatuarentzat, dena ezin baita beti idilikoa izan.
Baina neguan negukoa egiten duen arren, aldaketa klimatikoaren hatzaparrak gero eta nabarmenagoak dira, eta ardurenean (aurten arraroa den arren) gutxiago egiten du elur. Datua Frantziatik etorri da, bertako eski-estazioetan elurra nola desagertzen den ikusten ari dira, eta ondorioz, ixten diren estazioen kopurua etengabe hazi da. 2000tik hona 186 itxi dituzte, eremu fantasma bilakaturik.
Halarik ere hotza bistakoa da, eta are jasanezinago bilakatuko da askorentzat aurten, PP, Vox, Junts per Catalunya eta UPN alderdi ultraeskuindarrek pentsioen eguneratzea dakarren dekretuaren kontrako botoa eman ondoren. Dekretu horrek ere familia zaurgarriak ez etxegabetzea, bonu sozial elektrikoa eta bestelako laguntza premiazkoak hartzen zituen barne.
Negu honetan gizarte-kalteberatasun egoeran dauden pertsonak sufriaraziko dituzte politikari eskertxarreko eta grutesko horiek, Espainiaren demokrazia kinka larrian jarri nahi duten esperpentoaren zaleek.
