Elhuyar Fundazioak bere helburuen artean zientzia euskaraz jendarteratzea dauka. Asmo horrekin Elhuyarrek Iruñean eta Bilbon Zientzia azokak antolatzen ditu urtero haur eta gazteen artean STEAM konpetentziak sustatzeko (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) etorkizunean gure jendartean egonen diren erronkei oinarri zientifikotik abiatuta, modu kooperatiboan konponbide berritzaileak asmatzeko. Ikasleei talde txikitan beraiek aukeratutako proiektua garatzeko aholkularitza eskaintzen zaie eta proiektua bukatutakoan Iruñean eta Bilbon egiten diren Zientzia Azoketan aurkezteko aukera izanten dute.

Iruñeko Baluarten apirilaren 5ean egin zen azokan euskaraz zein erdaraz garatutako 44 proiektu aurkeztu ziren. Hilaren 28an Bilboko Areatzan euskaraz garatutako proiektuak aurkezteko azoka lehiakorra izanen da.

Andra Mari Ikastolako ikasleek bi proiektu burutu eta aurkeztu dituzte. Alde batetik DBHko Ordezko Gelako Enaitz, Nahia, Brayan eta Oihanek Arbizuko Oinez Basoan bizi diren animaliak aztertu dituzte bertan jarritako kamara batzuen bitartez. Bestetik, DBH 4ko Ekhi, Julen eta Jon telefonotik kontrolatzen den auto bat eraiki dute. Bi kasuetan irakasleen eta Elhuyarreko adituen laguntza jaso dute Iruñean aurkeztu zituzten proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Ekhi, Julen eta Jonen kasuan proiektua Bilboko azokan aurkeztea eta lehiketan parte hartzea erabaki dute.

Hona hemen Andra Mari Ikastolako ikasleek, irakasle eta Elhuyarreko adituen laguntzaz, aurkeztutako bi proiektu: Oinez Basoko animaliak eta Kotxe berriztagarria.

Oinez Basoko animaliak

Enaitz, Nahia, Brayan eta Oihanek Arbizun dagoen eta Andra Mari Ikastolak kudeatzen duen Oinez Basoan mugimendu sentsorea duten kamarak jarri dituzten bertan bizi diren animaliak identifikatzeko, aztertzeko, beraien inguruko informazioa biltzeko eta ondoren, webgune batean ikusgai jartzeko. Topatutako oinatzak ere kontuan hartu dituzte. Oinez Basoan arbolaz gain, bi ur-putzu daude eta gertu Sakanako Mankomunitateko zabortegia dago. Ezaugarri hauekin babesleku bikaina da animalia espezie askotarako. Iaz ur-putzuen inguruan zonaldeko enpresen laguntzarekin behatokiak jarri ziren ura edatera hurbiltzen diren hegaztiak ikuskatzeko. Kameren laguntzarekin ikasleek egiaztatu dute hegaztiez gain, bertan azeriak, lepazuriak eta orkatzak bezalako ugaztunak ere bizi direla.

Animalia hauen inguruko informazioa bildu eta webgune batera igoko dute. Oinez Basoko bisitariak QRen bitartez momentuan animalia hauen inguruko informazioa eskuratu ahalko du bere telefono mugikorretik.

Ikasleak oso gustura joaten dira Oinez Basora ikustera kamarek zein animalia harrapatu duten. Horien bitartez Koko ezagutu dute, bertan bizi den azeria.

Ekhi, Juleneta Jon

Ekhi, Juleneta Jon

Ekhi, Juleneta Jon: Kotxe Berriztagarria

“Ilusionaturik gaude Bilbora joatearekin”

Zertan datza zuen proiektua?

Kotxe elektrikoa egin dugu. Autoak eguzki plaka bat dauka motorrei energia emateko. Gurpila bakoitzean motor independente bat dauka. Xasisa 3D inprimigailu batekin egin genuen, oinarria ez da originala baina goiko xasisa guk diseinatutakoa da. Autoa telefonotik aplikazio baten bitartez kontrolatzen da.

Zergatik aukeratu zenuten proiektu hau?

Guk ikusten dugun arazo erreal batetik abiatu gara. Ohiko autoek asko kutsatzen dute eta elektrikoek autonomia gutxi daukate. Ideia izan da auto autonomo bat eraikitzea energia iturri propioa duena.

Zein zailtasun topatu duzue bidean eta zein konponbide eman diozue?

Ez genekien nola egin programazioa autoa telefonotik kontrolatzeko. Sakanako Saprem enpresara jo genuen laguntza eske eta lagundu ziguten. Carlos izan dugu Elhuyarreko aholkulariak, bideratu gaitu eta aholkuak eman dizkigu: non lortu materiala, autoaren tamaina, motorrak nola jarri...

Nolakoa izan da esperientzia?

Oso gustura aritu gara. Ilusionaturik gaude Bilbora joatearekin. Hobekuntzak eginen ditugu eta aurkezpenari buelta bat emanen diogu. Pozik gaude ikasitakoarekin.