Gure eskolak bertsoa oinarrizko tresna didaktiko bilakatzea erabaki zuenez duela zenbait urte, begi zorrotzekin begiratzen diogu bertso bihurtu dezakegun edozein gairi. Bertso ipuinak sortzen ari gara, bokalen bertsoak osatu genituen, Haur eta Lehen Hezkuntzako arauak ere kopla bidez barneratzen ditugu…

Errutinak ere begiz jota geneuzkan arren, kasu honetan zorteak ere bere bidea egin zuen. Ustekabean, hautsez betetzen ari zen armairu batean, Antton Kazabon handiak duela zenbait hamarkada idatzitako bertso batzuk topatu genituen “Txirrina Kantari” liburuan. Urte batzuk igaro direnez, bertso hauek zertxobait moldatu eta lanari ekin genion. Lehenik, 9 errutina ezberdin zehaztu genituen. Ondotik, bakoitzarentzak karteltxo bat osatu genuen. Eta azkenik, Ainhoa Sarasuak eta Aimar Karrikak maisuki kantatu zizkiguten, grabazio aski dotorea gelditu zaigularik.

Bederatzi errutina horiek ondokoak dira: Egun on, Egun on!, Ipuinaren ordua, Isiltasun pixka bat, Errekreor, Bazkaltzera, Siestaren momentua, Gela biltzeko ordua, Etxera joateko garaia eta Txangoa mendira.

Pertsona ororentzat errutinak garrantzitsuak izanik bizitzako etapa guztietan, eskolan lehen aldiz hasten diren haurrentzat are garrantzitsuago bilakatzen dira. Eta horregatik errutinak bertso bidez ikastea izugarri egokia dela iruditzen zaigu, kantuaren bidez errazago eta goxoago barneratuko dituztelakoan.

Nork ez du oroitzen haurra zela eskolan ikasitako abestirik? Zeinek ez du hamaika aldiz kantatu txikitan hain gustagarri zitzaion kantu hura? Argi dago ume garaian ikasle bezela oroitzen ditugunetako aunitz, kantuekin lotuta daudela.

Eta adibide gisa, hemen uzten dizuegu errutina horietako batentzat prestatutako kopla sorta. Ez al zenuke, siestan goxo-goxo murgildu aitzinetik, kopla eder hauekin amesten hasi nahi?

siestaren momentua

Pertsianak jeitsi behar ditugu

eta argia itzali

arropa kendu ta mantarekin

zuen gorputzak estali.

Lo egiteko momentua da

garrantzitsua da hagitz

zuen ohatzetan etzan zaitezte

eta goxotasun handiz.

Orain tapaki hauen azpian

baietz agudo lokartu!

Ta ernatzean, ahantzi gabe

ametsak niri kontatu.