Zangozako Ikastolak 1987tik Euskarari garatzen utzi nahi dio eta 1998tik Ametsa Eraikitzen dabil. Ondoren, 2014ean, ZanGOZAn euskaraz ESAN eta euskaldunak IZAN behar dugula barneratu du. Orain Pizteko garaia iritsi da, Piztu baitio Zangozako Ikastola antolatzen ari den Nafarroa Oinezen lelo berriak.

Piztu aditz horrek lau helburu ezberdinei egiten die erreferentzia: Piztu (sustatu) kalitatezko hezkuntza, ikastetxe baten helburu nagusia ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzea da eta. Aldi berean, gure hizkuntzari bultzada ematen jarraitu behar dugu, horregatik euskara sustatu behar dugu. Piztu (suspertu) auzolana, Ikastolen mugimendua ez da ulertzen auzolanaren presentziarik gabe, gero eta gehiago kostatzen den jarduera suspertu behar dugu. Piztu (sortu) baliabideak, Ikastolak finantzazio egokia bilatu behar du proiektuaren bideragarritasuna gauzatu ahal izateko eta existitzen jarraitu ahal izateko behar beste baliabide sortu behar dira. Piztu energia berriztagarrien etengailua! Piztu energia garbien etengailua! Piztu irudimena energia aurrezteko!

Helburu, lelo eta logoa Zangozalde osoari aurkeztuak izan ziren pasa den azaroaren 26ean. Arrakasta handiko aurkezpen ekitaldia izan zen. Zangozako Cantolagua frontoian, Zangoza bertako eta inguruko herrietako 700 pertsona inguru bildu ziren Ikastolari babesa emateko.

Ekitaldian, arestian aipaturiko lelo, helburu eta logoa aurkeztu eta azaldu zituzten Ikastolako lehendakaria den Carlos Arcelusek eta zuzendaria den Nagore Oriak. Azalpen horretarako frontoiko paretetan proiektatua izan zen bideo hunkigarri batekin lagunduriko ipuin bat kontatu zuten.

Ekitaldia aldiz, Zangozako Ikastolako Ruben Pisano irakasleak eta Nerea Arbeloa ikasle ohiak aurkeztu eta bideratu zuten. Haien arteko elkarrizketa umoretsuak izan ziren ekitaldiaren hari eroalea.

Lasarte-Oriako Txalagore taldeko txalapartariak izan ziren aurkezpen ekitaldia musikatzen lehenak. Frontoiaren iluntasuna haien txalaparta soinuez piztu eta hasiera eman zitzaion egunari. Geroago etorri ziren Zangozako Nora Abesbatzak abesturiko “Txoria Txori” eta ikuslegoa txalo zaparradaka jarri zuen arropa desfilea.

Arropa desfilean Zangozaldeko elkarte ugarik parte hartzeko aukera izan zuten. Azaldu beharra dago Ikastola, Zangozako eta inguruko herrietako ikasle eta familiekin osatzen dela eta desfilean bertako eta inguruko herrietako hainbat elkartek parte hartu zutela. Guztira kolore eta mota guztietako 50 elkarte (150 pertsona), kirol taldeak zein dantza taldeak, musika eskolak zein euskara taldeak, talde feministak zein talde solidarioak, gazte asanbladak zein jubilatuak, denak, umorez eta alai, pasarelaren gainean, 2024ko urriaren 20ean ospatuko den Nafarroia Oinezeko arropa harrotasunez erakusten.

Egun, Zangozako Ikastola osatzen duten familia, langile eta ikasleak ere oholtzaratu ziren, noski. Taldeka eta mugikorren zein linternatxoekin PIZTUtako argiez baliaturik oholtza gainean saretu ziren. Aurkezleek Piztu familiak esan zutenean, familiak izan ziren oholtzara igo eta pasarelaren alde batean kokatu zirenak. Piztu langileak entzun zenean aldiz, langileak izan ziren igo eta pasarelaren beste aldean jarri ziren. Azken deia ikasleentzat izan zen, Piztu ikasleak entzun zenean, adin guztietako haur zein gazte igo ziren oholtzaren alde bakoitzetik pasarelaren erdialdean kokatu ziren arte. Ondoren, txalapartaren soinuak denen saretzea ekarri zuen.

Familia handi baten osaketa irudikatu zuen saretze horrek, Nafarroa Oinez ilusioz antolatuko duen familiaren saretzea. Auzolana lanabes bezala erabiliko duen familiaren saretzea. Euskararen transmisioa ahalbideratzen jarraituko duen familiaren saretzea. Familiaren saretzea.