Nafar guztiek jakin beharko lukete jada urriaren 20a egun handia izango dela Euskal Herriko euskalzaleentzat eta bereziki Zangozako Ikastolako komunitatearentzat. Hamar urte pasa dira Zartako K taldeak Esan Izan Zangozan leloa lau haizetara zabaldu zuela, eta hamar urte horien ondoren, berdin jarraitzen dugu Zangozaldean euskaraz ahal dugun guztia esaten, harrotasunez euskaldunak izaten eta honetaz guztiaz gozatzen. Lelo berria, adiera asko dituen hitza da, Piztu, eta hau ere lau haizetara argituko da ekainaren 20ean aurkeztuko den abesti eta bideoklip berriarekin.

Suposatuko duzunez, oraindik ezin dizugu abestia sortu duen taldearen izenik eman, ez eta abestiaren letra idatzi duen idazlearen izenik aipatu, baina uda osoan burutik kendu ezin eta abesten egongo zaren abesti itsaskor horietako bat izango dela aurreratu dezakegu, zure barruko dantzaria piztuko duen abestia. Gainera, bideoklip berezi batekin lagundurik dator, eta hurrengo lerroak hau azaltzen pasa nahiko genuke.

Sekretutxoekin jarraituz, eta izenik esan gabe, nafar emakume zinemagile batek zuzendua izan dela baiezta dezakegu. Fokoa bere izenean jarri gabe jarraituko dugu aurrera, izan ere, zuzendariak proposaturiko sortze prozesua izan baitzen proiektua aurrera eramatera guztiz animatu gintuena.

Sortze prozesu horrek proiektuaren zentroan ikaslea jartzen zuen eta ikasle/zinemagile binomioa martxan ipintzen zuen. M.L.-k zinema tailerrak eskaini zituen martxoan zehar Lehen Hezkuntzako azken zikloan eta DBH osoan. Ereduetatik abiatu ziren ikasleak eta zer egin zitekeen ulertu zutenean, lanean jarri ziren segituan. Abestiaren letra oinarri hartuta, ideien zaparrada hasi zen. Zer grabatu dezakegu abestiak hau dioenean? Nola irudikatuko dugu beste momentu hau? Dena ongi pentsatu eta antolatu beharra zegoen, izan ere, grabazioa baldintzatuko zuen aldagai bat genuen esku artean.

Grabazioa egiteko super-8 kamera zahar bat erabili dugu. Digitalizazioaren mundu ero honetan, ehundaka argazki eta bideo atera/grabatzen ditugun honetan, arnasa hartu eta grabazioa beste modu batez egiteko aukera eskaini digu super-8 zaharrak. Grabatu dugun guztia, ikasleen ideietatik ateratzeaz gain, ongi aukeratua eta toma bakarrean grabatua izan da, kasu batzuetan ikaslea beraren eskuarekin gainera.

Ikastolako ikasleen burutazio horiek guztiak apirilean egin genuen grabazioan gorde genituen super-8 kamera kuttunean. Irakurle gazteentzat, esan beharko dugu super-8 kamerak ez duela egungo kamerek duten funtzionamendu berbera eta grabaturiko guztia karrete analogikoetan gordea izaten dela. Ondoren, karrete horiek errebelatzera eraman behar dira, eta orduan bai, gaurko teknologia erabiliz, ordenagailuan editatu. Edizio eta muntaia lan magikoak maiatzean zehar egin ditu M.L.-k eta ekainean izango dira aurkeztuak mundu guztiari.

Ikasleak Garate Estudioetan

Abestiaren grabazioak bere ibilbide propioa izan du baina bideokliparen ibilbidearekin badu komunean duen zerbait, ikasleen partaidetza zuzena. Gure hizkuntza indartzeko lan honetan ez da Iruñerriko musika taldearekin sorkuntza prozesu kolaboratiborik egon, baina Zangozako Ikastolako ikasleek, haien ahotsak sartu dituzte Nafarroa Oinez edizio berriaren abestian.

Ertzetik eraikitako ahots horiek guztiak estudioan grabatu aurretik entsegu andana egin ziren apirila hasieran Irma Aseginolaza, Edurne Boneta, Ainara Cabodevilla eta Patxi Mercero irakasleen laguntzarekin. Ikasleen ahotsen grabazioa apirilaren 17an Andoaingo Garate Estudioetan egin zen Kaki Arkarazoren gidaritzapean.

Zangozako Ikastola sustatzeko lanean dabiltzan ikasle, irakasle eta familientzat esperientzia polita Andoainen bizitako hura, gure txikiak handi egiteko prozesuan lanean jarraitzeko. Piztu Euskara!