Síguenos en redes sociales:

Eztitan

“Euskara gure nortasun eta sustrai kulturalen funtsezko zatia da”

5. mailakoek Eztitan musika taldea ezagutzeko aukera izan dugu . Gares, euskara eta musikaren inguruan aritu gara, miresten dugun musika taldea ezagutu bitartean.

“Euskara gure nortasun eta sustrai kulturalen funtsezko zatia da”

Zuen burua aurkeztu dezakezue?

–Eztitan, Gares eta Iruñeako sei gaztek osatutako erromeria taldea da. Pasio musikala partekatzera gatoz, doinu tradizionalak egungo musikaren erritmo modernoekin konbinatuz. Hortaz, Eztitan euskal musika talde anitza eta feminista da.

Zein musika mota jotzen duzue?

–Euskal eta erromeria musikaren klasikoetatik hasi eta ETS, Berri Txarrak, Esne Beltza edo Barricada bezalakoen eraginak aurki daitezke gure kontzertuetan.

Zergatik EZTITAN izena?

–Gure funtsa islatzen duelako. Eztabaida eta lelokeria artean aurkitu genuen. Sonoritateak ez ezik, esanahiak liluratu gintuen: ongizatea, gozamena. Gainera, erlauntz-komunitatearen ideiak ezin hobe definitzen gaitu.

Noizbait jo duzue Garesen? Zelan?

–Askotan. Toki ugaritan jotzeko zortea dugun arren, Gares berezia da. Jendearen babesa eta maitasuna senti dezakegu. Hemen jotzea hasieratik lagundu gaituen komunitatearekin partekatzea da. Noski, Garesko kultur-historian sartzeak ere asko harrotzen gaitu.

Zuen talde ibilbidean izandako anekdota bat kontatzerik?

–Jasotako harrera da oroigarriena. Paregabea askotan: afariak, lo egiteko tokiak, erraztasunak... Baina une latzak ere jasan ditugu: oholtz eta elektrizitate instalazio arriskutsuak, baliabide urriak... Askorentzat musika ez da ogibide serioa, eta salatu beharra dago.

Etorkizunerako zein proiektu dituzue? Eta zein amets?

–Iaz bi amets bete genituen: Nafarroa Oinez-ean eta Iruñeko San Ferminetan jotzea. Euskal jaialdietan antzeztea edo euskal artista handiekin aritzea ere magikoa litzateke. Martxoan denboraldi berria hasiko dugu eta Nafarroatik kanpoko irteerak aurreikusten dira. Gogo handiak ditugu oholtzara igotzeko, berritasun handiak datoz eta!

Euskaraz abesten duzue, zergatik?

–Gure nortasun eta sustrai kulturalen funtsezko zatia delako. Mundua ulertzeko dugun era delako. Gure mezua, gure identitatearekin batera zabaldu nahi dugulako.

Garesko Musika Eskolan ikasi zenuten? Zelan?

–Bateria ikasi zuen Iosuk eta gitarra Igorrek. Musikak dimentsio berriak ireki dizkigu: kreatibitatea, afektibotasuna,.... Eta horien sorlekua izan da Garesko Musika Eskola. Gu ere horixe partekatzera gatoz. Aurten, gainera, Iosu irakasle gisa bueltatu da, gurpila itxiz.

Musikaren munduan hasten ari garenontzat… zer gomendatzen diguzue?

–Beste musikariekin jo eta haiengandik ikasi. Entzumen aktiboa ere garrantzitsua da. Musikan hobetzeko, intentzioz entzun behar da. Kotxean edo kirolean entzuteaz gain, eman atentzioa musikaren entzunaldiari. Eta, ez ahaztu, arrakasta disfrutatzea da!