Jakina da jarduera fisikoa osasunerako ona dela. Gainera, berriki jakin izan denez, jarduera fisikoa egiten duenarentzat ez ezik etorkizunean izango dituen sema-alabentzat ere onuragarri izango da. Hori da, hain zuzen ere, Txinako Nanjing Unibertsitateko ikerketa talde batek egiaztatu ahal izan duenez, kirola egiten duten aitek gaitasun fisiko hobea eta osasun metaboliko hobea transmiti diezaiekete beren ondorengoei, baita kirola egiten ez badute ere. “Gurasoen ariketak erresistentzia-gaitasuna ematen die ondorengoei, esperma-mikroARN bidez” izenburuko azterlanaren emaitzak Cell Metabolism aldizkarian argitaratu dira.
Eboluzioaren historian zehar, jarduera fisikorako gaitasuna funtsezkoa izan da gizakion biziraupenerako. Adibidez, gure arbasoek errendimendu fisikoaren mende zeuden ehizarako, migraziorako edo harrapariengandik ihes egiteko. Gaitasun horrek erresistentziarekin eta metabolismoarekin harremana duten gaitasun fisiologikoak hobetu ditu.
Hala ere, gizarte modernoarekin batera, aldaketa handiak izan dira gure bizimoduetan. Orain, jarduera fisikoa ez da ezinbestekoa gure biziraupenerako eta ohitura sedentarioagoak dira.
Zientzialariak bat datoz jarduera fisikoak gure osasunean dituen onuren inguruan. Sasoi fisikoa eta profil metabolikoa hobetzen ditu eta gaixotasun kronikoak jasateko arriskua murrizten du. Eta, antza denez, ezaugarri horiek belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira. Orain arte ez ziren ezagutzen aiten jarduera fisikoak seme-alaben fenotipoetan eragiten duten mekanismo molekularrak. Txinan egindako azterlanak, berriz, gai honen inguruko zenbait zalantza argitzen lagundu du.
Arratoi kirolarien kumeak erresistenteagoak dira Azterlanean zientzialariek bi multzotan banatutako laborategiko arratoiekin lan egin dute: lehenengo taldeko arratoiak zortzi astez entrenatu zuten korrika egiteko zintetan. Bigarren taldekoek, berriz, bizimodu sedentarioa jarraitu zuten beren kaioletan. Talde bietako arrek eme normalekin kumeak izan zituztenean, kirola egin zuten aiten kumeek erresistentziarako askoz gaitasun handiagoa azaldu zuten, nahiz eta inolako kirolarik ez egin.
Izan ere, kume horiek mitokondria gehiago dituzten giharrak (zelulen zentral energetikoak), glukosaren metabolismo hobea eta gihar osaketa onuragarriagoa (nekearekiko erresistenteak diren zuntz gehiagorekin) oinerdetu zituzten. Hau da, normalean entrenamenduarekin lortzen ohi diren abantailekin jaso ziren.
Zientzialariek azaldu dutenez, onuren transmisio hori espermatozoideetan dauden mikroARN izeneko molekulei esker ematen da. Molekula horiek garatzen ari den enbrioiaren gene jakin batzuk aktibatzeko edo desaktibatzeko modua alda dezaketen ‘jarraibide’ gisa jokatzen dute.
Ikertzaileek ikusi ahal izan dutenez, jarduera fisikoak esperman den mikroARN-ren edukia aldatzen du. Molekula horiek isolatu zituztenean eta ernaldutako obulu normaletan injektatu, horietatik jaiotako kumeek aita kirolariak zituzten kumeek erresistentziarekiko eta metabolismoarekiko zituzten hobekuntza berberak azaldu zituzten. Modu horretan egiaztatu ahal izan dute esperman den microARNa dela aiten jarduera fisikoak eragiten dituen hobekuntzak transmititzeko ardura duena.
Obesitatearen eta diabetesaren aurkako babesa Baina aita kirolari bat izatearen onura errendimendu fisikotik haratago doa. Azterlanak egiaztatu ahal izan duenez, kume horiek koipetan aberatsa den dieta batek dituen eragin negatiboen aurrean babes hobea izan ohi dute. Kaloria askoko janariarekin elikatuak izan zirenean, aita kirolarien kumeek aita sedentarioetako kumeek baino glukosarekiko tolerantzia eta intsulinarekiko erresistentzia arazo gutxiago garatu zituzten. Babes horren arrazoia da giharrak eraginkorragoak direla odoleko glukosa hartzen eta behar bezala gordetzen, eta horrek 2 motako babesa garatzeko arriskua murrizten du.
Ikertzaileek gizon kirolarien eta sedentarioen esperma aztertu zuten eta arratoietan identifikatutako hamar microARN garrantzitsuenetatik zazpi aurkitu zituzten. Horrek adierazi nahi du mekanismo horrek antzeko modu batean funtziona dezakeela gure kasuan, baina azterlan osagarriak beharko lirateke behin betiko konfirmatzeko.
Hala ere, aipatu onura horiek guztiak ez dira mugarik gabe transmititzen. Ikertzaileek egiaztatu ahal izan dutenez, bigarren belaunaldirako, hots, aita kirolarien bilobek, jada ez dituzte abantaila horiek azaltzen. Hortaz, belaunaldi arteko ondoretasun bat da (aitetatik seme-alabetara), baina ez da hurrengo belaunaldietara igarotzen.
Ondorioak osasun publikoan Aurkikuntza horrek ondorio garrantzitsuak izan ditzake osasun publikoan. Izan ere, biztanleria helduan, bereziki guraso izan aurretik, jarduera fisikoa sustatzen bada, hurrengo belaunaldiaren osasuna hobetzeko estrategia eraginkorra izango litzateke eta, ondorio ekonomikoak ere handiak izango lirateke.
Sedentarismoa eta metabolismoarekin harremana duten gaixotasunak gero eta ugariagoak diren sasoi honetan, ondoretasun epigenetikoko mekanismoak ulertzeak gurasoen bizi-ohiturek ondorengoen fenotipoetan eragin sakona izateko moduari buruzko funtsezko gaiak argitzen ditu.
Gainera, azterlanak honek haurren osasun-arazoak prebenitzeko perspektiba berriak eskaintzen ditu, baita jaio aurretik ere. Mezua argia da: ariketa fisikoa egiten dugunean, geure osasuna zaintzeaz gain, gure etorkizuneko seme-alabei ere ondare positiboa utz diezaiekegu.