Gezur hezurretik

Izokin Venezuelarra

08.02.2020 | 16:31
Izokin Venezuelarra

Gaurtik aurrera nire etxeko enperadore izendatzen dut nire burua. Aliatu indartsu bat besterik ez dut behar, edo beno, gutxienez kontrako boto gehiegi ez ditut izango. Momentuz nahikoa dut titulu horrekin, baina oso gora etortzen banaiz agian nire herriko alkate ere izendatuko naiz, ondoko herriko alkatearen lagun-tzaz edo baita lehendakari ere, ziur Revillak esku bat botako didala horretan, ETB ikusten jarraitzearen truke. Antxoa ederrak jasoko nituzke bueltan gainera.

Venezuelan gertatu berri da horrelako zerbait, nahiz eta egoera oso bestelakoa den, Guaidó asanblada nazionaleko buruak bere burua presidente izendatu du, eta noski, Madurok ez du begi onez hartu. Ez dakit zein bide hartuko duen honek guztiak, baina gertatu orduko gizon laranja ilehoriak muturra sartu zuen, eta horrek ezer onaren esperan-tzarik ez du pizten nigan. Jaiotzez mesfidatia izango naiz akaso.

Urrutiko intxaurrak dira hauek Trump-en-tzat, eta ez dakit nola ausartzen den sikiera nazioarteko gaietan muturra sartzen, eta poltsikoa ere ziur aski, etxean bertan bere gobernua geldituta duenean, kongresuak migrazioaren aurkako hormarentzat diru laguntzarik ematen ez diolako, finean. Milaka langile soldatarik gabe hilaren bukaeran berak pareta altxa behar duelako. Baina tira, denoi egiten zaigu errazagoa bizilagunaren arazoak konpontzea, gure etxekoak baino.

Nazioartean etengabe lagunak egitea ez da preseski Estatu Batuetako presidentearen ezaugarri nagusia, zerbaitengatik zen bere kanpainako lelo nagusietako bat Make America Great Again, eta ez Make Friends Everywhere. Boterea hartu zuenetik ez da hilabeterik pasa Txina, Kanada, edo Europar Batasuneko edozein herrialderekin liskarrik izan gabe, eta bai, agian Estatu Batuek beharko zuten barne eraldaketa bat, edo industriaren berpizte bat, baina ezin ahaztu aldi berean orain gaizki konpontzen diren herrialde horiek direla etorkizunera begira laguntasun estrategikoak eskainiko dizkiotenak. Ez baitago herrialde, ez pertsona, ez ezer aurrera egingo duenik bere bakardadean. Harroputzetan harroputzenak ere ulertuko luke hori bost minutu pentsatzen jarrita.

Beste aldean Venezuelak ere ez ditu aliatu gehiegi ordea, eta ziur aski, lehenago edo beranduago inguruko herrialdeekin pareka-tzera joko du lehen aipatutako arrazoi beragatik, bakardadeak pobreago egiten gaituelako, isolatuago. Txirotasun mailak behera egitea lortu zuten Chaves-en gobernupean, berdintasun handiagoa lortua zen, beti ere Hegoamerikaz hizketan ari garela ahaztu gabe, baina ibaiko ur korrontearen aurka joatea nekeza bada edozeinentzat pentsa urak hazita datozenean kontran. Ez du lan erreza ardo koloreko izokinak.