Gasteiz- Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plazak agur esan dio aurtengo Korrikari. Maialen Lujambiok idatzi du azkeneko mezua, honako esaldiekin: "Egin, eragiteko; eragin, eginarazteko". Bertsotan hasi du irakurraldia:

"Euskara gaur egun arte

ta Gasteizaino Korrika

ekarri dugunoi biba

gora, eutsi, goza, klika!"

Honen ondoren mezua irakurtzen hasi: "hizkuntza ez da edukitzeko", bertsotan jarraitu eta "mundu bat euskara, mende erdia euskara batua, eta ehunka, milaka bizitza eta gogo, euskarak batua", hitzekin bukatu du.

Horren ondoren, AEKren Koordinatzaile Nagusiak, Mertxe Mugikak, bota ditu AEKren izenean 21. Korrika bukatu ondorengo lehen hitzak.