BILBO. Bertan, Europako energia industriaren eragileekin bilerak izango dituzte, baita instituzionalak ere. Horrez gain, Europako Batzordeak astearen irekiera gisa urtero antolatzan duen ekitaldi ofizialera gerturatuko dira. Energiaren Euskal Erakundeak hainbat jardunaldi tekninko gidatuko ditu Belgikako hiriburuan, eta energia jasangarriko proiektuek energia trantsizioan duten garrantziaren berri emateko komunikazio kanpaina bat garatuko du Euskadin.

Horrela, lehen hitzordua astelehen goizean izango da, itsas eta arrantza eremuan politika bateratuak garatzeko ardura duen Europako Batzordeko zuzendaritza nagusiaren (DG MARE) ordezkari instituzionalekin egingo den bileran. Landuko dituzten gaiek lotura dute itsas energien entsegu azpiegiturei lotutako energia proiektuekin eta arrantza eta nekazaritzarako proiektu espezifikoekin, bioekonomiari eta ekonomia urdinari lotutako estrategiaren esparruan.

Arratsaldean, 15:00etan, Euskadik Bruselan duen ordezkaritzan bilera bat egingo da energiaren sektoreko eragileen hainbat ordezkarirekin. Eragile horien artean nabarmentzen dira WindEurope industria eoliko europarra biltzen duen elkartea, Ocean Energy Europe energia ozeanikoaren industria garatzeko sarea, Fedarene Energia Agentzien Federazio Europarra eta EASME lehiakortasunerako eta berrikuntzarako agentzia europarra.

Era berean, Eurelectric elkarteak sektore elektrikoa ordezkatuko du, eta Euskadin industria-trakzio garrantzitsua egiten duten enpresa handien ordezkariak ere han izango dira (Iberdrola, Siemens-Gamesa eta Acciona). Gainera, Europar Batzordeko Klima, Energia eta Itsasoko zuzendaritza nagusietako ordezkari instituzionalek ere parte hartuko dute.

Asteartean, ekainaren 18an, Eusko Jaurlaritza Energiaren Europako Astearen inaugurazio ekitaldi ofizialera bertaratuko da, Bruselako Charlemagne eraikinean. Energiaren alorreko Europako arduradun nagusiek parte hartuko dute, Energia eta Klima komisarioa buru dutela. Irekiera ekitaldian, Errumaniako Energia ministroak eta Energiaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusiak parte hartuko dute, besteak beste, eta energia trantsizioa eta hura lortzera bideratutako politika europarrak izango dira eztabaidaren funtsa.

Bilera teknikoak

Halaber, asteazkenean, ekainaren 19an, Energiaren Euskal Erakundea buru izango duten bi saio egingo dira, EuroPace eta Opera deitutako proiektu europarren esparruan. Proiektu horien helburua da, alde batetik, eraikinen energia birgaitzearen alorreko finantzaketa hobetzea, eta, bestetik, itsas teknologia berrien ikerketa, itsasoan energia aprobetxatu ahal izateko.

EuroPace proiektuak Energiaren Euskal Erakundearen koordinaziopean egingo du urteko bilera, benetako aukerak eta finantzaketa irtenbideak eskaintzeko eraikinen berrikuntzaren alorrean, eta batez ere Europako toki eta eskualde administrazioetara bideratuta. Horretarako, Europako gainerako hirietan errepika daitekeen eredu gisa baliagarriak izango diren aldez aurreko esperientziak eta proiektu aurreratuak dituzten langile tekniko eta finantzarioak bilduko ditu.

Bestalde, Opera proiektuak itxierako jardunaldia egingo du, eta, Tecnaliaren koordinaziopean, Euskadiko itsasoko ikerketa instalazioetan hiru urtez egin diren itsas energien teknologien proben berri emango du. Proiektu europar horren bitartez, Mutrikun eta ondoren BiMEPen instalatu diren eta teknologia enpresa europarrek garatu dituzten turbina berriak probatu dira; horrela, turbina horien errendimendua aztertu ahal izan da eta kontrol sistema eta ainguraketa berri efizienteenak ebaluatu ahal izango dira. Horrez gain, proiektu horren esparruan, Oceantec euskal enpresak eskala handiko itsas energien dispositibo flotatzaile bat eraiki du.