BILBAO. Ikastaro horren bitartez, Erresuma Batua erretiratzeak Europako Batasunean ez ezik Erresuma Batuan bertan ere eragingo dituen ondorio politiko eta ekonomikoak aztertu nahi dira, baita testuinguru geopolitiko globalean eragingo dituenak ere. Bestalde, gogoeta egin nahi da horrelako erabaki garrantzitsu batek ?Europako Batasuneko bazkide batek Europako Batasuna bertan behera uzteak, alegia? Europa integratzeko bide korapilatsuan izan dezakeen eraginari buruz.

Lehenengo egunak erretiratzeko prozesua izango du gaitzat eta erretiratze horren eragin politikoak aztertuko dira, herritarren eskubideei arreta berezia eskainita.

Bigarren egunean, bestalde, eragin ekonomikoei erreparatuko zaie. Zehatz-mehatz, Brexit-ak euskal ekonomian eta enpresetan dituen ondorioak aztertuko dira eta gogoeta egingo da balizko egoerei eta merkataritzako eta inbertsioko ondorioei buruz.

Irailaren 12an eta 13an izango da ikastaroa Donostian

Britainiarrek Europar Batasuna uztea erabaki zuten 2016ko ekainean erreferendum bidez. Bozketaren emaitzen aldea oso txikia izan zen: botoen % 51,9, erretiratzearen alde; eta % 48,1, aurka. Aurrekaririk gabeko gertaera da, eta Europar Batasuneko Itunak prozedura bat aurreikusi du horretarako (50. artikulua), inoiz erabili ez dena. 2017ko martxoan erretiratzeko negoziazioa hasi zenetik, ziurgabetasuna etengabea izan da eta Europar Batasunak eta Erresuma Batuak 2018ko azaroan erretiratzeko akordioa lortu bazuten ere, ezin da bazterrean utzi Brexit malkartsua edo akordiorik gabekoa, Parlamentu britainiarrak behin eta berriz gaitzetsi baitu akordio hori.