Bilbo- Hamahiru urtez AEK-ko zuzendaritzan ekin ondoren, zikloa ixteko momentua heldu dela dio Mertxe Mugikak (Elorrio, 1963). Hala ere, bertan jarraituko duela onartzen du, eta hunkituta agertzen da azken egunetan jasotako esker on mezu guztiengatik, asko izan baitira koordina- tzaile nagusiak jasotako maitasun keinuak. “Kargu honek gauza on pila bat eman dit”, dio elorriotarrak.

Kargua uzten duzu 13 urteren ostean? Zer balantze egiten duzu?

-Balantze polita egiten dut. Uste dut hamahiru urte hauen ostean AEK indartuta dagoela, bai ikasle kopuruan eta baita bestelako egitasmoetan ere. Pozik uzten dut kargua baina era berean beti esaten dudana da ez dela nire lorpena inondik inora, baizik eta AEKn daukagun jendeak egindako lanaren emaitza, nik aurpegia jarri dut, besterik ez. AEK-k onartutako bidea aurrera eraman dut. Hala ere, arantza txiki batzuk ere baditut. Oraindik ez dugu bideratuta helduen euskalduntze alfabetatzearen sektorea normalizatzeko marko iraunkor bat. Hamahiru urte hauetan hobekuntza nabariak izan dira baina bide luzea dago egiteko.

Zein da bide hori?

-Esanetatik ekintzetara pasatzea eta diru laguntzak, iraunkorrak izatea, eta sektoreak duen pisua aintzat har- tzea. Urtero zein diru laguntza izango dugun ikusten ibili beharrean, aurrekontu iraunkorrago bat izatea.

Zergatik uzten duzu kargua?

-Oso argi izan dut hasieratik zikloek hasiera bat eta bukaera bat izan behar dutela. Nik egindako bideak momentu batean amaiera bat izan behar zuela uste dut. Oso pozik hartu nuen kargua orain dela 13 urte eta oso pozik uzten dut kargua berriro nire eskualdera bueltatzeko eta bertatik euskararen normalizazioan lanean jarrai-tzeko. Horrelako erakundeetan hainbeste denbora egoteak ez dut esango gaizki dagoenik baina aldaketak ondo datoz. Zikloek bukaera bat izan behar dute.

Ez da agurra, AEK-n jarraitzen baituzu.

-AEK-n jarraituko dut, bai. Nire bizitza profesional guztia AEKn egin dut eta bertan jarraituko dut. Beste zeregin batzuetan ibiliko naiz orain. Elkartean, zorionez, hainbat arlo lantzen ditugu: irakaskuntza, euskararen normalizazioa... horregatik datorren ikasturtea trantzisio urte bat izango da niretzat, ordezkoari, Alizia Iribarreni, laguntza ematen ibiliko naiz eta beste zeregin batzuetan ere arituko naiz. Irakaskuntzatik koordinazio orokorrera egin nuen salto eta horra bueltatzeko gogoak ere baditut. Beraz edo horra edo normalizazio kontuetara bideratuko dut orain nire bidea. Hainbat proiektu ditugu normalizazioarekin lotuta, trebakuntzarekin lotuta daudenak. Horietara bueltatuko naiz, baina egia da ere erreziklaje pixka bat behar dudala, izan ere irakaskuntzan, beste arloetan bezalaxe 13 urte ez dira alferrik igaro, gauzak aldatu dira, onerako, noski. Hala ere, lasai nago kideek bide horretan laguntzeko prestutasun osoa dutelako. Beraz, datorren ikasturtean aklimatatzen eta aldaketari egokitzen ibiliko naiz eta gero jada ibilbide profesionala beste modu batera bideratuko dut, baina beti esaten dudan moduan: Euskaraz bizitzeko aukerak sortzen eta eratzen. Modu batean edo bestean baina 13 urtetan egindakoaren ildotik jarraituko dut, hori bai, lehen lerrotik aldenduta.

Zer aholku ematen diozu Alizia Iribarreni?

-Nik egin dudana eta Aliziak (Iribarrenek) egingo duena da AEK-k onartutakoa aurrera ateratzea. Elkarteak ADN-an daramana elkarlana, lehia eta gauzak esan behar direnean esatea da. Beraz, hori da egin beharrekoa eta Aliziari emandako aholkua, izan ere bere estilo markatuko du, eta pertsonak oso inportanteak dira, baina erakundearen helburua da garrantzitsuena. Gainera, oso gogo-tsu ikusten dut eta gainera oso ondo ezagutzen du AEK.

Erakundeekiko harremana zer egoeratan ikusten duzu?

-Horretan oso baikorra naiz. Oso gauza politak ari dira egiten eta elkarlanerako abagune ederra sortzen ari da. Horretarako adibideak egon badaude, azkeneko Korrikan hainbat argazki eta aurrerapauso eman dira, Euskaraldiaren bigarren edizioa elkarlanean antolatzera goaz? Euskararen geroa elkarlanean lantzeko momentu onean gaude. Dena den, elkarlana hasiera eta bukaerararte ulertzen dut nik. Diagnostiko komuna, partekatua, ekintza komunak eta partekatuak eta baita ekimenak denon artean egitea ezinbestekoa da.

Zein da bidea?

-Modu integralean ulertzen dut nik, uste dut plan sektorialak ondo daudela baina plan integralak behar ditugula, Maialen Lujanbiok Korrikan esandakoaren bidetik: “hemen edo sistema eragilean egiten dugu klika edo adabakiak ipintzen ibiliko gara”. Nik hor ikusten dut gabezia elkarlana bultzatzen dugunean, eta esaten dugunean oraindik ez garela plan integral oso batera heldu. Nik uste dut horretarako minbreak badaudela, beraz momentu hori berandu baino lehen helduko da, ziur nago.

Beti azpimarratu izan duzu zubigintza, eta azken urteetan zubiak eraiki dira.

-Bai, pila bat. Horrekin ere oso pozik “noa”. AEK-k hor apustu batzuk egin ditu eta ondo atera dira, lorpen hori etxera pozik joateko modukoa da. Nire ahotik elkarlana asko entzun den hitza izan da, eta gainera ez da hitzetan soilik geratu, gero esandako hori ekintzekin aurrera eramaten saiatu gara eta. Euskalgintzan, administrazioekin eta euskaltegien sarearekin ari gara lanean. Izan ere, konpeten-tzia izan arren, konpetentzia hori egunerokotasunean demostratu behar du, bakoitzak bere lanari egunerokotasunean balio erantsia emanez eta bezero gehiago edo gutxiago izango ditu, baina beharrak komunak dira. Gainera berreskurapena elkarrekin egin behar dugu. Modu horretan helburu anitz bete nahi ditugu: Lehen esan bezala marko iraunkor bat izatea, metodologietan hobetzea, ikasleak erakartzea? elkarrekin egiten ez badugu ez dugu lortuko. Gainera sinergiak aprobetxatu behar dira, gizarteak ere horrela hainbat kontu hobeto ulertzen dituelako.

Zeintzuk?

-Elkarrekin aurrera bagoaz, elkarrekin gauzak egiten ditugula eta zuloak ikusten ditugula. Eta zulo horiek estaltzeko elkarren beharra dugu.

Euskararen biziberritzea da gakoa, baino zer paper betetzen dute euskaltegiek hor? Eta gazteek?

-Euskaltegiok kristolako papera betetzen dugu. Euskal Herrian ikasturte honetan 40.000 pertsona pasatuko dira. Heldu horiek euskaltegira joatea erabakitzea izugarria da. Kriston papera da, are gehiago duela urte batzuk EAEn esaten zenean euskaltegiok gure papela beteta genuela. Ez da horrela. Erabileraren aroan sartuta gaude, erronka handia da eta horrekin bat egiten du bete betean. Baina euskara erabiltzeko jakin egin behar da, eta biztanleriaren erdiak ez daki. Ez dut esaten ez dakitenek C1-era heldu behar direnik inondik inora, baina komunikatzeko gaitasun bat izateko, elkarrizketa arrunt bat izateko, lan izugarria dago egiteko. Gainera, gazteak ere etortzen dira, euskara komunikatze aldetik hobetu nahi dutelako. Oso anitza da ikasleen perfila, komunikazio aldetik hobetu nahi duten gazteak daude eta sarritan esaten da D eredua gora doala, baina oraindik eredu batzuk daude non euskara asignatura bat den. Gazte horiek ez dira euskaraz eskolaratzen. Jubilatu den jendea ere badator, euskara ikastea asignatura pendiente gisa ikusten duena. Beste esparru bat zerbitzuak euskaraz emateko behar den gaitasuna lor- tzea behar dutenak: saltokietan, zahar-etxeetan, eskoletako jantokietan? holako demanda badago. Horri erantzuteko euskaltegion papera ezinbestekoa da, eta baita trebakun-tzarena ere. Zorionez urte askotarako lana dugu. Bilbo handian ikusten da oraindik ezagutzan lan handia egin behar dela.

Azken aldian Korrikarekin eta Euskaraldiarekin ikusi da gizartearen eta instituzioen inplikazioa handia dela.

-Bai. Egia esan inplikazioa handia da baina azken Korrikan esan duguna izan da jadanik argazki batean atera- tzearekin ez dela nahikoa. Hurrengo fase batean sartu behar gara eta konpromisoak hartu. Baina ez “ni euskararen alde nago” esatea, baizik eta nik euskararen alde hau, hau eta hau egingo dut. Gainera, halako “postureoek” ibilbide txikia dute. Handik bi egunetara erdaraz ari bada ez dauka sinesgarritasunik eta ez da ona ekimena berarentzat ezta euskararen berreskurapenerako. Koerentzia eskatzen diet eragile guztiei. Nik gainera prestigioarekin lotzen dut, ikusi behar da euskarak lan egiteko eta baita beste leku batzuetara joateko balio duela. Politikoek hitzaldiak erdaraz eman beharrean, euskaraz eman beharko lituzkete. Horrelako kontuak sinbolikoak izan daitezkeenak, ez dira hain sinbolikoak. Zure hizkuntzarekiko atxikimendua adierazten dutelako eta euskaraz egin ezkero sinesgarritasuna eta Euskal Herritik kanpo ere euskarak balio duela islatzen da. Aukera onak galtzen dira gauza horiek egitean...

Kargua hartu zenuenean baino AEK hobeagoa uzten duzu?

-Hobeagoa ez dakit, baina indartsuagoa bai. Euskalgintza ere indartsuago dagoelako izan daiteke. AEKren bokazioa beti izan da berdina, baina lortu du eragitea, bere iritzia aintzat hartzea eta bere pisua daukan erakunde bat izatea, bere iritziak aintzat har- tzen direna, euskal eta gizartea mugi-tzeko gaitasuna duena. Nik ezagutu ditudan azken bi Korrikak inoiz baino indartsuagoak eta anitzagoak izan dira, eta ekimena bera gezurra badirudi ere gora egiten doan ekimena da. Beraz, AEK indartsuagoa uzten dut bai, eta hobea? baita.

Zer suposatu du AEKren aurpegia izatea pertsonalki?

-Ardura bada, bai. Azken finean erakunde bat ordezkatzen duzu, gainera kide askoz osatutako erakundea eta ikasle asko dituen erakunde bat. Horrek ardura bat ematen du. Baikorra naiz baina momentu txarrak ere bizi izan ditut. Hala ere, asko eman dit kargu honek, jende oso oso interesgarria ezagutzeko aukera eman dit. Gainera jende anitza. Eta konturatu naiz hainbat kontuetan bat egiten dugula euskararen norabidean eta mahai baten bueltan lasai asko berba egin daitekeela, iritziak partekatu? oso aberasgarria izan da. Egia da lehen lerroan egoteak neke bat eta desgaste bat suposatzen duela, normala denez. Baina balantza batean jartzekotan gauza on guzti horiekin geratzen naiz.

Azken egunotan, kargua uzten zenuela iragartzean asko izan dira esker ona adierazteko jasotako mezuak. Nola sentitu zara?

-Egia esan horrekin harrituta eta oso oso hunkituta geratu naiz. Egindako lana baloratu egiten dela uste dut, baino ez nik, baizik eta erakundeak egindakoa, eta oso pozik nago. Gainera, pozik nago, konturatzen zarelako 13 urtetan lantxo bat egin duzula eta poso bat geratu dela. Zubigintza apustu pertsonala izan zen eta oso harro nago horretaz.

Castroko euskaltegiaren proposamenak sona handia izan zuen orain dela hilabete batzuk. Nolako norabidea abiatu du?

-Une honetan ez doa aurrera. Inkesta bat pasatu zen eta hor geratu da dena, ez dugu berririk jaso.