iruñea - Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak (JAN) hartutako erabakia bertako euskal hiztunen eskubideak urratzea ahalbidetuko duela uste dute Nafarroako euskalgintzako kideek. Euskararen Legeak eremu misto eta ez-euskaldun bezala definitzen dituen zonaldeetako lanpostu publikoetan euskararen ezagutzaren balorazioa ez derrigortzeak, hizkuntza eskubideak urratzeko bidea irekiko duela iragarri dute, hartara. Halaber, administrazioaren zerbitzu zentralen notifikazio eta komunikazioetan, errotuloetan, iragarki eta errepideetako señalizazioan elebitasuna ez derrigortzeko erabakiak paisaia linguistikoan eragina izango dula aurreikusten dute.

Egoera guzti honen oinarrian Euskararen Legea dagoela azpimarratu zuen atzo Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko lehendakariak, JANren ebazpena jakiterakoan. “Tamalez, ez da Nafarroako Auzitegiak euskaldunon eskubideen aurka hartzen duen lehen erabakia eta, beraz, ez gaitu harritu”, jakinarazi zuen komunikatu baten bitartez. “Halere, oso argi uzten du egungo Euskararen Legeak horrelako ebazpenei atea zabaltzen diela”.

Ildo beretik, Agurne Gaubeka Behatokiko lehendakariak ere Euskararen Lege berri baten beharra azpimarratu zuen. “Eskubideak murrizten dituen legea da, dagoeneko eskubideak urratzen dituen beste lege baten zirrikituak balia-tzen dituena. Foru dekretuak irekiak zituen ateak horrelako arauak ateratzeko”.

Elkarbizitzaren kontra Kontseiluko eledunak gogorarazi nahi izan zuen, halaber, egungo lege-koadroak ahalbidetzen dituela halako erabakiak: “Aurreko legegintzaldian euskararen lege berri baten ezaugarriak aurkeztu genituen Nafarroako Parlamentuan. Azpimarratu genuen indarrean dagoen legeak irakurketa murritzak ahalbidetzen zituela, eta hona hemen horren adibidea. Ez dago gizarte kohesionatua, justua eta berdin-tzalea eraikitzerik legeak herritarrak diskriminatzen dituen bitartean”.

“Erabaki hauek elkarbizitzaren kontra doaz”, adierazi zuen argi, bere aldetik, Euskaltzaleen Topaguneko Nafarroako ordezkari den Ospar Zapatak. “Bi hizkuntza komunitate elkarbitzen ari gara, anaiak gara, eta zentzu horretan gauza hauek min handia eragiten dute, errespetu falta izugarria erakusten dute. Ingelesa euskararen gainetik baloratzea errespetu falta izugarria da auzokideekiko”.

“Horrelakoek”, gehitu zuen Gaubekak, “nafar herritarrak berdintasunik, kohesiorik eta, azken finean, justiziarik gabe uzten ditu”.

Epaiaren arabera, euskara ofizial ez den guneetan kokatutako zerbi-tzu zentralei dagokienez, euskararen erabilera ezingo da derrigortu. “Argi gera dadila epaiak ez duela euskararen erabilera debekatzen”, adierazi zuen Kontseiluko ordezkariak. “Hartara, Gobernuak borondatea izanez gero, lasai aski para ditzake euskaraz idazkiak, komunikazioak, bide-seinaleak etab. Azpimarratu nahi dugu epaiak berak onartzen duela elebitasuna hautazkoa izan daitekeela. Beraz, Gobernuak ez du oztopo juridikorik zerbitzu zentraletan ere euskararen erabilera bermatzeko”.

“Legeak aitortzen du herritarrek administraziora bere hizkuntzan jotzeko eskubidea daukatela”, nabarmendu zuen Behatokiko ordezkariak “baina, bestalde, hori bermatuko duen neurririk ez direla hartuko erabakitzen du. Esango didazu nola joko duzun administraziora aurrean duzunak ez bazaitu ulertuko”.

UGT-ri kritika zorrotzaNafarroako Auzitegi Nagusiaren erabakia ez da harrigarria suertatu, alta, ez Kontseiluarentzat, Topagunearen-tzat eta Behatokiarentzat ere. Hortik harago, UGT sindikatuak egindako helegitea zorrotz kritikatu dute hiru erakundeek. Bilbaok, sindikatuak “UPN-k historikoki izan duen euskararen kontrako obsesioa” bere egin duela azpimarratu zuen atzo. “Ze kalte egiten dio langile bati paisaia linguistikoa edo dokumentu administratiboak ere elebiz egoteak?”.

Topaguneko ordezkariak, halaber, “hausnarketarako” deialdia egin zien sindikatukoei. “Nola demontre iritsiko gara benetan akordio sozio-politiko batera euskararen sustapena lortzeko? Denok esaten dute euskara sustatu nahi dutela. Baina egin dutena, hain zuzen hori ekiditeko ekintza bat izan da. Hausnarketa bat eskatuko nioke UGT-ri: gauza hauek ezin dira norbere jendea babesteko eragin, askoz gehiago dago jokoan. Euskararen biziberritzea ona da Nafarroarentzat, aberastasuna dakarkio. Noiz jarriko gara ados? Hau ez da onargarria”.

Ausardia, Nafarroako Gobernuari Nafarroako Justizia Auzitegiak hartutako erabakiak, berez, ez du euskararen erabilera debekatzen, baina administrazioaren esku uzten du euskara erabiltzearen erabakia. Horren aurrean, Nafarroako Gobernuari “ausardiaz” ekiteko deia egin zieten atzokoan hiru erakundeetako ordezkariek. “Nafar herritar guztien eskubideak defendatzea eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari” adierazi zuen Gaubekak, eta bat egin zuen harekin Bilbaok ere: “Kontseiluko ordezkariak azken eskaera egin dio Gobernuari “Badakigu, bai, auzitegiak ez ditugula aldeko izaten, halere, herritarren eskubideak muturreraino defendatu behar ditu Gobernuak, eta beraz, kasazio-helegitea tarteratzeko eskatu nahi diogu”.

“Nafarroako Gobernuak”, gehitu zuen bere aldetik Zapatak, “horrelako egoerak ez gertatzeko erabakiak hartu beharko ditu”.