Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak ezberdinen arteko bizikidetza sustatzera bideratutako politika publikoak indartuko ditu, Bizikidetzaren, Memoriaren eta Giza Eskubideen Lehen Planarekin; zuzendaritza nagusi berri baten bidez Nafarroak atzerrian duen irudia sendotuko du eta, errealitate soziolinguistikoa errespetatuz, herritar guztien eskubideak bermatuko dituen hizkuntza-politika bultzatuko du. Hala jaso da Ana Ollo Hualdek zuzentzen duen departamentuaren aurrekontuan. 14.138.436 eurokoa 2020. urterako, hau da, aurreko aurrekontu-ekitaldian baino ia %14 gehiago.

Memoria duten eskolak

Hala, departamentuak Bizikidetzaren, Memoriaren eta Giza Eskubideen zeharkako politikak sustatzen jarraituko du, eta 2015ean sortutako Zuzendaritza Nagusia egonkortuko da. Horretarako, 2.716.137 euroko aurrekontua izango du, iazko ekitaldian baino 600.000 euro gehiago, alegia. Agintaldi honen barruan, nobedade nagusietako bat da Nafarroako Bizikidetzaren lehen plan estrategikoa idatziko dela. 80.000 euro bideratuko dira plana idatzi eta martxan jartzeko.

"Memoria duten eskolak, bakearen eta bizikidetzaren alde" programa lan-ildo nagusitzat finkatuko da, eta 290.000 euroko aurrekontua izango du. Hala, programa hedatu, eta Nafarroako ikastetxeei memoria historikoa, azken hamarkadetako memoria eta bizikidetzarekin lotutako jarduerak eskainiko dizkie, belaunaldiz belaunaldi memoria transmititzen jarraitzeko.

Memoria Historikoari lotuta, Zuzendaritza Nagusiak nafarren erbestealdiaren gaineko partida zehatza sortuko du, prozesuaren 80. urtemuga baliatuz, hainbat jarduera sustatzeko asmoz; esaterako, erbestealdiari buruzko kongresua, ahozko lekukotasunak berreskuratzeko proiektua eta erakusketa-proposamen zabala. Horrez gain, ekintza hauek proposatu dira: Nafarroako Politologoen eta Soziologoen Elkargoarekin hitzarmen bat sinatzea txostenak egiteko, sinbolo frankistak kentzea, DNA bankua sortzea, memoriaren dokumentu-funtsa egitea, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin hitzarmen espezifikoak egitea eta gaiaren gainean sentsibilizatzeko lehiaketak edo txapelketak edo jarduera zehatzak antolatzea. Aurrekontuak aurreikusten du Rozalejoko Markesaren Jauregian urte anitzeko inbertsioa egitea, eraikina egokitu, eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren egoitza bertan kokatzeko.

Nafarroa atzerrian eta Next estrategia

Sortu berri den Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak ia milioi eta erdiko aurrekontua izango du Nafarroako Gobernuak Bruselan duen ordezkaritzaren kudeaketa hobetzeko. Horretarako, partida espezifikoak xehatuko dira, Europan jarduten duten Nafarroako enpresa eta erakundeei emandako babesa indartuko da, eta kanpoan bizi diren nafarrentzako NEXT estrategia irmoki sustatuko da. Ekintza horiek bultzatzeko, 125.000 euroko partida bat aurreikusi da.

Zuzendaritza Nagusiak elkargunerako foro iraunkorrak antolatuko ditu, Nafarroako eragileei laguntzeko asmoz, eta beste eskualdeetan edo atzerrian dauden Nafarroako etxeentzat eta Nafarroako eskualde-etxeentzat diru-laguntzetarako deialdiak ere ezarriko ditu, kanpoan bizi diren nafarrenganako harremanak sendotzeko. Eskualdearteko lankidetza sortzeko helburuz, Zuzendaritza Nagusiak Euroeskualdea eta Pirinioetako Konferentzia Atlantikoa eremuen alde apustu egin du, besteak beste. Partida zehatzak aurreikusi dira, halaber, nazioartean ordezkaritza duten ekitaldi instituzionalak antolatzeko, Nafarroak atzerrian zer irudi duen aztertzeko eta Europar Batasuneko politikak sustatzeko.

Euskara eta gazteria

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoak 4.498.047 euroko aurrekontua izango du, herritar guztien eskubideak bermatuko dituen hizkuntza-politika sustatzeko. Ildo horretatik, hizkuntza-politika planifikatzen, ebaluatzen eta koordinatzen jarraituko du, Euskararen II. Plan Estrategikoaren baitan.

Orobat, gazteriari lotutako partidak indartu dira, etorkizunerako baliotzat hartuta. Hala, hainbat ekimenek partida zehatzak izango dituzte; esate baterako, Sarean Euskaraz ekimenak 100.000 euroko aurrekontua jasoko du. Institutuak berrantolatu egin ditu biztanleen artean euskararen erabilera sustatzeko partidak, eta Euskarabidearen aholkularitza-lanetarako aurrekontua indartu du, administrazioan euskararen erabilera bultzatzeko. Helduen artean euskara ikasteko eskaria igotzen ari dela ikusita, Euskarabideak arlo horretako partida zehatzak ere indartuko ditu: 200.000 euroko aurrekontua izango du osotara, helduentzako laguntzetarako.

Gainera, erreferentziazko erakundeekin urtez urte sinatzen dituen hitzarmenak mantenduko ditu Euskarabideak; erakunde horietako batzuk dira Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza eta Topagunea. Ildo beretik, euskararen gaineko sentsibilizazio eta sustapenerako politikak finantzatzen jarraituko dira, hizkuntza udal-eremuan zabaltzeko eta komunikabideetan erabilia izateko. Azkenik, egoitza berrira lekualdatzeko lanak finantzatuko dira. Lekualdaketa horri esker, unitate organikoak espazio bakarrean bildu, eta arlo horretako politika publikoak Iruñeko hirigunean kokatuko dira.