Hartzaren egoera hobetzen ari da Pirineotan. Frantziako bioaniztasunaren erakundearen arabera animalia hau ez dute oraindik osoki salbatu baina azken urteetan kopurua emendatzen ari da. Iaz, berrogeita hamabi hartz zenbatu zituzten, hau da aspaldiko zenbakirik handiena. Izan ere, har- tza desagertzeko zorian zegoen 1995ean bost baizik ez zirelako geldi-tzen, hogei bat 2010ean eta berrogeita hamar baino gehiago gaur egun. 1996-2006 bitartean Esloveniako zor-tzi hartz askatu dituzte Pirineotan, azkenak Sorita eta Claverina.

Duela bi urte, polemika eta tirabira ainitzen artean, helikoptero batekin Biarnoko mendietara eraman eta askatu zituzten. Artzain eta hautetsi gehienek, eta nekazarien sindikatuek ez dute batere begi onez ikusten erabakia eta horren aurkako mobilizazioak egin izan dituzte hartzak hamarnaka ardi hil izana deitoratzen baitute. Eta erasoak ez dira bakarrik basoan edo mendian gertatzen, behin hartz bat Nicolas Bengoetxea Larraineko artzainaren etxaldetik berrehun metrotan ibili zen eta. Beren aldetik animalia honen aldekoek Cannelle dute gogoan oraindik, 2004ko azaroaren lehenean Biarnoko ehiztari batek Pirineotako azken hartz emea tiroz hil zuen.

Gaur egun, berrogeita hamabi hartz Pirineotan dabiltzala segurtatzeko 1.433 detaile aurkitu eta aztertu dituzte: ilea, arrastoak, gorotzak, beste abereen aurkako erasoak edo lortutako bideo eta argazkiak. Bi azken horiek oso gutxitan lortzen dituzte baina urte batez beren kopurua bikoiztu da eta honela 2019an hartzen berrogei argazki eta bideo bildu ahal izan dituzte. Txostenaren egileek aspaldiko partez eme eta arren kopurua berdindu dela azpimarratzen dute: 23 eme, 22 ar eta oraindik zehaztu gabeko zazpi hartz. Bestalde, azken urteetan ibiltzen diren eremua bikoiztu da gero eta ekialderago eta mendebalderago dabiltza eta. Adituen arabera, bi ar, bi eme eta bi hartz kume bizi dira Zuberoa, Nafarroa Garaia, Aragoi eta Pirineo Garaiak eskualdeetan eta beste berrogeita sei Argeles Gazost, Arango ibarra eta Ipar Katalunia artean.

Cachou, bost urteko hartz arra, hilda aurkitu zuten duela hilabete bat Les herrian, Arango ibarrean. Baziren zenbait egun lepoan zeukan GPSa ez zela gehiago mugi-tzen. Bartzelonako unibertsitateak egindako lehen ikerketen arabera, baliteke Goiat hartzak Cachou eraso eta hil izana. Hil baino lehen zauriak jasan zituen buruaren ezkerraldean, lepoan eta belarri baten azpian eta gero berrogei metroko erorketa egin zuen. Goiat deitutako arra 2016an askatu zuten Katalunian eta geroztik oso ezagun bilakatu da leporatzen zaizkion mota guztietako abereen aurkako erasoak direla eta. Hainbat behor hil ondoren Goiat harrapatu eta Pirineotatik kentzea aztertu izan dute ere Arango ibarreko agintariek. Duela gutxi, beste hartz bat bizirik gabe aurkitu zuten ere Cervera de Pisuergan eta Gaztela Leongo Diputazioak hilotza Valladolidera eraman du bertan azterketak egin ditzaten. Kantabria, Palentzia eta Leon aldean 30-40 hartz daude eta beste berrehun bat Asturias, Leon eta Lugo aldean. Duela egun batzuk hartz bat grabatu zuten Ourense erdiko oihan batean. Adituen arabera berri aipagarria da azken 150 urteetan bertan horrelakorik ez baitzen ikusi.

Azken egunetan, herritarrek itxialdia hasi dutelarik hartzak neguko loalditik atera dira. Nathan Birrien argazkilariak hartutako irudiak oso ezagunak bilakatu dira sarean. Izan ere, elurrez estalitako mendi kasko baten gainean Goiat ibiltzen ikusteko zoriona izan zuen argazkilari naturazaleak.