- San Fermin Ikastolako Batxilergoko 1. mailako ikasleek ikerketa interesgarria burutu dute azken hilabeteotan Elhuyar Zientzia Azokak urtero bultzatzen duen ekimenaren baitan. Zientzia Aplikatuak ikasgaiko 6 ikasle ari dira zehazki egitasmoan eta Bilboko Ingenieritza Eskolako Ester Zuza ikertzailearen laguntzarekin aritu dira hezurreratarako euskarri biodegradarriak sortzeko ikerketa lantzen.

Hain zuzen hari esker lortu dituzte, ikerketa burutzeko gako nagusiak ez ezik, egitasmo hau aurrera eramateko ezinbestekoa zen materiala: polimero biodegradagarriak. Haiekin sortu nahi dituzte aipatutako hezurretarako euskarriak.

Giza ehunen ingeniaritzarekin erlazionatutako bi ikerketa burutu dituzte zehazki, hezurren birsorkuntzarekin harremana dutenak. Orain arte, hezur arazoak konpontzeko protesiak edo autoinjertoak erabili izan dira, baina teknika hauek hainbat desabantaila sortzen dituzte.

Horiek saihesteko azken urteetan teknika berriak garatzen ari dira, horien artean, hezurraren euskarri biodegradagarriak sortzea. Euskarri hauek hezur-matrizearen ezaugarriak imitatzen dituzte eta hauen helburua ondorengoa izango litzateke: hauek kaltetutako hezurrean ezarri eta hezur-ehun berria modu naturalean birsortzen doan bitartean dagokien funtzio biologikoak burutzea eta biodegradatzen joatea. Euskarri hauek polimero biodegradagarriak erabiliz ekoiztu daitezke solvent casting/particulate leaching teknika erabiliz.

Gure ikasleen ikerketetan aipatutako teknika erabili da polimero mota, gatz kantitatea eta moldeen tamaina aldatuz, ahalik eta euskarri porotsuena lortuko duten baldintzen bila. Horretarako, laborategian, esperimentazio lanak burutu dituzte baita txostena idatzi eta Elhuyar Azokan parte hartzeko beharrezkoa den bideoa grabatu ere.

Osotara bi hilabete inguru izan dituzte ikerketa egiteko eta apirila amaieran lan guztia bidali beharko dute.

Aurreko urteetan Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azoka Bilbon egin izan da, modu presentzial batean, baina aurtengo pandemia egoerak ez du hori ahalbidetuko eta beraz online egin beharko dute haien aurkezpena horretarako sortu dituzten bideoak baliatuz.

Iazko ikasturtean, Euskal Herriko Konfiantzaren Pedagogiako beste sei ikastolarekin batera, San Fermin Ikastola Reimagine Education Lab, Kataluniako hezkuntza kontsultorarekin lanean hasi zen, hezkun-tza eraldaketa prozesu sakon bat martxan jartzeko.

"Gero bat gugan" lelopean, prozesu eraldatzaile honen bitartez, etorkizuneko munduan planteatuko zaizkigun erronkei erantzun nahi dio gure ikastolak eta, bide horretan, azken hilabeteetan, hamaika ekimen eta lan talde antolatu ditugu amesteari tartea utziz: gurasoen taldeak, irakasle eta gainontzeko langileenak€ Bada, udaberritik aurrera, ikasleei iritsiko zaie amesteko aukera eta horretarako saio bereziak antolatuko ditugu Haur Hezkuntzatik hasita Batxilergora arte.

Prozesu honetan parte hartze zabala bermatu nahi dugunez (familiak, profesionalak, ikasleak€) eta, batez ere, aldaketa sakonak bilatu nahi dituen ibilibidea izango delako, aurtengo ikasturtea egitasmoa bera ezagutzera ematen eta etorkizunean nahiko genukeen ikastola amesten eta irudikatzen igaro nahi dugu. Hori da gure helburua.