2019ko urrian Tuterako Argia Ikastolaren eskutik Nafarroa Oinezaren lekukoa jaso zuenean Lizarra Ikastolak ez zuen zetorrenaren susmo txikienik ere. Tuterako ikastolaren egun handia izan zen hartan lekukoa zirraraz eta urduritasunez esku artean heldu zutenean, Iosu Sueskun zuzendariak eta Unai Gardoki lehendakariak bestaren antolakuntzaren erronka “gogorra baina oso polita” izanen zela aurreratu zuten. Urtebeteko lana izan behar zuenak bi urteko lasterketa luzean bilakatu da, alta.

Ibilbide honetan antolatzaileek hartutako erabaki tristeena iazko besta bertan behera uztearena izan zen, hare tristeagoa kontutan izanda ikastolaren 50. urteurrenaren ospakizunaren amaiera bikaina izan behar zuelako. Baina ez zegoen beste aukerarik. Testuinguruak hala behartu zuen. Hala ere, indarrik eta bultzadarik galdu gabe, lortu dute bestaren antolakuntza bere helmugara eramatea eta, azkenean, iritsi da egun handia. Egun handiak, hobe errateko. Izan ere, igandera bakarrik ez besta eguna asteburu osora luzatzea erabaki dute lizarratarrek.

Bestaren aurkezpenean argitu moduan, ikastolarentzat “ez da etenik egon” ekimena aurrera atera-tzeko bide horretan. Hitzordua ez da aurrekoak bezalakoa izango. Koronabirusari lotutako murrizketen desagerpenak Nafarroa Oinez antolatzaileentzat berri ona izan bazen ere, horrek jardueren antolaketa erraztu duelako, asteburu horretan burutsu jokatzeko deia egin dute: “Errespetua eta zuhur-tzia ezinbestekoak izango dira. Festara etortzen diren guztiek oso argi izan beharko dute zein den egoera eta tentuz ibili”. “Aurten, inoiz baino gehiago, oso garrantzitsua izango da festan parte hartuko dutenek arduraz joka dezaten. Azpimarratu beharra dago ‘Ongi pasatu, pasatu gabe’ leloa. Bakoitzak bere burua, ondoan dituenak eta, jakina, inguru giroa errespetatu behar ditu. Hala eginez gero, segurtasun propioa zein besteena bermatuta egongo da”, adierazi dute.

Modu honetan, jardunaldi bakarrean izan ordez, besta bi egunetan zehar gauzatuko da, aurreikusitako ekintzak larunbata eta igandearen artean banatuz; urriaren 16 eta 17an, alegia. Gainera, aurten ez da gune guztiak zeharkatuko dituen ohiko ibilbiderik egongo ez eta sarrerarik ere, hortaz, Nafarroa Oinezera hurbiltzen direnak hiriko puntu desberdinetan libreki mugitu ahalko dira. Guzti hau, jendetza ekiditeko xedearekin. Informazio puntuei funtzio berri bat emango zaie bertan kokatuko baitira ibilbiderako sarreretan egon ohi diren kutxak. Hartara, nahi duen orok bere ekarpena egin ahalko du jarduera programa gauzatuko den eremuetan barna topatuko dituzten 5 informazio puntutan.

Lizarrako Nafarroa Oinezen egitaraua hiriko zazpi espazio ezberdinetan burutuko da. Urriaren 16an, larunbatarekin, Foru eta Santiago enparantzetan eta urriaren 17an, igandearekin, ikastola, Los Llanos parkea, Remontival pilotalekua, zezen plaza eta Los Llanos Kulturaguneko lorategiak batuko dira.

Laguntzeko beste moduak Aurtengo jaiak formatu txikia izango du, “apalagoa, xumeagoa izango den Nafarroa Oinez, baina ehunka laguntzaileek eta boluntarioek ilusio eta maitasun handiz antolatutakoa, etengabe aldakorra izan den egoerara egokitzeko gai den hezkuntza proiektu baten alde eginez”. Lizarra Ikastolako zuzendariak baita lehendakariak ere argi daukate: “Honako hau ikastolek babesten duten auzolanaren isla da, baita euskal kultura eta hizkuntza zabaltzeko duten eran-tzukizunarena ere”.

Halaber, osasun egoeraren ondorioz, aurtengo ekitaldiak ezinbestean formatu txikia izango duenez, jaiaren parte izateko eta laguntzeko beste modu batzuk zabaldu dituzte Lizarra Ikastolakoek. Hala, ikastola lagundu nahi duen orori, www.nafarroaoinez.eus webgunearen bitartez ekarpen ekonomikoa egiteko gonbita luzatu zaio, ospakizunaren bitartez lortu nahi zen helburuetako bat eskuratu ahal izateko.