017-an, Mediterraneo Erdialdeko egoera tragikoa ikusita, erakundeei eta boluntario askori esker, AITA MARI- Maydayterraneo itsas salbamendu proiektua abian jartzea erabaki zen, Mediterraneoko migrazio krisiaren aurrean, ezin dugu jendea alde batera utzi noraezean.

Atargi ikastetxeko 5. eta 6. mailako ikasleak Aita Mari itsasontziarekin harremanetan egon gara, urrian eta azaroan beraiekin zuzeneko konexioak egin ditugularik. Guztira 76 ikasle egon gara beraiekin hartu-emanetan hainbat egunetan.

Hasiera batean jarrita genituen datak ezin izan genituen bete, batetik, uste ez zituzten lanak suertatu zitzaizkielako eta bestetik konexio arazoak zituztelako.

Aita Mari erreskate-ontzia barrutik ezagutu, bertan lan egiten duten boluntarioekin elkarrizketak izan eta egiten ari diren lan izugarria hurbiletik ezagutu dugu.

Aita Mari itsasontziak erreskate-misioak egiten ditu Mediterraneoko uretan; gerratik, gosetetik edo zapalkuntzatik ihesi, datozen pertsonen bizia salbatuz. Azken misio honetan, Mediterraneo itsasoko uharterik handienaren inguruan ibili dira eta 105 pertsona erreskatatu dituzte, Trapani-ko portura eramanez. Horietatik 22 adingabekoak izan dira. Salbamendu taldeak adierazi duen bezala, orain ohe ziur eta lehor batean atseden hartzeko aukera izango dute, lehen aldiz azken asteetan.

Ez da lan erraza izan, izan ere, 6 egun itxaron behar izan dituzte lehorreratzeko baimena lortu arte, Italiako gobernuaren hainbat ezezko jaso dituztelarik. Horretaz gain, berrogeialdian egon behar izan dira, 16 pertsonek positibo eman dutelako Covid-aren probetan. Guztiak asintomatikoak izan dira eta ongi daudela jakin izan dugu.

Atargi eskolako ikasleentzat oso esperientzia polita izan da lan hau bertatik bertara ezagutzea. Itsasontziko kapitainarekin eta beste tripulazioarekin luze aritu gara berriketan eta genituen zalantza guztiak argitu dizkigute. Deigarria egin zaigu itsasontzian ospitale txiki bat zutela eta edozein egoerari aurre egiteko prest daudela: haurdunaldiak, alergiak, erredurak... Hain zuzen ere azken hau da gehien izaten duten larrialdia, pertsona askok erregaia eta ur gaziaren nahasketaren ondorioz, azaleko erredurak jasaten dituzte. Aipatzekoa da bertako medikua gure ikaskide baten aitona dela.

Aurrera begira gure asmoa beraiekin harremanetan jarraitzea da, egiten ari diren lana ezagutzeko eta jendeari ere honen berri emateko. Ikasleek jakinmin handia adierazi dute itsasontzi honek egiten duen lanagatik.

Orain etxera itzultzeko unea iritsi zaie, esan digute bidai luzea izango dutela, gainera eguraldi txarraren iragarpenak dituzte, astebete nabigatzen pasa ondoren Valentziako portura iritsiko dira.

Berriro ere egun batzuen ostean hurrengo misioa prestatzera ekingo diotela aitortu digute. 1.852 metro, milia nautiko bat da. Bizitzaren eta heriotzaren arteko tartea izan daitekeen distantzia.

Jakin badakigu lan bikaina eta beharrezkoa egiten ari direla Aita Mari itsasontziko boluntario guztiak, hala ere, gustatuko litzaiguke mundu mailan bizitzen ari garen egoera larri honekin behingoz amaitzea eta horrelako egoera tragikorik gehiago inork ez bizitzea.