IRUÑEA. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Ateneoak antolatuta, aurtengo euskarazko hitzaldien zikloak Euskal kanta tradizionalak gaur egungo ikuspegitik gaia izango du oinarritzat. Bihartik ostirala bitartean aurreikusitako hitzaldiak arratsaldeko 19.30etan izango dira, Erraldoien Txokoan (Descalzos kalea, 72).

Zikloa Jose Ignazio Ansorena Minerren hitzaldi batekin hasiko da, bihar. Ansorenak Tradiziozko euskal kantuen zakua. Zer dago barruan? izenpean datorren hi-tzaldia eskainiko du. Hartara, euskal musikaren tradizioa eta kanpotik jasotako eraginak azalduko ditu hizlariak.

Filosofia eta letretan lizentziatua, Ansorena musikari, txistulari eta folklorezale errekonozitua da, baita Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo hirukotearen funda-tzaile eta partaidea ere.

Asteartean Pako Aristi idazle, kazetari eta musikariaren txanda izango da. Euskal kantagintzaren historia. Iparragirretik Ken Zazpiraino: euskal musikaren eztanda luzea hitzaldiaren eskutik, kantagintzaren bilakaera historikoaz etakultura baten daukan berezko kantuen beharraz hitz egingo du Aristik.

Kazetaritzan lizentziatua, hizlariak jada landua duen gaia du hau, izan ere 1985ean Euskal kantaginza berria argitaratu zuen, euskal musikari buruzko kazetaritza kronika.

Nafarroako bi balada mota: Belateko lapurrak eta Urtsuak zazpi leiho hitzaldia eskainiko da asteazkenean, filologoa eta herri literaturan aditua den Jabier Kalzakorta Elorzaren eskutik. Literatura eta musikaren arteko loturak ezagutzera emango ditu Kalzakortak, Nafarroako bi balada azter-tzearekin batera. XIX eta XX. mende hasiera abesten zen Belateko lapurren bertsoak izango da bat, Lantzeko lau anaia lapurren exekuzioa kontatzen duena. Bigarren baladari dagokionez, Urtsuak zazpi lehio, Euskal Herri osoko baladarik misteriotsuenetariko bat dela adierazi dute hitzaldiaren antolatzaileek, protagonistatzat Baztango Urtsuako jauna eta Baxenafarroako Lantainako alaba dituena.

Euskara irakasle, kantari, an-tzerkilari eta Euskara Kultur Erakundeko zuzendari den Pantxoa Etchegoinek Euskal kantua hitz eta soinuz hitzaldia emango du ostegunean. Hizlariak adierazi izan duenez, kantuak leku berezia dauka euskal gizarte eta poesian. Etchegoinek kantuen munduaren barruko soinu bidaia bat proposatzen du, bere historiari berrikusi bat emateko helburuarekin. Hartara, hitzaldia musikarekin emango da.

Euskarazko hitzaldi zikloari bukaera emateko, Iruñeko Planetarioan eskainiko den kontzertua antolatu da. Iturri zaharretik izenpean, Beñat Achiary perkusio jole eta abeslaria eta Philippe de Ezkurra akordeoilaria izango dira oholtza gainean egongo diren musikariak.

Euskal kantagintzako abesti tradizional batzuk eskaintzeaz gain, musikariek egungo testuetan oinarritutako lanak ere erakutsiko dituzte. Testu horien artean, Josean Artze, Bernardo Atxaga edota Henriette Airerenak aurkitzen dira, besteak beste.

Achiary Baionako Kontserbatorioko ahots teknika irakaslea da, eta inprobisazioaren arloan Europako abeslaririk hoberenetarikoa bezala onartua dago. Philippe Ezkurrari dagokionez, Baionako kontserbatorio berdinean akordeoi irakaslea da.