donostia
Kasualitatea K-z hasten da, Kalakan legetxe. Kalitatea ere K-z hasten da, Kalakan legetxe. Kalitatea, kasualitatea eta Kalakan batu eta istorio harrigarri bat daukagu esku artean, bizitzak gutxitan eskaintzen duen kiribildu horietakoa. Hiru musikarik osatzen dute Kalakan, eta azkenaldian nahikoa matraka eman dute Madonnarekin batera egiten ari diren mundu bira dela eta. Hori dena jakina da, baina, nortzuk osatzen dute taldea? Nola hasi ziren? Zer nolako musika egiten dute?
2009ko azken hilabeteetan sortu zen Kalakan. "Ravel-en Bolero pieza ezagunaren bertsio bat emaiten genuen Katia eta Marielle Labeque pianista ospetsuekin. Sortzez hendaiarrak diren ahizpek kontzertu guzietan 15 minutuko saio bat uzten ziguten eta guk txalaparta jotzen genuen eta kantu herrikoi bat emaiten. Hori dena oso berria zen gure-tzat eta hortan abiatu zen akustikoki jotzeko nahikeria", dio Kalakan taldeko Thierry Biscary-k. Sorkuntzan ari zirela hara non deskubritu zuten bazutela beste dohai bat: kantu tradizionalak in-terpretatzeko duten manera.
Hasieran bi ziren (Biscary eta Jamixel Bereau), Triki Traka taldearekin beste horrenbeste disko grabatu zituztela. Beranduago sartu zen Xan Errotabehere. "Jamixelek belarri zorrotzak eta 15 urteko esperientzia ekarri dizkigu; kantari ona izateaz gain perkusionista fina da. Xan, berriz, perfekzionista da, musika tresna guztiak jotzeko gaitasuna du. Txistulari ezagutu nuen eta orain kantari, perkusionista, atabalari, baxu jole... izugarria da! Nik kantatzeko pasionea ekarri dut eta txalapartarekin ikasi dudan filosofia", azaltzen du Biscaryk.
Hizkuntzari eta erritmoari atxikiak, akapela abesten dute gehienetan, hitza musika gisa baliatzen dutela. Beti euskal kantu zaharren arrastoan. Horrela agertzen du Thierryk: "Kantu tradizionalak gaurko maneran edo, hobeki erran, gure maneran emaiten ditugu. 30-35 urteko mutilak gara eta kantu zaharrak izanik ere ez ditugu moda xaharrean emaiten ahal, beste musika mota frango gure belarrietan sartu baita. Tradizioa traizioa izan liteke batzuetan".
Gauza berriak egiteko gogo itzela du Iparraldeko hirukoteak, eta behin eta berriz azpimarratzen dute kontu hori: "Gaurko gizarteak erritmoa eskatzen du, aniztasuna. Horregatik ditugu perkusioak gehitzen kantu tradizionalari. Bestalde, ordenagailu edo telefonoen bidez errexki ezagutu ditugu mundu bestaldeko doinuak. Horrela ditugu brasileko gorputz teknika batzuk ezagutu, ikasi eta gure moldera eman. Indian erabiltzen den Shruti box musika tresna erabiltzen dugu baita. Nahitarat eta zentzu osoz hautatu dugu. Fun-tsean, horretan da gakoa: tradizionea ezagutzen dugu eta aske senti-tzen gara, kreolak baigara, euskaldun frantses amerikanoak".
Akapela kantatzeak ere badu bere zergatia. "Delibero hori hartu ge-nuen Europako kontzertu areto ederrenetan mikrofonorik gabe kantatzen genuelako. Hor ohartu ginen 2.000 presuneko entzulego bat errexki hunkitzen genuela, nahiz eta entzuleek tutik ulertu ez. Orduz geroz uste dugu kantatzeko lekuak berriz asmatu behar ditugula Euskal Herrian. Akapela kanta-tzeak abestia baloratzen du, zuzenki emana baizaio entzuleari. Berak nahi bagaitu entzun hurbildu behar da, bere belarriak luzatu behar ditu, bere ingurukoak isildu behar dira. Horrek guziak giro propio bat sortzen du. Entzule batzuk zure aitzinean negarrez ikusten dituzularik, zerbaiten seinale da. Harreman naturalagoa sortzen da kantari eta entzuleen artean".
Txalaparta da taldearen musika-tresna nagusia, baina danbor berezi batzuk ere erabiltzen dituzte. "Alsaziako Remy Malher-ek Baigorriko elizaren organo erraldoia egiteaz gain, gure danborrak egin ditu. Danboril gisako danbor potoloagoak manatu dizkiogu, baigenekien soinu sakonago bat emanen zutela. Gurean horrelako danborrak eskas dira, eta argi geneukan ez genuela baxu elektrikorik ez eta bateriarik erabili nahi: sortzeko gaitasuna betebeharretik heldu da".
madonnarekin Joan den udan Labeque ahizpen etxera hurbildu zen Madonna eta hantxe ezagutu zituen Kalakanekoak. "Bolero-a elkarrekin eman genion eta gure errepertorioko kantu batzuk ere bai. Txalaparta jo genuelarik, be-rehala jotzen saiatu zen bera ere", azaltzen du Thierryk. Euskarazko hitz gutxi batzuk ere ikasi zituen enkontru labur baina bizi hartan: "Arrunt laketu zen iduriz, zeren eta gaualdi horretan proposatu baizigun berarekin munduko giran joaitea. Orduan ez genuen sinesten", gogoratzen du.
Hiru hilabeteko entsegu gogorren ostean sei kontzertu eman dituzte, baina mundu bira hasi baino ez da egin. Madonnarekin batera jotzen duten euskal kanta, sagarra jo, sua mendi sikuan legetxe hedatu da sare sozialetan, baina Kalakaneko hiru kideak trumoi hori urrunetik entzuten dute. "Interneteko sare sozialetan berria zabaldu da iduriz, bainan ez dugu aipatzen duzun zaparrada neurtzen. Bira gertatu artio Hegoaldeko hedabide gehienek ez gintuzten ezagutzen. Harrigarria iduritzen zaigu hau dena".
"Ongi etorri New Yorkera". Horrela agurtu zituen Madonnak, eta hortik aurrera lan eta lan egin behar izan dute. "Egunero ikusten dugu eta gure harremana oso sinplea da, zuzena, egiatia. Orain espero dugun gauza bakarra da mundu osoan kontzertuak emaiten segitzea. Eta gero gure disko berria prestatzeaz gain, gure asmoa litzateke beste kolaborazio batzuk martxan jartzea".
Pentsaezina zena egia bilakatu da musikarientzat. Batzuetan kimerak ere erdietsi daitezkeelako. Jakina, kimera era K-z hasten da.