Lagunarteko bazkari bat. Giro jatorra, hau eta hura hartuta hizpide. Euskaradunak dira batzuk, beste batzuk ez. Denak donostiarrak, ordea; edo Donostia ingurukoak. Karreradunak dira, profesio liberala dute guztiek. Solasaren hariak, jira-buelta askoren ondoren, euskara eta euskal kultura ekarri ditu jardunaren matazara. Berotzen hasi dira hark eta honek euskal kulturaz ulertzen dutenaren kausaz eta bazkaltiar baten ateraldiak gasolina bota du ordu arte sutxo bat baino ez zenera: "Para mí vuestra trixa o como se llame?" Beste batek, hiraz gorri, 'trixa' trikitixa dela. Lehendabizikoak berean segitzen du: "Para mí vuestra trikitixa o como se llame es un un instrumento tan ajeno y lejano como un gusli ruso". Ez dago kontatu beharrik nolakoa izan zen ondorengo zalaparta.
Trikitixarena ez da, jakina, iceberg baten erpina erakusten duen adibide bat baino.
Azter dezagun labur-labur sesioaren piztaileak hasieran botatakoa. Lehenik eta behin, "vuestra" dago. Distantzia eta posizioa markatu beharra, bestearen munduarekin (euskal munduarekin). Zuek eta ni; zuek hor eta ni hemen. Bigarrenik, "vuestra 'trixa' o como se llame". Sarkasmoa eta erdeinua, axolagabekeria, mespretxua, herra. Indartsuak ahulari, aberatsak pobreari, kultura hedatu batetik gizajo analfabetoari goitik behera begiratzeko modu mingarri hori. Azkenik, konparazioa: "instrumento tan ajeno y lejano como un 'gusli' ruso". Euskal tresnaren izena ez baleki bezala egin du, baina primeran gogoratzen da hemengo jende askok inoiz en-tzun ez duen tresna errusiarraren izenaz. Bata bestea bezain arrotz urrutikoa omen zaizkio. Biak dira arrotz urritikoak, oso arrotz urrutikoak -eta izoztuta daude, Mosku egunotan bezala- bere bihotzean, hunkiduraren barne-muinetan. Ez dago trikitixa zalea izan beharrik -ni ez naiz- esaldiaren atzean dagoena ulertzeko.
Mespretxua aipatu dut. Baina dena mespretxua da?
Burura datorkidan bigarren esplikazioak -ezjakintasunarenak eta jakin-min faltarenak- gehiago arduratzen nau: ez gaituzte ikusi nahi, ala sakonean gertatzen dena da ez gaituztela ikusten? Gaitz zaharra da. Kronikoa. Donostia bezalako hiri batean horrelakoak gertatzen badira -eta gertatzen dira-, komunitate bateko hainbat jendek hain gutxi baldi badaki besteak egiten duenaz, sekulakoa da komunikazioren defizita, zubien falta. Parean gaude, ondoan, ukondoz ukondo. Baina herritar dezentek ez gaitu ikusten. Edo ikusten diguten apurra aurreiritziez eta topikoez josita dago. Euskadi profundako espezimenak gara. Euskararen eremukoak. Modernitateari bizkarra emanda bizi garenak. Gure lurraldea ekonomikoki aurreratua baita, susmoa dut espresio horrek bilduko lituzkeen ezaugarriak euskararen (askoren irudiko, inkulturaren) eremuetan bilatu beharko genituzkeela nagusiki. Euskararen eta aber-tzaletasunaren arteko berdinketa interesatuak ere mesede handirik ez.
Baina gure ikusgarritasunaz kexatzeaz gainera (eta badago zertaz kexaturik), hausnartu beharko genuke ikustarazten dugunaz ere. Areago: bigarrena dezentez produktiboagoa da euskal kulturarentzat.